INFO

Ekaitz Samaniego eta Asier Otamendi gailendu dira Arabako Txapelketako azken kanporaketetan

Ekaitz Samaniego eta Asier Otamendi nagusitu dira asteburu honetan Arabako Bertsolari Txapelketaren barnean Legutio eta Araian jokatu diren azken kanporaketa saioetan. Horrenbestez, erabakita geratu da 2024ko Txapelketa jokatuko duten bertsolarien zerrenda.

Asier Otamendi nagusitu zen Araiako saioan. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Ekaitz Samaniego eta Asier Otamendik gailendu dira asteburu honetan Legutio eta Asparrenan jokatu diren Arabako Bertsolari Txapelketaren barneko azkeneko bi kanporaketak eta, horrenbestez, erabakita geratu da 2024. urteko Arabako Bertsolari Txapelketan jokatu duten bertsolarien zerrenda.

Arabako Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, jokatu diren lau kanporaketetik 13 bertsolari sailkatuko dira 2024ko txapelketara eta eurekin batera ariko dira 2022ko txapelketako 5 finalistak ere.

Beraz, parte hartuko duten bertsolariak honakoak dira: Peru Abarrategi (2022ko txapelduna), Manex Agirre (2022ko finalista), Iñaki Viñaspre (2022ko finalista), Xabi Igoa (2022ko finalista), Paula Amilburu Izargarai (2022ko finalista), Unai Anda (196.5 puntu, 1.kanporaketako irabazlea), Maddi Agirre (188 puntu, 2.kanporaketako irabazlea), Ekaitz Samaniego (172.5 puntu, 3.kanporaketako irabazlea), Asier Otamendi Alkorta (188.5 puntu, 4.kanporaketako irabazlea), Aroa Arrizubieta Barredo (187 puntu),  Aitor Ugarte Eriz (185 puntu), Martin Abarrategi Sarrionandia (182.5 puntu), Orlando Arreitunandia Arinas (179 puntu), Eli Zaldua Barquin (177 puntu), Felipe Zelaieta (175.5 puntu), Rikardo Gonzalez de Durana (172 puntu), Danel Herrarte Nafarrate (171 puntu) eta Izar Mendiguren Cosgaya (169,5 puntu).

Guztira 18 bertsolari izango dira eta 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilean aurkeztuko da.

Asteburuko saioei dagokienez, larunbatean Legution hartu zuen azken aurreko kanporaketa eta bertan, esan bezala, Ekaitz Samaniegok lortu zuen txapelketarako zuzeneko txartela. Berekin batera aritu ziren kantuan Rikardo Gonzalez de Durana (172 puntu), Danel Herrarte (171 puntu), Izar Mendiguren (169.5 puntu), Eukene De los Aires (163 puntu) eta Hegoi Amabizka (161.5 puntu). Saioko aurkezle lanetan Lierni Altuna aritu zen eta epaimahaia, aldiz, Patxi Aizpurua, Ainhoa Aizpurua eta Mikel Fernandez de Arroyabek osatu zuten. Bertsozaletik nabarmendu dutenez, «giro goxoan» ospatu zen hirugarren kanporaketa hau.

Igandean, aldiz, Araiara, Asparrengo udaletxera egin zuen jauzi txapelketak, azken kanporaketa jokatzeko. Asier Otamendik (188.5 puntu) lortu zuen txapelketarako txartel zuzena, eta atzetik izan zituen Aroa Arrizubieta (187 puntu), Eli Zaldua (177 puntu), Manu Bendala (168.5 puntu), Oier Arbina (162 puntu) eta Aitor Najera (150 puntu).