INFO

Laborantza lursail baten salmenta espekulatiboa geldiarazi du Lurzaindiak

Lurzaindia elkarteak agerraldi bikoitza antolatu du asteazken goiz honetan Baionan eta Makean laborantza lursail baten salmenta espekulatiboa geldiarazi duela Senperen jakitera emateko.

Ttotte Elizondo eta Dominique Amestoy, notarioaren bulegotik irtetzen, Polizia kanpoan dagoela. (Guillaume FAUVEAU)

Lurzaindia elkarteak agerraldi bikoitza antolatu du asteazken goiz honetan Baionan eta Makean gozamenik gabeko formulapean laborantza lursailaren salmenta saiakera berri baten inguruko informazioa emateko.

Makeako eroslea laborantza lurra erostekotan zen Senperen. Zehazki, lau hektareako lursaila eta etxebizitza baten salmenta gauzatzekotan zen bezeroa gozamenik gabeko formula baliaturik.

Dominique Amestoy Lurzandia elkarteko burua eta Totte Elizondo laborari urruñarra salerosketa operazioa kudeatu duen notarioaren bulegoan sartu dira asteazken goiz honetan.

Horren aurretik, Baionako Euskaldunen Plazan bildutako lagunen eta hedabideen aintzinean salmenta espekulatibo hori salatu dute.

Notarioarekin mintzatu ostean atera dira karrikara aipaturiko ekintzaile bi, Polizia kanpoan zain zutela. Gaur gaurkoz aipaturiko transakzioa bertan behera gelditu dela jakitera eman dute.

Atzo, urriaren 17arekin, jakin zuen notarioak Makeako erosleak gibelera egiteko erabakia hartua zuela «okupazio baten lanjera zelakoan».

Karrikatik bada ere ekintza babestu duten herritarren aurrean mintzo, urratsaren garrantzia nabarmendu du Amestoyk.

Izan ere, behin salerosketa geldituta, lanean jarraitu beharko dutela aipaturiko lur saila aurrerantzean ere laborantzarako erabilia izanen dela bermatzeko oharrarazi du.

ELB sindikatuak, Lurzaindia elkarleak, lurrak erostekotan zen makearrak, Senpereko lur sail eta etxaldearen saltzaileak eta notarioak «salmenta beste era batean gauzatzeko» aukerak aztertzeko  hitzordua finkatu dute.

Laborantza lurren galerari aurre egiteko lan egiten duen Safer egiturari ere elkarrizketa horren berri eman diotela jakitera eman dute Lurzaindiako kideek.

Safer berak edo ELB sindikatuak ahal luketela lurra hoiek erosi, aurreratu dute Lurzaindiako ordezkariek. Beti ere, prezio espekulatiboa baztertuz.

Makeako auzapezaren hitzak

«Garrantzitsua da horrelako egoeretan mobilizatzen segitzea, hemengo jendea ere sistema horretan sartzen dela ikusten baitugu», azaldu du, bere aldetik, Makeako auzapezak.

«Jokabide horiek onartezinak direla erakutsi nahi diet herritarre» gaineratu du Alain Duboisek, ‘Mediabask’ hedabideak jaso duenez.

Hautetsiak zuzenean deia luzatu dio Saferri laborantzako lurren gainean eskua har dezan.

30 bat laborari bildu dira gaur goizean Makeako plazan Lurzaindiarekin batera ELB sindikatuak eta Ostia sareak babestu duten elkarretaratzean.