INFO

Lur-emaile eta hargin lanbideak bizirik Baztanen

Hiri handietan hamar gorputatik bederatzi erraustu egiten diren bitartean, herri txikietan kopuru hori ez da erdira iristen. Baztanen, hamarretik bederatzi lurperatu egiten dira. Hortaz, ezinbestekoak izaten jarraitzen dute lur-emaile eta harginak. Horien artean dugu Alvaro Soule arizkundarra.

Alvaro Soule, bere tailerrean egindako hilarri batzuk erakusten. (NAIZ)

Arizkungo Bozate auzoaren sarreran dago Mármoles Soule familia-enpresa. Gaur egun Alvaro Soule 31 urteko gaztea da bertako arduraduna, baina bere aita Cesareo da lantegi horretan hasi zena, 70. hamarkadan. «Ez zen familiako lehena izan, gure aitatxik ere harria lantzen baitzuen, baina gehiago afizio bezala. Eraikuntzan aritzen zen gehienbat eta etxe asko egin zituen».

Harria lantzeko «afizio» hori bere seme Cesareori irakatsi zion eta hau ere, eraikuntzan jarraitu zuen bitartean, harria lantzen ere hasi zen, besteak beste, etxeetako harmarriak edo beheko suak apaintzeko harriak egiten.

Hilarriak egitearena kasualitatez etorri zen. Alvarok gogorarazi duen bezala, «behin Azpilikueta herriko familia batean heriotza bat izan zuten eta nire aitari lurperatzeko eskatu zioten, fabore bezala, ezagunak zirelako. Hura izan zen lehenbizikoa, eta hurrengo hilabeteetan beste entierro batzuk egiteko eskatu zioten Arizkunen eta Erratzun». Horren harira, inguruetako bizilagunak hilarriak ere eskatzen hasi ziren. «Iruñeko marmolista batengana joaten hasi zen, marmola erostera, eta hala hasi zen ehorzketa lanetan espezializatzen».

Erretiroa hartzeko garaia heldu zitzaionean, bere semea izan zen lanbideari jarraipena eman ziona, baina ez zalantza gutxirekin. Izan ere, Alvarok beste ikasketa batzuk eginak zituen eta beste lan batean hasia zen. «Nik begirale ikasketak egin nituen eta ur-bizietako enpresa batean hasi nintzen lanean, rafting eta piragua begirale bezala. Baina nire aitari erretiroa hartzeko adina iritsi zitzaionean, pena handia eman zidan hau galtzea. Arras gaizki pasatu nuen, baina azkenean, hemen jarraitzea erabaki nuen».

Orain dela bederatzi urte hartu zuen, beraz, etxeko enpresaren ardura eta Arizkunen ez ezik, inguruko herri txikietan lur-emaile eta hargin lanak egiten ditu. «Batezere Elizondo iparraldeko herrietan aritzen naiz, Baztangoiza deitzen zaion eskualdean: Arizkun, Azpilikueta, Amaiur eta Erratzu, nahiz eta batzuetan deitu izan diguten Elizondo bertatik, Lekaroztik edo Arraioztik, baita Narbarte, Legasa, Urrotz, Oiz eta Anue bailaratik ere».

Denetara iristen ote den galdetzerakoan, oso herri txikiak direla eta ehorzketa gutxi izaten direla azaldu du, nahiz eta batzuetan kontrakoa ere gertatzen den. «Anue bailaran, esaterako, bi urte pasatu ditugu inor lurperatu gabe, eta uda honetan bakarrik hiru ehorzketa egin ditugu». Izan ere, heriotza noiz iritsiko den jakiterik ez dago inoiz.

Arizkunen ere antzeko zerbait gertatzen dela gaineratu du. «Hemen batzuetan pasatzen dituzu hiru aste entierrorik gabe, eta gero, egun bakar batean bi elkartzen zaizkizu». Baina horrelakoetan, Alvarok beti ditu ondoan, laguntzeko prest, aita Cesareo eta anaia Bittor.

Lurperatzeko ohitura

Baztango herri txikietan ehorzketa ohitura nagusia zein den galdetzerakoan, Alvarok zalantzarik gabe erantzuten du: lurperatzea. «Egia da gero eta errausketa gehiago ikusten ditugula, baina eskualde honetan lur aunitz bada eta %90ean hil-kutxa eramaten da kanposantura eta bertan lurperatu. Eta hildakoa errausten dutenean ere, kutxa txiki hori ere lurperatu egiten da gehienetan. Nitxoak ia ez dira erabiltzen».

Ohitura hori mantentzeak, lan egiteko modua ere tradizionala izatera behartzen du. «Beti egin izan ohi den moduan, aurretik kutxa sartzeko zuloa egiten dugu, eskuz, eta horretarako lau edo bost ordu behar izaten ditugu».

