INFO

Josu Mugikari, 1975ean Poliziak tiroz hildako gazteari, biktima izaera aitortuko dio Lakuak

Josu Mugika legazpiarrari biktima izaera aitortuko dio Lakuak datorren astean argitaratuko den txostenean. Horren berri eman, eta balorazioak egiteko agerraldia egin dute senide eta lagunek ostiral arratsalde honetan Legazpin.

Josu Mugikaren lagun eta senideak, Legazpin egin duten agerraldia biktima izaera aitortu diotela kontatzeko. (Jon Urbe | FOKU)

Poliziaren tiro baten ondorioz hil zen Josu Mugika 23 urte zituela Madrilen. 48 urte beranduago, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako Lakuako sailburuordetzat biktima izaera aitortu dio. 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostenaren baitan egin dio aitortza. Astelehenean aurkeztuko du Lakuak txosten osoa.

Txostenak dio giza eskubideen «ageriko urraketa den polizia-jarduera» baten biktima izan zela, Poliziaren tiroen eraginez hil baitzen. Eta egiletzari dagokionez, bertsio kontrajarriak badaude ere, Balorazio Batzordeak baloratu zuen argi dagoela atxiloketak egiteko jazarpen bat egon zela eta bertan polizia-agenteak zeudela.  Eta ondorioz, espainiar Estatuaren erantzukizuna, Poliziaren Kidego Orokorrarena hain zuzen ere, egiaztatuta dagoela jasotzen da.

Ostiral honetan, Legazpiko Chillidaren lantokian, elkartu dira bere senide, lagun eta kideak jasotako aitortzaren nondik norakoak azaldu, balorazioak egin eta eskakizun zehatzak mahaigaineratzeko. Maria Jesus Lezeta Mugikaren bikotekideak, Felix Egia hil zuten egunean berarekin zegoen kideak, eta Aitziber Ginek, bere ilobak, hartu dute hitza.

Egiak kontatu du Segoviako presoak irteteko lanean Mugikarekin batera zegoela, Madrilen bertan ezagutu zuten elkar, eta elkarrekin egun gutxi pasa bazituzten ere oroitzapen ona du: «Bere borondatea eta Euskal Herria askatzeko gogoa gogoratzen ditut. Franco gaixo zegoen, eta hil aurretik azkenetako ekintza izango zen gure ustez, ekintza izugarria, presoak askatzea». Eta gaineratu du, «oso pozik» jaso duela biktima izaera aitortuko diotenaren berria.

«Errealitatea, historiak kontatzen zuena ez izatearen susmoa etsigarria izan da»



Urte luzeak izan direla esan du Lezetak, egia ezagutzeko arrakastarik gabeko hamaika saiakera egin dituztelako: «Errealitatea, historiak kontatzen zuena ez izatearen susmoa etsigarria izan da». Ikerketa judizialik ez egin izana ere etsigarria izan dela gaineratu du. «Familiak ez du baztertzen Josuren hilketagatik Auzitegi Penalera jotzeko aukera, gaur egun indarrean dauden eta oraindik jazarri daitezkeen delitu-erantzukizunak ebazteko». Bestalde, agerraldian Lakuari eskatu diote Espainiako estatuko erakundeei ere biktima gisa aitortzeko urratsak emateko.

«Urte askoan bigarren mailako biktima»

Mugikaren iloba da Gine, eta berak hartu du hitza senideen izenean, balorazio «gazi-gozoa» eginez. Adierazi du urte askoan jo dituztela «bigarren mailako biktimatzat», eta gogorra izan dela prozesua. Hala ere, prozesuak hainbat gogoeta eragin dizkiela esan du, eta horietako lau aipatu ditu.

Batetik, Lakuari eskatu diote balorazio batzordeari bitarteko gehiago jartzeko, baliabide ekonomikoak eta humanoak, «hiru urteko prozesu eta itxaronaldi luzea izan da gurea», eta baita epeak zabaltzeko ere, kasu gehiago aztertu ahal izateko. Bigarrenik, beraien babesa adierazi die egoera antzekoan dauden herritarrei, eta «Estatu indarkeria jasan dutenei, egia eta justiziaren alde lanean jarraitzeko» deia zabaldu die.

Hunkiturik eskertu ditu 48 urte hauetan familiaren ondoan egon diren guztiak. Eta amaitzeko, osaba ekarri du gogora: «Gogoratu nahi dugu exekuzio bidegabea izan ordez, poliziak Josu atxilotu izan balu, gaur aukera izango genukeela ilobok gure osaba ezagutzeko eta berarekin batera bizi eta gozatzeko».

