Baionako meskitan eta Biarritzeko aireportuan bonba mehatxu berriak
Bonba mehatxu faltsuak ugaritu dira azken egunetan frantziar Estatuan. Ipar Euskal Herrian, Biarritzeko aireportua hustu behar izan zuten herenegun. Gaur, berriro ere bonba mehatxua jaso dute. Biarritzen zabalik da polizia operazioa. Baionako meskitan amaitutzat eman dute.
Baionako Sinagogan urriaren 7an Hamasek burutu zuen erasoaldiaren ondorioz hil ziren herritar israeldarren aldeko elkartasun ekimena egin zuten.
Izan ere, gaur Baionako meskita jomugan hartu du ustezko «Frantzia askearen askapen fronteak». Talde ezezagun horrek sinatu baitu bomba mehatxua, France Bleu irratiak eman duen albistearen arabera. Hain zuzen irrati horretan jaso dute oharra.
«Lagun musulmandar, islamiar, salafista horiei» zuzendutako mezuan «bonba ongi egina da, tamaina txikia du, eta zaila izanen duzue atzematea», idatzi du mehatxuaren egileak.
Latxage karrika itxi du Poliziak gaur goizean prebentzio gisa. Eguerditik aurrera, berriz ere ireki dute, bonba mehatxuari amaiera emanez.
Aireportuan, bigarrenez
Asteazken goizean Biarritzeko aireportua hustu behar izan zuten bonba mehatxua jaso ostean. Finean ez zen ezer aurkitu eta azpiegiturak bere jarduerarekin jarritu ahal izan zuen arratsaldeko lehen orduan. Gaur berriro ere bonba mehatxua jaso dute aireportuan. Bertan da Polizia. Prefeturak espero du ondoko orduetan operatiboa ixtea Biarritzen.
⚠️ Dans le cadre des mesures Vigipirate et suite à de nouvelles alertes, plusieurs levées de doute sont en cours dans le département :
— Préfet des Pyrénées-Atlantiques (@Prefet64) October 20, 2023
> à la mosquée de Bayonne (levée de doute achevée ✅️)
> à @AeroportPau (levée en cours 👮♂️)
> à @aeroportbiq (levée à venir 🕵♂️)
Orotara dozena bat aireportutan mehatxuak jaso zituzten asteazkenean, tartean Pauekoan ere bai. Aipaturiko mehatxuek gorabeherak eragin zituzten hegazkinen trafikoan.
Biarnoko aireportuaren kasuan atzo ere hustu egin behar izan zuten, bigarren abisua jaso zutelako. Gaur hirugarrena heldu da.
Azken astean hirutan itxi behar izan dute Versailleseko jauregia, Parisen, eta Louvreko museoaren jarduera ere baldintzatu du gehienetan mailez jasotako mehatxuen olatuaren baitan.
Frantses Estatuak terrorismoarengatik alerta piztu zuen joan zen ostiralean Arras hiriko lizeo batean ikasle ohi batek Dominique Bernard frantses irakaslea labankadaz hil ostean.
Eric Dupond-Moretti frantziar Justizia ministroak mehatxu horien atzean dauden pertsonei mezua zuzendu die atxilotuak eta zigortuak izanen direla esanez. «Sikosia eragiten dute horrelako abixuek», salatu zuen ministroak, gaur gaurkoz 20tik gora auzi zabalik daudela baieztatuz.