INFO

Arxuriko lepoan parapenterako egin behar zen pistaren proiektua gelditu du Baztango Udalak

Arxuriko lepoan parapentea bultzatzeko egitasmoa ez da egingo, Baztango Udalak diru-laguntzari uko egin baitio gaur egin duen Plenoan. Baztango Independenteak taldeak jarrera aldatu du eta egitasmoaren kontra bozkatu du gaur. Sara eta Zugarramurdin haserrea piztu zuen proiektu honek.

Arxuriko lepoa. (GOOGLE MAPS)

Arxuriko lepoan egin behar zen parapentea bultzatzeko proiektua atzera bota du Baztango Udaleko osoko bilkurak. EH Bilduren eta Baztango Independenteen taldeko sei zinegotziek egin dute egitasmoaren kontra (talde bakoitzeko zinegotzi bana falta izan da). Zurekin Baztan, UPN eta Geroa Bai taldeetako zinegotziek, berriz, abstentziora jo dute eta ez da egitasmoaren aldeko botorik izan.

Baztango alkate Fernando Anbustegik NAIZi baieztatu dionez, bozketa honekin bertan behera gelditzen da egitasmoa, Baztango Udalaren oniritzia beharrezkoa baitzen. Izen ere, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan Geroa Baik 45.000 euroko diru-laguntza lortu zuen Arxuriko leporaino parapente eta delta hegalekin ibiltzen direnak errazago heltzeko bide bat egiteko. Orain, Baztango Udalak diru-laguntza horri uko egin dio eta ez da egitasmoa burutuko.

Gaur izan den bozketan gaia Baztango Udaleko Plenoan aztertu zenetik aldaketa nabarmena izan da. Irailaren 28ko batzarrean, EH Bilduk egitasmo hau gelditzeko mozioa aurkeztu zuen, eta beste talde guztiek aurka egin zuten, proiektua babestuz. Ordutik hona, iritzia aldatu du Baztango Independenteak taldeak, egitasmoaren aurka azaldu diren Zugarramurdi eta Sarako bizilagunekin bildu ondoren. Izan ere, duela bi aste babestu zuen egitasmoaren kontra egin du gaur.

Haserrea Sara eta Zugarramurdin

Sara eta Zugarramurdin haserrea piztu zuen egitasmo honek. Irungo enpresa pribatu baten mesedetan diru publikoa erabiltzeaz gain, ingurunean sortuko lituzkeen kalteak nabarmendu zituzten. Arxuriko lepoa «Disneyland Paris» bihurtuko zela salatu zuten agerraldi batean.

Arxuriko lepoa Baztango lurretan kokatzen bada ere, Sara eta Zugarramurdiko biztanleengandik gertuago dago.

Baztango Alkatetza duen EH Bilduren iritziz arazo bat zen Arxuriko lepoko egitasmoa. Anbustegik duela aste pare bat nabarmentzen zuenez, «ezin da ulertu Baztan kanpotik etorri diren eta gure borondatearen gainetik inposatu diren egitasmoak salatzea, Aroztegia edo Erdiz bezala, eta Baztandik albokoei parapentearena inposatzea».

«Zorionez, afera amaitu da», nabarmendu du Baztango alkateak.