Balorazio batzordeak senideei helarazitako txostenean jasotzen du ikerketarako zenbait dokumentu ez dituela lortu, horietako batzuk dira, Prudencio Larrañagak, garai hartako Legazpiko alkateak ikusiriko Mugikaren argazkiak. Familiari jakinarazi zion «balez josita» zegoela gorpua. Mugikaren historia klinikoa eta autopsia ere eskatu zion batzordeak Madrilgo La Paz ospitaleari, baina ezezkoa jaso zuten «ez dago datu horiei lotutako dokumentaziorik». Agerraldian, nabarmendu dute zenbait dokumentu lortzea «oso zaila edo ezinezkoa» izan dela, eta beraz, Balorazio Batzordearen baliabideak aniztea oso garrantzitsua dela.

«Gogoratu nahi dugu exekuzio bidegabea izan ordez, poliziak Josu atxilotu izan balu, gaur aukera izango genukeela ilobok gure osaba ezagutzeko»

Hildako bat eta lau bertsio ofizial

1975eko uztailaren 30ean hil zuten Josu Mugika legazpiarra, diktadura frankistaren azken zatian. Baina bere senide eta lagunek abuztuaren laura arte ez zuten baieztapen ofizialik jaso. Senideak Zumarragara joan ziren, Poliziako Kidego Nagusiarenera, eta bertan esan zieten La Almudena hilerrian zegoela lurperatuta. Familiak hileta bat antolatu ahal izan zuen Legazpin, gorpurik gabe eta Guardia Zibilaren kontrol eta eragozpenekin; izan ere, Francoren aginduz gorpurik handik ezin zela atera esan zieten. Urte eta erdi beranduago lortu zuten Mugikaren gorpua berreskuratzea.

Ibilbide osoan zehar, lau «bertsio ofizial» igaro ziren komunikabide eta hizketaldietatik, eta 48 urte beranduago guztiak gezurtatu dira Balorazio Batzordeak eginiko eta Lakuak onartutako txostenarekin. Uztaileko arratsalde horretan Madrilera joan ziren Josu Mugika, Jose Maria Lara ‘Txepe’, Felix Egia eta Mikel Lejarza ‘El lobo’, azken hau poliziaren infiltratua, Segoviako espetxeko presoei ihes egiten laguntzeko. Ihes egingo zuten presoei dokumentazio faltasua emateko agiriak plastifikatzeko makina bat alokatu eta berriro autoan sartu zirenean, polizia atzetik zutela dumatu zuten, autotik atera eta korrika abiatu ziren ihesean, hasieran noraznko berean, eta gero bananduta.

Txostenak jasotzen duenaren baitan, poliziak kontatutakoarekin eraiki zen lehen bertsio ofiziala.
Gertakariaren gauean bertan, poliziaren deklarazioetan, agente batek kontatzen du poliziek airera bota zituztela pare bat tiro eta sakanabatu egin zirela gazteak. Agente bat Mugikaren atzetik joan zen, eta eta Mugikak inguraturik zegoela ikusita,  bere buruaz beste egin zuela tiro eginda, kontatu zuen.

Ez zuen luzaro iraun ordea bertsio horrek, abuztuaren lauaz geroztik, bigarren bertsio bat izan zen zabaldua: Mugikaren heriotza bihotz gelditze batek sortutakoa izan zela. 1978an Hordagok klandestinoki berargitartu zuen ‘Que se van’ liburuak Josu Mugika barne hartzen du «zuzenean indar errepresiboei aurre egin dieten Eusko Gudarien zerrendan», 16.zenbakia da. Eta hain zuzen ere, hirugarren bertsio ofizialak, ETAko militanteak ihesean zihoazela, poliziarekin tiroketa bat izan zuela jasotzen zuen, eta poliziak egindako tiro baten eraginez hil zela. Laugarren bertsioan, poliziek atxilotzea lortu zutela jasotzen da, eta atxilotu ostean ihes egiteko saiakeran tiro egin ziotela.

‘Txepe’ berehala atxilotu zuen poliziak, Felix Egiari Polizia Armatuko kide batek tiro egin zion sorbaldan, eta horrela atxilotu zuten. Mikel Lejarzak, ordea, jendearen artean kamuflatzea eta ihes egitea lortu zuen. Etxe batera sartu eta Zerbitzu Sekretuetako norbaiti deitu zion, eta handik egun batzuetara Ipar Euskal Herria agertu zen; gertakari horrek are gehiago handitu zituen polizia infiiltratua zenaren susmoa. Balorazio Batzordeak egindako ikerketan, poliziak berak aitortu zuen bazekitela infiltratu bat zegoela talde horren barruan, izan ere, CESEDek (garai hartako zerbitzu sekretuak) ere onartu zuen hori.