INFO

Unai Mendiburu nagusitu da Bizkaiko Bertsolari txapelketako laugarren kanporaketan

Erandioko Merkatu Zaharrean jokatu da igande honetako arratsaldean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa. Unai Mendiburuk irabazi du saioa, 472.5 punturekin, eta zuzenean sailkatu da Santurtziko finalaurrekora.

Unai Mendiburu, Erandioko kanporaketaren irabazlea. (BERTSOZALE)

Erandioko Merkatu Zaharra Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aterpe izan da igande honetan. Lan puntuagarri guztiak egin ostean, Unai Mendiburu izan da puntu gehien batu dituena: 472,5 puntu. Beraz, saioa irabaztearekin bat, Santurtziko finalaurrekora zuzenean sailkatu da algortarra, azaroaren 18an jokatuko dena.

Mendiburuz gain, Ander Sarriugarte Garcia, Garazi Navarro Ugarteburu, Igor Galarza Intxausti, Imanol Uria Albizuri eta Paule Ixiar Loizaga Legarra bertsolariak ere aritu dira areto beteari kantatzen. Puntuazioaren arabera izango dute bertsolariek hurrengo fasean kantatzeko aukera.

Honela geratu dira saioko puntuazioak: Unai Mendiburu nagusitu da 472,5 punturekin. Jarraian, sailkatu dira Imanol Uria (448,5 puntu), Paule Ixiar Loizaga (442,5 puntu), Igor Galarza (430,5 puntu), Ander Sarriugarte (419,5 puntu) eta Garazi Navarro (411,5).

Idoia Anzorandia Kareaga izan da gai-jartzaile. Epaile honako hauek aritu dira: Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egon da.

Hurrengo saioa Igorren izango da, hurrengo igandean, urriaren 29an, eta Aissa Intxausti, Asier Galarza, Eneko Aldana, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga eta Oihana Bartra bertsolariek hartuko dute parte.