INFO

‘Dimisioa’ ipuin liburua aurkeztu du Juan Luis Zabalak, adimen artifizialak agintea duen mundua

Juan Luis Zabalak ipuin liburu berria aurkeztu du, ‘Dimisioa’ izenburupean. Gizakiak amore eman, eta munduaren agintea adimen artifizialaren eta makinen esku utzi du. Mundu horretan kokatu ditu 15 ipuinak, guztiak dira independenteak eta, batez ere, pertsonen arteko gatazkak jasotzen ditu.

Astelehen goizean aurkeztu du Zabalak ‘Dimisioa’ ipuin liburua. (Andoni Canellada | FOKU)

Gizakiek dimititu egin dute eta munduaren aginte osoa adimen artifizialaren esku utzi, testuinguru horretan kokatzen dira Juan Luis Zabalak astelehen goizean aurkeztu duen ipuin liburuko narrazioak. ‘Dimisioa’ du izenburu, eta neurri ezberdinetako 15 ipuin independentek osatzen dute.

Leire Lopez Ziluaga editorearekin batera aukeztu du Zabalak bere lan berria, eta Susako editorearen ustetan, «utopiak fikzionatzeko geroz eta gaitasun gutxiago» dago, eta ondorioz interesgarria da Zabalak egindako lana: «Ez du apokalipsia irudikatzen, baina guztia ederra denaren kasua ere ez, kontrazaleko azken esaldiak dioen moduan: Irakurlearen esku dago erabakitzea ‘Dimisioa’ distopia goxoa den, edo utopia triste eta etsia».

Zabalak kontatu du hemendik 30-40 urte barru kokatzen dela makinen agindupean irudikatu duen mundua, «ez da oso urrutiko zientzia fikzioa». Teknologiak geroz eta indar gehiago hartu duen momentuan idatzi du liburua, baina hala ere ñabardura bat egin du: «Ez dago astronauta askorik, irudikatu dudan mundua ez da hain diferentea». Eta gaineratu du, ipuinen ardatz nagusiak «pertsonen arteko gatazkak» direla, testuingurua dela guztiz fikzionatutakoa, eta gatazka horiek gaur egunekoetatik oso gertu daudela azaldu du.

AGK, Agintaritza Global Konputarizatua asmatu du, agintaritza horren eskuetan geratu baita mundua, eta makinen esku bizi dira gizaki guztiak. Dena izango da berria mundu horretan: IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, ONO Osasun Neurgailu Orokorra, LBS Lurraren Behaketarako Sateliteak, COVID-39 gaitz birikoa…

Bolantea nork duen

Zabalak adierazi du aipu asko bildu dituela liburuan, baina bada bat berezia dena, Louis Aragonena hain zuzen ere, bere lehendabiziko liburuan ere jaso zuena: «Bada tragikotasun bat modernitatean: biraka dabilen eta inongo eskuk zuzentzen ez duen bolante handi baten moduko zerbait da». Eta adierazi du kezka horrek jarraitu izan duela bizitzan zehar: «Nok gidatzen du mundu hau? Sentsazio hori denok dugu, egun ez dago oso argi nork gidatzen duen mundua, eta Twitterren sartzen bazara, are zailagoa da argitzea».

Eta hori argitu nahi izan du ‘Dimisioa’ ipuin liburuan, 155 orritan badakigu nork gidatzen duen mundua, makina batek, «makina jator» batek, idazlearen ustez; «eta hori da utopia nagusia: ulergarriagoa dena eta argigarriagoa, bolantea nork duen jakitea bera».

Utopiei erreparatuz, tristea izan daitekeela aitortu du Zabalak: «Tristea izan daiteke gizakia konturatu delako ez dela gai mundu hau gidatzeko. Baina makinen esku utzita gizartea erabat kontrolatuta dago, mugatuta; eta gainera, oraingoan tiranoa ez da gizaki bat, makina bat baizik». Baina aldi berean, ez dago gerrarik mundu horretan, klima larrialdirik ere ez, eta Zabalak urtetan buruan izan duen ideia bat ere jaso du: trafikoaren mugapenarena.

Zientzia fikziozko literatura egiterakoan, sinesgarritasunarena izaten omen da erronka nagusienetariko bat, hori uste du behintzat Zabalak, eta aitortu du sinesgarria egite aldera ahalegindu dela «alde txarrak» ere agertzen. Eta aldi berean, utopia hori desiragarria irudikatzen ere saiatu da, baina bere buruari erantzunez esan du zentzu batzuetan badela, eta beste batzuetan ezetz.

Estilo aldaketa, erronka

«Erronka bat izan da zientzia fikzioa idaztea, oso idazle intimista izan naiz», aitortu du, eta «pertsonalismo» horretatik urruntzeko jo duela zientzia fikziora kontatu du. Eredu gisa Mikel Alvarezen ‘Euskalia’ ere izan duela adierazi du, nahiz eta onartu ez duela estilo horretara hurbiltzea lortu.

Bestalde, liburu aurkezpenetan izan duen sentsazioa ere kontatu du. Eta azaldu du egun «lotsa» ematen diotela aurkezpenek. Batetik, uste duelako bere eboluzio pertsonalean «kontatu beharreko inportanteena» jada idatzi edota kontatu duela. Eta bigarrenik, euskal literaturaren eboluzioarengatik: «Gu idazten hasi ginenean, euskal literatura zabaltzen, sendotzen ari zen, guztiaren beharra zegoen, eta guztiak egiten zuen ekarpen bat. Baina mende honetako liburuak aurkezten ditudanean, kokilduago sentitzen naiz, oso idazle onak daude, denetik dago jada…». Eta gaineratu du, hori ez dela negatiboa, «bide bat egin izanaren seinale» dela, eta gakoa euskal literaturak gizartean duen lekuan dagoela, txikiegia bere iritziz.

Argitu du, astelehen goiz honetan ‘Dimisioa’ aurkeztu duela, baina berak ez duela dimitituko, eta idazten jarraituko duela. Momentuz, froga batzuk egin omen ditu ChatGParekin eta «ez nau konbentzitu, nahiko elkarrizketatu ergela tokatu zitzaidan», beraz, berak jarraituko duela idazten. Aurreratu du komiki bat aurkeztuko dutela laster.