INFO

Amiantoaren inguruko «erantzukizunak argitzea» eskatu du Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak

Aste honetan berrireki dituzte amiantoak kutsatuta zeuden CAF Beasaingo hiru pabiloiak. Enpresa batzordeak salatu duenez, «argi geratu da» administrazioaren protokoloek ez dutela bermatzen amiantoa kentzea segurtasun osoz. «Erantzukizunak argitzea» eskatu dute.

Mobilizazioa eta agerraldia egin dute CAFeko langileek ostegun honetan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

CAF Beasaingo langileek amiantoaren kutsaduraren egoeraren aurrean «erantzukizunak argitzea» eskatu dute. Diotenez, «argi geratu da administrazioak ezarritako protokoloek huts egin dutela eta ez dutela bermatzen amiantoa kentzea segurtasun osoz, ingurumen-neurketak egiteak ez baitu balio amiantoarekin kutsatutako inguruneak detektatzeko».

Abuztuan amianto kutsaduragatik hiru pabiloi itxi ostean, substantzia honen arrastorik ez dagoela azalduta, berriz ireki ditu enpresak aste honetan. Horren aurrean, langileek mobilizazioa egin dute ostegun honetan.

Gogorarazi dutenez, 2023. urtean 300 langile egon dira amiantoaren eraginpean lanean eta enpresa honetan lan egindako 60 pertsona hil dira honen kalteen ondorioz, «baina errealitatean segur aski askoz gehiago izango dira».

Honela laburbildu dute egoera: «Enpresak behin eta berriz esan du ahal duen guztia egin duela egoera aldatzeko, baina argi daukagu zuzendaritzak neurri gehigarriak hartu baditu langile eta Enpresa Batzordearen presioagatik izan dela. Egoera honen hasieratik, Batzordeak bultzatu ditu neurri gehienak, eta horri esker esposizioa ez da handiagoa izan. Ez zuzendaritzaren jarrerak ez Osalan-enak ez lukete gertatutakoa saihestuko».

Diotenez, enpresa izan zen «guztiz zikinak» zeuden pabiloietan beharginak lanera sartzearen arduraduna eta zuzendaritzak gaiari ihes egiten diola salatu dute, amiantoa kentzeko enpresak ezarritako protokoloa jarraitu duela esan duelako, baita Osalanek markatutako protokoloak jarraitu dituela ere.

«CAF da bere plantillaren osasuna zaindu behar duena, eta, beraz, hain prozesu korapilatsuan zalantzarik txikienaren aurrean, zuhurtasun-printzipioa nagusitu behar zen. Ez dakigu non geratzen den hainbeste goraipatutako ‘prebentzio kultura’», adierazi dute batzordetik.

Bestalde, nabe hauetan, azpikontratatutakoak barne, amiantoa kentzeko lanetan egon diren pertsona guztiak gai horren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan sartzea exijitu dute