INFO

Biderik traketsenetik, Promozioko kaiolako finalean da berriz Julen Egiguren (22-21)

Hodei Exposito 0-9 eta 2-16 aurreratu da, azpeitiarrak 19-17 aurre hartu eta sakez falta eginda 19-21 atzeratu da berriro ere, baina azken txanpan buelta eman dio partida ezin eroago bati (22-21).

Julen Egigurenek nahi baino gehiago sufritu du berriz ere finalean egoteko. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Helburua finalean egotea zenez, pozik egoteko moduan da Julen Egiguren, baina bideaz batere gozatu izanaren arrastaroik gabe aurkeztuko da azpeitiarra hurrengo larunbatean Tolosara, Berrizeko pilotalekua ondo baino hobeto ezagutzen duen arren –iaz ere han lortu zuen finalerako txartela Bakaikoari gailenduta– biderik traketsena aukeratu baitzuen helmugara heltzeko. Pilota borobila dela esan ohi da gaurkoa bezalakoak arrazoitzeko beste arrazoirik topatzen ez denean eta horrekin geratu beharko, lehia ezin aldrebesagoa izan baita Egiguren V.ak eta Hodei Expositok jokatutakoa.

Astigarragakoak ere ez du ondo lo egingo gaur, horren bideratua zuen partidak ihes nola egin dion ezin asmatuta. Sakearekin min handia eginda eta pilotari eskuinez abiadura handia emanaz, 9-0 eta 11-1 aurreratu da hamaika minutu eskasetan eta, egungo azpitxapeldunaren erantzunik gabe, aldea 16-2ra ere luzatu du, uste baino askoz errazago. Agian hortxe egon da gakoetako bat, beste partida mota baterako prestatua egingo zuela Berrizerako bidea eta dena horren erraz ikusita perspektiba galdu eta amiltzea ekarri diola.

Behetik gora

Egigureni justu kontrakoa pasa zaio, dena galduta ikusi duenean askatu duela barruko korapiloa eta, honek ere saketik eta sake-errematetik hasita eta pilota ezker paretean sartuta, lehia orekatu duela ihes egin dion abiadura berean.

Baina zailena egina zuela zirudienean, are gehiago korapilatu ditu gauzak saketik bi falta eginda, hamazazpina zirela lehena eta 19-17 aurretik zela bigarrena. Sakea berreskuratuta, Exposito 21-19 aurreratu da, baina jarraian egindako bi akatsek eta saketik azpeitiarrak egindako azken sakeak, edozein aldetara eror zitekeen partida gorritu egin dute.

PARTIDAKO FITXA:

Egiguren V.a: 22

Exposito:21

Pilotakadak: 232. Iraupena: 54,40 minutu. Markagailua: 0-9, 1-9, 1-11, 2-11, 2-16, 17-16, 17-17, 19-17, 19-21 eta 22-21. Sakeak: 5 (3 falta) Egiguren V.ak eta 8 (falta 1) Expositok. Egindakoak: 9 Egiguren V.ak eta 6 Expositok. Galdutakoak: 8 Egiguren V.ak eta 7 Expositok. Gorabeherak: Sarrera polita Berrizeko pilotalekuan. Iker anaia izan du botillero Julen Egigurenek eta Xabier Barandiaran Hodei Expositok.