INFO

Austriarrak Hernanin: segaren larre zabalak bertatik bertara ikusteko eta gozatzeko dema

«Azkar eta ondo, usoak hegan», dio esaldi zaharrak. Eta sega kontuan ere, azkar baino egoki aritzeak eman zien garaipena euskal kirolariei, Austriako selekzioko kideen aurka Hernanin izandako desafioan. Emaitzaz harago, elkar ezagutzea eta esperientzi trukea izan zen saririk handiena.


«Segalariok mundu txiki batean ibiltzen gara, Euskal Herrira begiratuta; baina Europara irten garenean, segalaritza askoz arlo zabalagoa dela ikusteko aukera izan dugu, beste ikuspuntu batetik. Perspektiba hori Euskal Herrira ekartzea eta hemengo jendeak ikustea kanpoan ere badirela segalariak, eta onak gainera, garrantzitsua zen guretzat», azaldu zigun Alaitz Imazek, joan den larunbatean Euskal Herriko eta Austriako segalariekin Hernaniko Jauregi jatetxeko belardian lehiatu zen hernialdetarrak. Garaipena etxean geratu zen, 339 kiloko aldeaz. Balentria handia, lehiakideen maila ikusita; baina hori ia gutxienekoa izan zen kirolarientzat. Gainera, «orokorrean irabazi genuen, ze nesketan sekulako egurra eman ziguten austriarrek, eta gero gure mutilek buelta eman ahal izan zioten», esan zuen.

Bikoteka aritu ziren bi taldeak, Luixa Uzkudun eta Alaitz Imaz euskaldunak Viktoria Fritzen eta Gerti Bärnthalerren aurka, austriarrak hogei minutuko lanean; eta Mikel Lizartza-Oier Urkola, Franz Erbschwendtner eta Hannes Loiperdinger nesken lana bikoiztuz (40 minutu). «Esperientzia oso aberasgarria izan da eta zain-zain ginen, zeren guretzat oso berezia da Europako segalariak guregana etortzea, eta gainera dauden segalaririk onenak. Oraintxe Austria da mailarik gorenean. Aurtengo Europako txapelketan, gizonetan eta emakumeen aurreneko sariak Austriara joan dira, eta gaur egun diren eta onenen aurka aritzea, ba, berezia izan da, bai». Publiko zabalarentzat erabat izen ezezagunak diren arren, Viktoria Fritz eta Franz Erbschwendtner Europan laugarren izandako segalariak dira, eta kontinentean maila horretan ez da edonor aritzen. Alde horretatik, gainerakoen eskarmentuaren aurrean, Hannes Loiperdinger hasiberri samarra da lan hauetan, eta hortik etorri omen zitekeen, hein handi batean, euskaldunei azken garaipena eman zien gizonezkoen buelta.

Lan luzea

Baina, batez ere, euskaldunen erara aritzea izan zen etxekoen garaipenaren giltzarria. «Austriarrak nazioarteko eran aritzen dira, hau da sprint modalitatean. Eta Euskal Herrian lan luzeagoetan aritzen gara. Gainera, gurean ebakitako belar kiloak pisatu egiten dira, eta nazioarteko eran ez; txukuntasuna eta azkartasuna kontuan hartzen dira, baina kiloak ez. Pisatze horrek atentzioa deitzen die, eta sekulako gogoa zuten gurea probatzeko. Oraingo honetan austriarrak etorri dira, baina beste herrialde batzuetatik ere etorri eta probatzeko gogoz daudela esan digute».

Tresnei dagokionez, aizkorekin gertatu zen antzeko zerbait gertatu dela azaldu zigun Alaitz Imazek. Eta lehiaketetan aizkora australiarrak gailendu diren bezala, sega austriarrekin aritzen dira gaur egungo segalari gehien-gehienak. «Gu ez gara euskal segarekin aritzen; Fux etxea austriarra da eta Europan segalari ia guztiak etxe horretako segarekin aritzen gara. Hori bai, bakoitzak sega bere erara moldatzen du eta, sega bera izan arren, angelutan-eta alde handiak egoten dira. Elkarren segak probatu genituen, eta oso desberdinak dira. Baina probatzea ere polita izan zen». Oier Urkolak aditzera eman zuenez, «austriarrek beso indarra asko erabiltzen dute, eta lan luzeetarako fisikoki horri eustea oso zaila da 40 minututan. Guk gerria gehiago aprobetxatzen dugu».

Gonbidatu desatsegina

Egunari bainaren bat jartzekotan, azken aste luzeetan egin ez duen beharrezko euri hori justu lehiaketa hastera zihoanean erori zela Hernani inguruan, ikusleentzat desatsegina izanik eta kirolariei lanak zailduz. Nolanahi ere, dema aparteko arazorik gabe jokatu zen.

Eta behin aurreiritziak botatzen hasita, segaren inguruan ikuspegi baikor batekin amaitu zuen Alaitz Imazek: «Oraintxe neska dezente gabiltza. 10etik gora, heldu mailan lehiatzen ari garenak. Eta gero, gaztetxotan, neska askoz gehiago daude, dozena bat bai, oraindik nagusitan lehiatzen ez direnak. Talde nahiko polita gabiltza». Itxuraz, herri kirolak modan jartzen ari dira. «Harriarekin eta aizkoran dabiltzan gehienak crossfitetik datoz, baina segan ez da halakorik. Hemen ikastea zailagoa da: norbait behar duzu erakusteko, lanabesak prestatzeko, belaze bat... Horretan lan handia egiten ari da Joxe Gabirondo, bere eskolarekin Gaztelun». Bejondeiola.