Ondoren, hilobian oroitarri bat jartzeko ordua iristen da. Lan hori ere Alvarok egiten du eta horretarako du Arizkungo bere jaiotetxean harria lantzeko tailerra. Gaur egun ze hilarri mota eskatzen diren galdetzerakoan, pixkanaka gauzak aldatzen ari direla azaldu digu Alvarok. «Lehen izen-abizenak, etxearen izena, eta jaiotza eta heriotza datak jartzen ziren, besterik gabe. Orain, gauza aldatzen ari da eta hildakoaren argazkia, esaldiren bat edo bere ofizioa erakusten duen marrazkiren bat ere jartzen ditugu».

Era berean, erlijioarekin zerikusia duten sinboloak ere gutxitzen ari direla eta, horien ordez, lauburuak edo eguzkiloreak jartzen dituztela dio Alvarok: «Lehen dena ilunagoa zela esan dezakegu, eta orain gauza politagoak egiteko aukera daukagu».

Hilarri tradizionalak ere egiten ditu, Baztango harri gorriarekin. Bere etxetik ikusten den Azpilikueta gaineko harrobi batetik ateratzen dute eta Iruritako Harri-Lan enpresan lantzen dute, bai kanposantuetarako bai eraikuntzarako.

Horretaz gain, hilarri eta panteoien errestaurazioak eta garbiketak ere egiten ditu Alvarok, batez ere Santu Guztien egunaren aurretik. «Iraila erdialdetik aurrera nabaritzen dira eskari gehiago, batez ere urriaren amaiera aldera. Egun horiek erotzeko modukoak izaten dira».

Harmarriak eta museoa

Kanposantuko lanak ez ezik, eraikuntzarekin zerikusia duten enkarguak ere egiten dituzte Marmoles Soule enpresan, familiaren tradizioari jarraipena emanez. Hala eta guztiz ere, gero eta gutxiago egiten diztuztela zehaztu digu Alvarok. «Lehen harmarri asko egiten ziren, gure aitak pila bat egin zituen, baina niri etzait tokatu hainbeste egitea. Azkenekoa orain dela bi urte inguru egin nuen».

Hilarriekin ez bezala, harmarriak egiteko ezin da makinarik erabili eta oso-osorik eskuz egin behar izaten dituzte. Horregatik, bere prezioa oso altua dela dio Alvarok, nahiz eta lan-ordu guztiak ez dituztela kobratzen azaldu. «Harmarri bat egiten pasatzen ditugun ordu guztiak kobratu beharko bagenitu, ez genuke ezta bat ere salduko», dio irrifarrez.

Tailerraren ondoan, Cesareok sortutako museo bat ere badute. Etxe aurreko lorategian, harriz egindako hainbat eskultura daude erakusgai, baita granito puskaz egindako piramide bat ere, barruan fosil mota desberdinen erakusteka gordetzen duelarik.

Eta etxe-azpiko gela haundi batean, eskultura txikiagoak eta inguruetako baserri eta etxeetan bildutako hainbat eta hainbat tramankulu gordetzen dituzte: irrati zaharrak, josteko makinak, ordulariak, txanponak, eskopeta zaharrak, baserriko lanabesak… Museoak ateak zabalik ditu gerturatu nahi duen guztiarentzat.

Kanposantuko lanak ez ezik, harmarriak ere egiten ditu Alvaro Soulek. Irudian, Baztango harmarria zizelkatzen. (NAIZ)

«Gure lanbidea gogorra da, bai, baina aldi berean ederra»

Alvaro Soulek txiki-txikitatik ezagutu du zer den heriotza, bere aita Cesareo hasi baitzen lur-emaile eta hargin lanetan bere jaiotetxean bertan.

Lehen ehorzketa 16 urterekin ikusi zuen, aitari laguntzen. «Oso gogorra izan zen eta gaziki pasatu nuen, baita bigarrenean ere. Gorpuzki batzuk atera behar izan genituen kanposantu berrira eramateko». Irudi horiek ez zaizkio inoiz ahaztuko.

Lanbide honekin zerikusirik ez zuen beste lan batean hasi ondoren, erabaki bat hartu behar izan zuen aitari erretirorako garaia iristerakoan. Eta azkenean, etxean ikasitako lanbidearekin jarraitzea erabaki zuen. Erabaki zaila izan zela dio, baina argi dauka ez dela damutzen. Gero eta gustorago dabilela aitortzen du.

«Lan hau negozio bat da, noski, hemendik bizi gara, baina lanbide bat baino gehiago da. Asko enpatizatzen duzu bezeroarekin, bere sentimenduekin, eta hurbiltasun handia sentitzen duzu. Gogorra da baina, aldi berean, ederra», nabarmendu du.

Izan ere, berak egindako harri-lanak sinbologia handiko lanak dira, eta beste edozein lanekin alderatuta, esanahi handikoak. Hilberri baten oroimenez egindako hilarriak, esaterako, sentimendu asko sorrarazten ditu eta horrek, Alvaroren esanetan, «izugarri betetzen zaitu».