INFO

Villalibrek gehiago jokatu nahiko luke, baina Guruzeta bikain ari dela nabarmendu du

Gernikako aurrelariak azpimarratu duenez, iazko denboraldi hasierarekin alderatuta, aurten taldearen «parte» sentitzen da. Aulkitik atera ondoren izan bada ere, partida gehienetan jokatu duela nabarmendu du. Unai Egiluz erdiko atzelariak lehen taldearekin entrenatu du.

Asier Villalibre denboraldi aurrean Lezaman entrenatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Athletic bolada onari jarraipena emateko gogotsu joango da igandean Bartzelonara. Asier Villalibrek Lezaman egindako agerraldi onartu duen bezala, badakite oso zaila izango dela talde kataluniarraren etxean puntuak ateratzea. 2001ean lortu zuten azken garaipena zuri-gorriek Bartzelonari Ligan egindako bisitan. Espanyolen aurka hogei urte baino gegiago zeramatzaren irabazi gabe, 1998tik hain zuzen ere, eta iazko denboraldian eman zioten lehorte horri amaiera.

Camp Noun eraldaketa lanak egiten ari dira eta igandeko partida Montjuicen jokatuko da. Villalibreren iritziz, aukera aprobetxatu beharra dago zelai berrira egokitu beharra zuri-gorrien aldekoa izan daitekeelako. «Camp Nou oso handia egiten da, baloia hartzen dute eta euren menpe egoten zara», aitortu du. Bartzelonak goi mailako jokalariak dituela gogora ekarri du, baina futbolari guztiek bi hanka dituztela eta hiru puntuak lortzea posible dela uste du.

Gakoa, goian presioa ondo egitea eta defentsan akatsik ez egitea izango dela azaldu du. Aldi berean, gol egiteko izan ditzaketen aukera apurretan asmatu beharra izango dutela aipatu. Gogoratu dioten bezala, bere ibilbideko golik garrantzitsuena Bartzelonaren kontra egin zuen Superkopa irabazi zuten finalean.

Gernikako aurrelariarentzat, Athletic iaz baino eraginkorragoa izaten ari da erasoan eta Gorka Guruzeta ematen ari den maila bikaina nabarmendu du. «Sekulakoa da egin duen denboraldi hasiera», onartu du. Donostiarrak lau gol egin ditu lehen bederatzi jardunaldietan eta postu bat bereganatu du hamaikakoetan. Guruzetak goian jokatzeak, baliabide gehiago eskaintzen dizkio taldeari eta Iñaki Williamsentzat ere onuragarria izan da. Bederatzi zenbakiak ere lau gol egin ditu. Ghanako selekzioarekin egon da azken astean eta atzo galdu egin zuten AEBtako selekzioaren kontra (4-0).

Villalibrek gehiago jokatu nahiko lukeela aitortu du, futbolari guztiek bezala. Bost partidatan parte hartu du eta, guztietan, aulkitik atera da bigarren zatian. Gol bat egitea ere lortu zuen Cadizen kontrako norgehiagokan. Argi dauka, minutu gehiago izatea dela bere helburua. Eta horretarako, entrenamenduetan lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Joan den denboraldian utzita joan zen Alavesera neguko merkatuan. Gutxi jokatzen ari baitzen Athleticen. Aurten, egoera ezberdina dela esan du. Taldearen «parte» sentitzen da, partida gehienetan jokatzen ari delako. Ziurtatu duenez, udan ez du beste talde batera joateko asmorik izan. Athleticek, eta jokalariak berak, talde zuri-gorrian leku bat izan dezakeela uste baitute.

Unai Egiluz, lehen taldearekin

Yerayren lesioak hanka motz utzi du Athleticen atzeko lerroa. Barakaldokoa hilabete pare bat egon daiteke jokatu gabe. Hala ere, Villalibrek komentatu duenez aldagelan konfiantza daukate harrobian. Gogoratu duen bezala, Aitor Paredesek beren maila erakutsi du eta Lezamara begiratu beharra dago.

Ernesto Valverdek Unai Egiluz durangarra igo du lehen taldearekin entrenatzera. Denboraldi aurrean lagunarteko partida batzuk jokatu ditu eta liga hasieran deialdi batzuetan sartu zen Yeray lesionaturik zegoelako. 21 urte ditu eta ohikoa da Gurpegiren Bilbao Athleticen hamaikakoetan.

Egiluz Mexikon egindako biran izan zen denboraldi aurrean. (@AthleticClub)
Egiluz Mexikon egindako biran izan zen denboraldi aurrean. (@AthleticClub)

Bestalde, Iñigo Ruiz de Galarretak taldekideekin batera bete du lan saioa bigarren egunez. Esan daiteke, Eibarko erdilaria Bartzelonaren aurka jokatzeko prest egongo dela. Nico Williamsek eta Vesgak, aldiz, entrenamenduaren lehen zatian parte hartu dute eta ikusteke dago partida egunerako guztiz osatuko diren.