INFO

Aita Marik larunbatean erreskatatutako 112 pertsonak lehorreratu ditu Kalabrian

9 emakume, 84 gizon eta 19 adingabe, horietako 6 haur gazteak, onik iritsi dira Kalabriara Aita Marik bi operaziotan larunbatean erreskatatu ondoren. SMH erakundearen arabera «argi dago gatazka armatuak direla nahitaezko joan-etorriek arrazoi nagusietako bat».

Regio Calabrian (Italia) lehorreratu dira Aita Marik erreskatatutako 112 pertsonak. (@maydayterraneo)

Goizeko 11.30ak pasata, astelehen honetan Aita Mari erreskate ontzia kudeatzen duen Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) GKEak Reggio di Calabriako portuan lehorreratu ditu larunbatean egindako erreskatetik bizirik atera diren 112 pertsonak.

Ohar batean jakinarazi dutenez, lehorreratzea «normaltasunez eta arintasunez» egin da, eta «azpimarratzekoa da agintariek tripulazioa adeitasunez hartu dutela, eskerrak eta zorionak emanez egindako lan humanitarioagatik».

Azpimarratu dutenez, «sektore politiko batzuen diskurtsoak» gorabehera, «kudeaketa humanitarioaz edo pertsonei laguntzeaz arduratzen diren pertsonek itsas zabalean egiten den lan humanitarioa estimatzen dute, eta uste dugu ildo horretan gaudela herritar gehienak».

Bi erreskate operaziotan hartu zituzten 112 pertsona horiek, tartean 9 emakume, 84 gizon eta 19 adingabe, horietako 6 haur gazteak. GKEaren arabera, «ordu asko zeramatzaten itsasoan oso baldintza eskasetan eta hondoratzeko arrisku larrian».

Italiara iritsi berri diren migratzaileen artean Siria, Egipto, Irak, Bangladesh, Libia, Pakistan eta Palestina dira jatorri nagusiak. Hortaz, «argi dago gatazka armatuak direla nahitaezko joan-etorrien arrazoi nagusietako bat», esan dute.

«Berriro diogu, eta ez dugu uko egingo migrazio segurua ahalbidetuko duten korridore humanitarioak sortzeko beharra adierazteari. Aurten 2447 pertsona hil dira Mediterraneo erdialdean, iturri ofizialen arabera», salatu dute oharrean.

Halaber, Europako agintariei SAR (Search and Rescue) eremuetan «erantzukizuna har dezatela» eskatu diete, eta ez dezatela «merkataritza trukerik negoziatu demokraziarik ez dagoen estatuekin, ez itzultzeko printzipioa hausten baitute, Genevako errefuxiatuen hitzarmenaren arabera.

Avenida zubia

Igandean Irun eta Hendaia arteko Avenida zubiaren berrirekieraren harira, honakoa adierazi dute SMHtik: «Gaurtik aurrera, espero dezagun Poliziak egiten dituen kontrol arrazistak eta migratzaileen ehizaldia desagertzea, eta pertsonek beren bidezko mugimendu askatasuna erabiltzea, biktimak egoten jarraitu gabe».

Gainera, «bidegabekeria honen aurrean lehen lerroan borrokatzen duten herri plataforma eta elkarte guztiak» zoriondu dituzte, «zuzenbideko errekonkista honengatik».