INFO

Sindikatuek bat egin dute Gernika-Palestina ekimenak larunbaterako deitutako mobilizazioarekin

ELA, LAB, ESK, Nafarroako eta EAEko CCOO, UGT, Steilas, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek bat egin dute Gernika-Palestina ekimenak larunbatean Donostian deitu duen manifestazioarekin. Zenbait sindikatuk elkarretaratzea egin dute Bilbon Israeli «sarraski estrategiarekin» amaitzea eskatzeko.

Sindikatuek ostegun honetan Bilbon egindako kontzentrazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gernika-Palestina ekimen herritarrak plazaratutako mobilizazio deialdiak atxikimenduak biltzen jarraitzen du. ELA, LAB, ESK, Nafarroako eta EAEko CCOO, UGT, Steilas, EHNE, Etxalde, CGT eta Solidari sindikatuek bat egin dute larunbatean Donostian egingo den manifestazioarekin, eta parte hartzera deitu dute.

«Palestinako egoera egunetik egunera okerrera doa», adierazi dute deialdia egin dutenek ohar baten bidez. «Gazarako giza laguntzari bide ematea eta eraso guztiekin berehala amaitzea ezinbestekoa da. Sarraski honi amaiera eman behar zaio», berretsi dute.

Gazan bizitzen ari diren egoeraren aurrean, «herritarrok ezin gara begira geratu» nabarmendu dute. Eta «konponbidearen alde modu masiboan mobilizatzea sekula baino garrantzitsuagoa» dela iritzi dute, larunbateko mobilizazioa bide horretan kokatuz. «Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu».

Horregatik, atxikimenduak biltzen eta deialdia ahalik eta gehien zabaltzeko deia luzatu nahi izan dute beste behin Euskal Herriko norbanako zein eragile sozial eta politikoei. «Nazioarteko komunitateari dei egiten diogu konponbidearen alde lan egin dezan, eta nahitaezkoa da horretarako elkarrizketari bide ematea, okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea».

Elkarretaratzea Bilbon

Bestalde, CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Bilbon, Israel «sarraski estrategiarekin» eta «Palestinaren okupazioarekin» amaitzea, negoziazio eta elkarrizketa bat abian jar dadila, nazioarteko komunitatearen babespean, eta «Palestinak estatu propioa sortzeko duen zilegitasuna» onar dezala eskatzeko.

Moyua plazan mobilizatu dira ‘Okupazioari ez. Palestina libre’ lelopean eta Palestinako bandera handi batekin. Ohartarazi dutenez, Palestinako herriak «elkartasuna behar du, baina, batez ere, irtenbideak» genozidioa gelditzeko.

Sindikatu deitzaileen ordezkari gisa, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du elkarretaratze honekin euskal sindikatuek babesa eta elkartasuna adierazi nahi diotela Palestinako herriari. Azaldu duenez, sindikatu palestinarrek «nazioarteko elkartasunak duen garrantzia» helarazi diete, «gelditu ahal izateko eta Israelgo Estatuari mezu argi bat bidaltzeko, oraintxe bertan erabiltzen ari den indarkeria-espiral hori gelditzeko».

Aranburuk adierazi duenez, Gazako Zerrendan ez ezik, «Israelgo Estatu osoan ere eraso bortitzak jasaten ari da komunitate palestinarra», eta, salatu duenez, «kasu askotan, langileak basatiki hiltzen ari dira beren lanpostuetara joaten direnean». Ildo horretan, gogorarazi du ostegun hau ere «greba orokorreko eguna» dela Zisjordanian, eta, beraz, euskal sindikatuek bat egiten dutela greba horren aldarrikapenekin.

Azkenik, adierazi du elkarretaratzean zeuden sindikatuek bat egingo dutela datozen egunetan egingo diren mobilizazioekin, eta, bereziki, datorren larunbatean Donostian ‘Gernika-Palestina’ herri ekimenak egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egin du, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta «Israelgo armadaren erasoen ondorioz» Gazan bizi den egoera «dramatikoa» salatzeko.

Steilasetik, Marije Etxebarriak beharrezkotzat jo du, Palestinako herriari elkartasuna adierazteaz gain, Israelera gerrako materialik ez bidaltzea; izan ere, ohartarazi duenez, «ekoizten eta bidaltzen jarraitzen badugu, horrek konplize egiten gaitu nolabait».