INFO

157 kilometrora arteko haizeteek hegaldiak bertan behera utzarazi eta istripuak eragin dituzte

Gauean zehar ia 400 joan-etorri egin behar izan dute suhiltzaileek, haize bolada indartsuek sortuko ezbeharrak konpontzeko, gehienak zuhaitzen adarrak erori direlako.

Sondikako istripuak Bilboraino heldu diren auto iladak eragin ditu goizean goiz. (@trafikoaEJGV)

Iragarri bezala, Ciaran izeneko ziklogenesiak gogor astindu du Euskal Herria, pasa den gauean bereziki. Bere indarra adierazten duen datu nagusia honakoa da: Matxitxakon orduko 157 kilometroko haize boladak neurtu ditu Euskaltemetek. Hala ere, barrualdean ere modu bortitzean ibili da haizea, orduko 120 kilometroen gainetik mugituz. Gasteizen 100eko abiadura hartu dute.

Ondorioak errepideetan eta aireportuetan antzeman dira. Loiutik abiatu behar ziren hegaldi ugari, gehienak Europa aldera, bertan behera utzi dituzte.

Trafikoari dagokionez, Txorierriko N-637 errepidean bost autok talka egin dute goizaldean, eta horren ondorioz kotxe ilara luzeak sortu dira pare bar orduz. Sondika parean gertatu da ezbeharra baina Bilboraino heldu da horren afekzioa: goizeko 8.00ak aldera ia ordubete behar zuten gidariek hiriburutik aireportu ingurura iristeko.

Bilboko beste sarreretan ere agerian geratu da kolapsoa, Deustuko zubia izandako iladak adibide direlarik.

Hiri eta herrietan suhiltzaileak gora eta behera ari dira goizalde honetan, bereziki zuhaitzetatik eroritako adarrak lurretik erretiratzeko lanetan. Donostian, esaterako, gauean zehar 55 interbentzio egin behar izan dituzte, eta gehiago izango dira datozen orduetan.

Lakuako Barne Sailak goizeko 9etan eginiko balantzean, 192 interbentzioen berri izan du Bizkaia aldean, 153 Gipuzkoan eta 51 Araban. Gainerako herrialdeetan ez dago daturik momentuz.

Erlaitzeko bidea, itxita 10 egunez

Lapurdiko kostaldea ere oso gogor jo dute mendebaldetik indar handiz zetozen haizeteek. 112 kilometro orduko haize boladak neurtu dira  Biarritzen.

Mendi aldera ere guztiz ezegonkortu da aroa. Hala Irati aldera 116 kilometrotako haize ufadak izan dira azken ordutan.

Bestalde, ostiral eta igande bitartean Baionan ospatzekoak ziren Txokolatearen Jardunaldiak bertan behera utzi dituztela jakinarazi du Lapurdi hiriburuko Herriko Etxeak.

Hondartzak itxita daude, hala nola Hendaian eta Biarritzen. Pirinio Atlantikoen Prefeturak agi baten bidez jakinarazi duenez, 5 eta 6 metro arteko olatuak izan daitezke gaur Lapurdiko kostan. 7tara igoko lirateke ostiralean.

Belharra uhin mitikoa altxatzeko baldintzak bete direla aintzat hartuta, Hendaia eta Zokoa artean igarotzen den erlaitzeko bidea itxita dagoela 2021ko azaroaz geroztik oroitarazi du gaur estatu delegaritzak.

Erosioaren eraginez arriskutsua dela bidea hori hartzea baita amildegitik gertuen diren eremuetan plantatzea Belharra begiratzeko agerian jarri du, beste behin ere, Prefeturak.

Ostegunetik landa, bederen hamar bat egunez itxita izanen da errepidea, adituek bide horren etorkizunari buruz erabakiak hartu aitzin hainbat froga eta azterketa behar ditutelako egin.

Berdin Zokoako zein Hendaiako sarreretan blokeak emanen dituzte, autoe joan-etorriak saihesteko.

 

Garraiolari bat hil da Aisnen

Iparralderago eginez, orduko 193 kilometrotako haize boladak neurtu dituzte Bretainian. 1,2 milio etxebizitzetan argindarrik ez dago, horietatik 780.000 Bretainian kokatzen direla.

1.500 eta 2.000 etxe inguru argindarrik gabe daude goiz honetan Ipar Euskal Herrian, gehienbat Nafarroa Beherea eta Zuberoa aldera.

Izan ere Kanbon, Irisarrin edo Kanbon hainbat irteera egin dituzte suhiltzaileek, gehienbat errepideak trabatzen zituzten zuhaitzak kentzeko.

Sei departamendu alerta gorrian daude Hexagonoko ipar-mendebaldean, eta handik haratago alerta hori piztua da beste hogei bat departamendutan.

Ekaitzari loturiko trafiko istripu batean kamiolari bat hil da gaur goizean alerta horian dagoen Aisne departamenduan zuhaitz batek ibilgailuaren kabinaren kontra jo ondoren.

Horrendako lurralde osoan arreta egiteko gomendioa zabaldu du Barne Ministerioak.

Asteazkenean jada enbataren lehenengo zantzuak nabaritu ziren Bizkaia aldean bereziki, haizeteak 110 kilometroen gainetik barreiatuz, baina goizeko ordu txikietan jo du goia Ciaranek.