INFO

60 Pilotari ariko dira aurten Durangon amaituko den emakumeen Lau eta Erdian

Elite mailan, Amia Aldai, egungo txapelduna, eta txapel hau falta duen Olatz Arrizabalaga izango dira faborito nagusiak, baina azpitik badator ezustea eman nahi duen talde bat; Garai, Zabaleta, Gaminde, Arrillaga edo Etxegarai esaterako. 

Aurtengo elite mailako txapelketan ariko diren pilotarietako batzuk. (EMC)

Argi dago emakumeen esku pilota geratzeko etorri den fenomeno bat dela eta oinarri gero eta sendoago batzuetatik, kirol honek garapen etengabe bat duela. Horren erakusgarri argia da asteburu honetan Okondon hasiko den Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Txapelketa, urteko zitarik garrantzitsuena. Gizonezkoetan beti esan izan ohi da Buruz Burukoa dela dena eman eta kentzen duen txapelketa eta antzeko zerbait esan dezakegu aurten Durangoko Ezkurdi eraberritua helburu duen lehiaketaz.

Ohiko sustraiei eutsita, Master Cup Zirkuituko zitarik garrantzitsuenak ere izaera erabat irekia izango du, hala nahi izan duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera eta aurten 60 izango dira, bost maila desberdinetan banatuta, –pilota goxoan gazteak eta seniorrak eta pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak– parte hartuko duten kirolariak, gero eta maila hobea duen torneo honi izaera erabat parte-hartzailea emanaz.

Finala Durangon

Aurtengo emakumeen kaiolako txapelketak zazpi egoitza izango ditu eta prestatutako bide-orriaren baitan, finalerdiak Abadiñon jokatuko dira abenduaren seian eta final nagusia, aldiz, Durangoko Ezkurdin jokatuko da, abenduaren 17an. Bi jaialdi hauek ETB-1ek emango ditu zuzenean.

Hiru Hiriburuak torneoko finalean Bizkaia Pilotalekuan bizitako emozioak oraindik gorputzetik kendu ezinda, gogoratu behar da ia 3.000 pilotazale bildu zirela bertan, eliteko pilotariak prest dira ikusmina gehitzen jarraitzeko.

Ohi bezala, Amaia Aldai, egungo txapelduna, eta Olatz Arrizabalaga, bere palmares izugarria osatzeko falta zaion txapelaren bila arituko den gernikarra, izango dira faborito nagusiak, baina aurten bi bizkaitarrei aurre egiteko moduan den pilotari sorta eder bat ariko da bi lagun minen arteko final hori saihesteko nahian; Garai, Zabaleta, Gaminde, Arrillaga edo Etxegarai esaterako.

Txapelketa iazko rankingaren arabera osatu da eta iazko emaitzei erreparatua, Aldai, Arrizabalaga, Gaminde eta Arrillaga izango dira final laurdenetan sartuko diren zerrendaburuak.

Urteko zitarik garrantzitsuena ate joka dugu eta abenduaren 17an ezagutuko dugu nor den hurrengo denboraldi osoan gorriz arituko den pilotaria.