INFO

Jon de Luis erdiko atzelaria lehen taldearekin eta Julen Agirrezabalaren zauria aurpegian

Subizatik, Osasunaren hirugarren taldetik, iritsi zen erdiko atzelari nafarra Lezamara udan. Bestalde, Vesga taldekideekin batera aritu da lan saioan. Yurik eta Herrerak, aldiz, ez dute parte hartu eta Julen Agirrezabalak min hartu du aurpegian kolpe baten ondorioz.

Jon de Luis atzelaria Osasunatik iritsi zen Lezamara udan. (@AthleticClub)

Athletic Valentziaren kontrako igandeko partida prestatzen hasi da Lezaman. Bartzelonaren aurka hamaikakoan egon ziren jokalariek barruko instalazioetan geratu dira eta gainontzekoak kanpoko zelaian egin dute lan saioa.

Jon de Luis defentsa izan da berritasun nagusia. 20 urteko erdiko atzelariak lehen taldearekin entrenatu du. 1,86 metro neurtzen ditu nafarrak eta ezkertia da. Bigarren RFEF mailako liderra den Bilbao Athleticen partida guztietan parte hartu du denboraldi honetan. Baloia atzetik jokatzen ateratzeko gaitasuna erakutsi du bigarren taldearekin. De Luis Berbintzanakoa da, Osasunaren hirugarren taldetik iritsi zen udan talde zuri-gorrira, eta 2026rarteko kontratua sinatu zuen. Hamar urtez aritu zen Taxoaren.

Yerayren lesioak utzitako hutsunea betetzeko proba ezberdinak egiten ari da Ernesto Valverde. Joan den astean Unai Egiluz durangarra igo zuen entrenatzera. Hala ere, gero ez zen Bartzelonarako deialdian sartu. Vivianek eta Paredesek osatu zuten atzeko lerroa hamaikakoan, eta Nolaskoain aulkian geratu zen. Zumaiarra erdilaria da, baina atzelari gisa moldatu daiteke.

Yurik eta Herrerak min hartu zuten Bartzelonaren aurka. Ezker hegaleko atzelariak kolpe bat dauka hankan eta erdilariak giharretako lesioa. Ez batak ez besteak ez du parte hartu gaurko entrenamenduak. Mikel Vesga, ordea, zelaira atera da taldekideekin. Ezin izan du azken jardunaldietan jokatu Alavesen kontrako derbian jasotako kolpe mingarri baten ondorioz.

Julen Agirrezablak min hartu du entrenamenduan. (@AthleticClub)
Julen Agirrezablak min hartu du entrenamenduan. (@AthleticClub)

Entrenamenduaren ostean, Athleticek mediku-txosten bat helarazi du Julen Agirrezabalak min hartu duela jakinaraziz. Atezain gazteak zauri handi bat egin du aurpegian kolpe bat jaso ondoren. Bigarren taldeko Alex Padilla lehen taldearekin arituko da entrenatzen, Agirrezabala osatu arte. Atezain gipuzkoarrak ez du minuturik jokatu aurtengo Ligan eta hurrengo astean Kopako partidan jokatzeko aukera izan zezakeen. Ikusteke dago Rubi talde kataluniarraren kontrako norgehiagorako prest egongo den. Datorren azaroaren 1ean, gaueko 21.30etatik aurrera, jokatuko da kanporaketa.

Premier League International Cup

21 urtez azpiko nazioarteko txapelketaren bigarren jardunaldian jokatu behar zen asteazken honetan, baina bertan behera geratu da talde zuri-gorriak ezin izan baitzuen astearte gauean hegazkinean bidaiatu Loiutik haize ufadengatik. Athleticek Everton taldearen aurka neurtzekoa zen Ingalaterran. Lehen partidan bana berdindu zuten Crystal Palace taldearen kontra Duñabeitia atzelariak egindako gol bati esker.

Carlos Gurpegik zuzentzen du taldea, eta 18 jokalarirekin osatu zuen taldea. Oier Gastesi eta Eric Gamen atezainak; defentsa osatzeko Erlantz Palacin, Miguel Barandalla, Aimar Duñabeitia eta Ander Fernandez eta zelai erdirako Alejandro Rego, Junior Bita, Peio Canales eta Javier Sola. Hegaletan zein erasoko postuetan aritzeko Luis Bilbao, Aingeru Olabarrieta, Iker Varela, Elijah Gift, Quicala Bari eta Ibai Asenjo deitu zituen, eta Iñigo Lopezek eta Asier Hierrok erdiko aurrelari postuan joka dezakete.

Bestalde, Peio Huestamendia erdilaria 17 urtez azpiko Munduko txapelketa jokatzeko deialdian sartu du Espainiako selekzioak.

Elijah Gift Crystal Palace taldearen aurkako norgehiagokan. (@AthleticClub)
Elijah Gift Crystal Palace taldearen aurkako norgehiagokan. (@AthleticClub)