INFO

Osasunak urtarrilaren 11n jokatuko du Superkopako finalerdia Bartzelonaren aurka

Urtarrilaren 11n, ostegunean, izango da neurketa (20.00etan). Saudi Arabian jokatuko dira partida guztiak Riadeko Al-Awwal Park zelaian. Finala igandean izango da, urtarrilaren 14an, ordu berean. Beste finalerdian Real Madrilek eta Atletico Madrilek neurtuko dituzte indarrak.

Osasunako jokalariak Granadaren aurka Sadarren jokatutako azken partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Osasunak urtarrilaren 11n, ostegunean, jokatuko du Superkopako finalerdia Bartzelonaren aurka, 20.00etan. Espainiako Futbol Federazioak asteazken honetan ezagutarazi ditu Saudi Arabian jokatuko diren partiden datak eta ordutegiak.

Superkopako lehen finalerdia urtarrilaren 10ean, asteazkenean, izango da: Real Madrilek eta Atletico de Madrilek neurtuko dituzte indarrak, 20.00etan. Hurrengo egunean, eta ordu berean, Jagoba Arrasateren taldearen txanda izango da.

Finalerdietako partida irabazten duten bi taldeek jokatuko dute finala aste horretako igandean, urtarrilaren 14an. Ordu berean izango da. Neurketa guztiak Riadeko Al-Awwal Park zelaian jokatuko dituzte.

Kataluniako taldea iaz lortutako garaikurra errepikatzen ahaleginduko da, eta gorritxoen aurka arituko dira, zeinak kopako txapeldunorde izanagatik lortu zuten Superkoparako txartela.

Taularen beste aldean daude Kopako garaikurra altxatu zuena –Real Madril–, eta ligako hirugarren sailkatua –Atletico de Madril–. Izan ere, Superkopa jokatzen dute Kopako finalera iritsi diren bi taldeek eta ligako lehen eta bigarren sailkatuek. Talde batek bi leku betez gero, ligako hirugarren sailkatutik aurrera betetzen dira geratzen diren tokiak.

10 urte Benito Villamarinen irabazi gabe

Ligara begira, Iruñeko taldeak igande honetan Betisen aurka neurtuko ditu indarrak Sevillan, 14.00etan. Osasunak ligan 10 urte daramatza Betisen zelaian irabazi gabe. Kopan, ordea, oroitzapen ona du Benito Villamarinen: iragan denboraldian final-laurdenetarako txartela lortu baitzuen birritan markagailua berdinduta eta penaltietan irabazita.

Joan den urtarrilaren 18an izan zen, eta tentsio handiko partida jokatu zuen Iruñako taldeak Betisen aurka. 1-0 galtzen zihoazela 91. minutuan David Garciak buruz sartutako golari esker luzapenera joan ziren. Bertan, Sevillako taldeak aldea handitzea lortu zuen 2-1, eta gorritxoek berriro ere markagailua iraultzea lortu zuten; Ruben Garciak egin zuen berdinketaren gola.

Hala, penaltietan, Sergio Herrera izan zen protagonista, Canalesek hamaika metroetatik botatako jaurtiketa geldituta.

Kopan ez bezala, ligan oso bestelakoa izan da jarduna; azken 10 urteetan iruindarrek ez baitute irabazterik lortu. Eta azken bost denboraldietan ez dute punturik bildu. 11 gol jaso dituzte eta bat bakarrik sartu.

2013-2014 denboraldian irabazi zuen azkeneko aldiz Osasunak Benito Villamarinen. 1-2 gailendu ziren nafarrak; Roberto Torresek sartu zuen lehenengoa, eta Jordi Figuerasek bere atean egin zuen bigarrena. Etxekoen gola Jorge Molinak sartu zuen.

Joan den ostiralean Sadarren denboraldiko estreinako garaipena lortu ostean, konfiantzaz joango dira Sevilla aldera Jagoba Arrasateren jokalariak. Are gehiago, kontuan hartuta, Iruñetik kanpo ondo moldatzen ari direla: Vigon, Valentzian eta Gasteizen irabazi egin zuten, eta Bernabeun eta Getaferen zelaian galdu.