INFO

Jokin Arbek eta Mikel Mancisidorrek jokatuko dute Winter Series txapelketa

Arbe-Manci izango da Winter Serieseko zortzigarren bikotea. Makinarrak eta mutrikuarrak eraman dute Pro-am txapelketa eta horrekin, azken urteetan jende gehien erakarri duen torneoa jokatzeko txartela eskuratu dute. Cosme-Bailo hartu zuten mendean, Zumaian jokatutako finalean (15-12, 15-13).

Jokin Arbe eta Mikel Mancisidor, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta Iñaki Osa Goikoetxea puntistarekin. (GUK JAI ALAI)

Jokin Arbek eta Mikel Mancisidor ‘Manci’ izango dira Eusko Label Winter Series txapelketako zortzigarren bikotea. Merezitako saria eskuratu dute aurrelari markinarrak eta atzelari mutrikuarrak, astelehenean Zumaian jokatutako Pro-am txapelketako finala irabazita. Partidaren zati handienean aurretik izan dira gorriak baina neurketa berdindua izan da, emozioa izan du eta azken unera arte tentsio handikoa. Pilotazale ugari elkartu ziren Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Bai finalerdietan eta bai finalean bizitako giroarekin, bi astelehenetan balantze positiboa egiten duten antolakuntzatik, zesta-puntaren hazia berriz ereiten hasia den plazan.

Bikote gorriak elkar ondo ulertzen du kantxan. Modu armonizatuan jokatzen dute eta kualitate hori gakoa izan daiteke hauentzat, Winter Series bezalako txapelketa batean elkartzen diren eskarmentu handiko puntisten aurka. Arbe aurrera badoa, Manzi punpa-lasterrera jartzen da. Batak egiten dituen mugimenduen arabera mugitzen da bestea ere eta horrek asko esan nahi du frontoian. Manzik berak kantxa asko hartzen du, eta espazio asko bete. Fisikoki ere, maila bat gorago daude gorriak –mutrikuarrak udaberrian profesionalekin lehiatzeko aukera izan zuen, Lekeitioko txapelketa irabazi zuen, esaterako– baina hala ere, ez da kostatu gabeko garaipena izan.

Lehen seteko atsedenaldira aurretik iritsi dira Agirre eta Bailo (5-8). Atzelari nafarrak maila ona erakutsi du beste behin –apirilean Mutrikuko Elite txapelketa irabazita, Grand Slameko zirkuituan ere eskarmentu gehiago hartzeko aukera izan du–. Errebesez hanka-geldian botatzen du pilota eta eskumiz eman egiten dio, eta ezker pareta bilatu. Hamaikana berdindu ondoren, gorriek gehiago asmatu zuten aurrean eta 15-12 bukatu zen lehen seta.

Bigarrenean 6-3 jarri ziren aurretik Arbe eta Manci. Partida hautsi zitekeela zirudien, baina urdinek ez zuten etsi eta 8-8 berdindu zuten Zumaiako aurrelariak eta Noaingo atzelariak. Aurretik ere jarri ziren (8-9 eta 11-12). Markagailua alde zutela, sake falta egin zuen Cosmek (12-12) baina azken berdinketa bat ere izan da, hamairuna. Urduritasun handia bizi izan zen partidaren azken zati horretan eta huts batzuk ere izan ziren. Edonola ere, lehen setean bezala, ziurtasun gehiago erakutsi zuten momentu horietan gorriek eta 15-13 bukatu zen jokoa eta partida, bi setak gorriek irabazita.

Orduantxe askatu zituzten gorriek tentsio guztiak. Aurkariei bostekoa eman, legez agurtu eta besoan hartu eta goruntz altxa zuen Arbek Mancisidor atzelaria. Goi-mailako txapelketetan jokatzera ohituak daude biak eta ondo prestatzen dira eta berme bat dira Winter Series txapelketan. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Iñaki Osa Goikoetxea ‘Eraman Jai Alai’-ko pilotariak eman zien saria: Winter Seriesean jantziko duten elastiko laranja.

Arbe eta Manci B multzoan lehiatuko dira Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Gorkarekin batera, datorren astelehenean hasiko den Winterreko hirugarren edizioan.