INFO

Elkarretaratze batek Galdakaon izandako eraso matxista salatu du

‘Eraso matxistarik ez!’ lelopean, Galdakaoko zenbait talde feministak asteazkenean deitutako elkarretaratzea izan da ostiral iluntze honetan, izan den azken eraso matxista salatzeko. Udalak ere deialdiarekin bat egin du.

Eraso matxista bat salatzeko kontzentrazioa egin dute Galdakaon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Dozenaka galdakaoztar elkartu dira ostiral honetan Santi Brouard plazan herrian izan den azken eraso matxista gaitzesteko. Momoak talde feministak, Erabide emakume elkarteak, Basandere emakume elkarteak, Erlantza emakume elkarteak, Ninaiz emakume elkarteak eta Mairi emakume feminista batzak deitu zuen mobilizazioa joan den asteazkenean.

Deialdiarekin batera, Galdakaoko Udalak bat egin zuen elkarretaratzearekin eta adierazpen instituzional bat argitaratu zuen, gertatutakoaren aurrean honakoa azpimarratuz: «Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun harremanetan sakon errotuta dagoen eta giza eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egitea».

Horretaz gain, ostiral iluntzean erasoa salatu duen Udalak adierazi zuenez, «behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berahalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin».