INFO

Merkurio iturria, Urriko Azken Asteleheko «zero gunea»

Urriko Azken Asteleheneko Azokaren «zero gunea» da Merkurio iturria. Eguerdiko hamabietan, bertso saioa izaten da bertan eta, ordubete geroago, sari-banaketa eta gaztaren enkante famatua. Baina, non dago eta zer da Merkurio iturria?

Txapelketako gazta irabazlearen enkantera hurbildutako jendetza, Merkurio iturria inguratzen. Eskuineko argazkian, iturria jenderik gabe. (Luis JAUREGIALTZO-Aritz LOIOLA | FOKU)

Historian zehar, iturriak herritarren eta animalien ur beharrak asetzeko eraiki izan ohi dira. Etxeetara ur korronterik iristen ez zen garaietan, bizilagunak herrietako plaza eta kaleetan zeuden iturrietara joaten ziren ur bila.

Denborak aurrera egin ahala, eta etxeetako kaniletara ura iristen hasi zenean, plazetako iturriek beren hasierako erabilgarritasuna galtzen joan ziren, baina herritarren bilgune moduan zuten funtzioa mantendu zuten.

XIX. mendean, horietako batzuk eraberritu eta garaiko gustuen arabaera apaindu ziren, iturri monumentalak sortuaz. Busturialdean, aipagarrienak Bermeoko Taraska eta Gernikako Merkurio iturriak dira, biak frantziar «bigarren inperio» edo Napoleon III estilokoak. Bermeoko kasuan, garaipenari gorazarre egiten dion eskultura batekin dago apainduta, eta Gernikakoan, mahatsa biltzen ari den pertsona batekin.

Merkurio iturriak gurutze forma du eta lau iturri ditu. Horien gainean, Gernikako familia ezagunen izenak ageri dira (Ursolo, Amillaga, Oiz eta Bastegieta), lehenaren izenagatik ere ezaguna delarik: Ursolo iturria. Hala ere, mahats biltzailearen iturria izenarekin ere ezaguna da gernikarren artean.

Hirigune erdian dago kokatua, Eriako lorategietan hain zuzen, Juan Calzada eta Pablo Picasso kaleek bat egiten duten tokian. Gernikako Batzar Etxearen azpikaldean dagoen ingurune honetan egiten zen aintzina Gernikako azoka, harik eta 1943an lehen eraikin estalia egitea erabaki zuten arte.

Gaur egun lorategi horretaraino iristen dira azokako postuak eta, eguerdi aldera, bertan egiten da bertsolarien emanaldia, baita azokako sari-banaketa eta gazta irabazlearen enkante famatua ere. 2010 urteaz geroztik, leku honetan bertan “Gernikako Arbola” ereserkiaren sortzaile izan zen Joxe Mari Iparragirreren eskultura ere aurkituko dugu.

Merkurio iturria ez ezik, Gernikan bada beste iturri aipagarri bat, San Juan Ibarra plazakoa, hau ere lau iturrikoa, baina gainean eskulturarik ez duena.

Eta Gernikako kaleetan dauden eskulturen errepasoarekin jarraituz, Merkurio eta San Juan Ibarra iturrien artean, emakume baserritarrari eginiko oroigarria aurkituko dugu, Domingo Alegria plazan, justu gaur egun asteroko azoka egiten den eraikinaren sarreran.

Brontzezko eskultura hori duela urtebete baino gutxiago inauguratu zuten, 2022ko abenduan, eta bere helburua emakume baserritarrek Gernikako azokan izan duten eta gaur egun duten garrantzia nabarmentzea da. Artelan horrek, hain zuzen, emakume baserritar bat barazkiak saltzen irudikatzen du, modu errealista batean.