INFO

Boliviako Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du Añezentzat, «genozidioa» leporatuta

Evo Moralesen aurkako Estatu kolpearen ostean presidente izendatu zuten Jeanine Añezi «genozidioa» egotzi dio Boliviako Fiskaltzak, 2019ko azaroan Sacaba eta Senkatako sarraskietan izan zuen arduragatik (20 pertsona hil zituzten, eta beste 200 zauritu). 30 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat.

Jeanine Añez, artxiboko irudi batean. (EUROPA PRESS | CONTACTO | XINHUA)

Juan Lanchinpa Boliviako fiskal nagusiak prentsaurreko batean jakitera eman duenez, amaitu dituzte Evo Moralesen aurkako Estatu kolpearen ondotik Cochabambako Sacaban eta El Altoko Senkatan 2019ko azaroan gertatu ziren sarraskien inguruko ikerketak. Hala, fiskalen batzordeek akusazioa aurkeztu dute auzitegietan.

Lanchipak azaldu du Sacaban (10) eta Senkatan (10) izandako heriotzengatik «30 urteko askatasun-gabetze zigorrarekin kondena-epaia ezartzea» eskatuko dela, «genozidioagatik», «giza eskubideen urraketa larriak» eta «exekuzio sumarioak» egon zirelako.

Akusatuen artean, Añez behin-behineko presidente izendatuaz gain, Luis Fernando Lopez, Arturo Murillo eta Victor Hugo Zamora Defentsa, Gobernu eta Hidrokarburo ministro ohiak eta Indar Armatuetako eta Poliziako hogeita hamar bat komandante ohi daude.

Sacaban, 2019ko azaroaren 15ean, militarrek eta poliziek manifestari talde baten aurka egindako ekintza bateratuan, Añezek «operatiboaren unean bertan Indar Armatuen goi-agintariarekin kontaktua izan zuela» uste du Fiskaltzak, eta ekintza horren «erabateko kontrola» bere gain hartu zuela.

Ministerio Publikoaren arabera, komandante militarrek eta polizialek talde espezializatuen parte-hartzea «agindu» zuten.

Era berean, urte horretako azaroaren 19an, Senkata inguruan, trantsizioko Gobernuaren aurkako «mobilizazio ugari» egiten ziren bitartean, ekintza militar eta polizial bateratua egin zen. Ondorioz, «arma eta gerra-munizioen eta ibilgailu mekanizatu blindatuen bidez neurriz kanpoko 31 errepresio-ekintza» gauzatu zirela «armarik gabeko manifestari zibilen» aurka.

Lopez, Murillo eta Zamora ministro ohiek «exekutatu» zuten operazioa, «Jeanine Añezen oniritziarekin, une horretan Estatuko segurtasun eta ordena indarren kontrol osoa baitzuen».

Fiskaltza Nagusiak, hasiera batean, Sacaba eta Senkata kasuengatik akusazio-proposamena Boliviako Parlamentura bidali zuen 2021eko abuztuan, Añezen aurkako erantzukizun-epaiketa jarrai dadin, agintari ohi gisa.

Hala ere, La Paz eta Cochabambako jurisdikzioetako bi auzitegik prozesu horiek ohiko bidetik jarraitzeko eskumena zutela adierazi zuten.

Iaz, 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Añezi, ‘Estatu Kolpea II’ deituriko kasuagatik. 2019an Evo Moralesen aurkako Estatu kolpearen ondotik, legez kanpo ondorengotza lerroan kokatzea leporatu zioten.

Añez bitarteko mandatari ohia 2021eko martxoan atxilotu zuten, eta gutxienez zazpi prozesu daude irekita haren aurka Justizia arruntean, bere abokatuen esanetan.