Sailkapeneko zein leku dagokion aztertzeko aurkari bikaina da Zaragoza Bilbao Basketentzat
Larunbatean 18.00etan jokatuko dute bilbotarrek mañoen etxean. Iaz, Ludde Hakanson gabe jokatu arren, 67-74 gailendu ziren beltzezko gizonak, pare bat urtez Zaragozaren aurka jipoia jipoiaren gainean jasotzen aritu eta gero. Harrezkero bolada ona bere aldera ekartzea lortu dute bizkaitarrek.
«Partida honek erakutsiko digu zer egiteko borrokan gauden». Elkar entzun gabe, antzeko berbak egin dituzte ostiral honetan Jaume Ponsarnau Surne Bilbao Basketeko entrenatzaileak eta Porfi Fisac, Basket Zaragozako aulkiko buruak. Izan ere biek ala biek larunbat honetan hitzordua dute Aragoi aldean, 18.00etan hasita.
Zaragozako taldeak pasa den asteburuan Joventuti jipoia eman –113-83 nagusitu ziren mañoak– eta asteon FIBA Eurocupean Estoniako Kalev taldeari etxetik kanpo 72-78 nagusitu ostean, aspaldiko partez Fisac eta enparauek arnasa hartu dute. Bilbao basketek, aldiz, nahiz eta Lenovo Teneriferen aurka etxean galdu, Caledonia Gladiators taldea hankapean erabili du, 106-58 nagusituta. Bada, ez daude une txarrean ez bata ezta bestea ere. Are gehiago, Jaume Ponsarnauren gizonak sailkapen nagusiko bederatzigarrenak dira 4-3 balantzearekin, Unicaja, UCAM Murtzia, Andorra, Girona, Manresa eta Saski Baskoniarekin berdinduta, Zaragozak bi garaipen gutxiago pilatu dituen bitartean.
Zenbakiek eta estatistikek ezertarako balio badute, aurrekariak sortzeko da. Bada, Zaragoza eta Bilbao Basketek 25 bider jokatu dute elkarren aurka eta bizkaitarren aldekoa da uneotan saldoa: 14-11. Elkarren artean jokaturiko azken hiru demak irabazi dituelako hautsi du berdinketa bere alde Bilbao Basketek. Bereziki garrantzitsua izan zen iaz Zaragozan 67-74 irabazi izana, aurreko bizpahiru denboraldietan 20 puntu edo gehiagogatik galtzen ari baitziren beltzezko gizonak Zaragozaren aurka, hala Zaragozan bertan nola Miribillan.
Iaz nahiko partida eskasa jokatu zuten biek ala biek. Nolanahi, Michale Kyser eta Denzel Anderssonen artean konpondu ziren azkenean garaipena Bilbora ekarri eta Zaragozaren aurkako bolada txar hori errotik eten ahal izateko, nahiz eta Ludde Hakansonik gabe jokatu. Garaipen hura izan zen bilbotarrek ACB Ligan lortu zuten seiehungarren garaipena.
Beti gorantz begira
«Zaragoza gorantz doan taldea da, baina guk ere ez dugu sailkapenaren erdian egonda konformatu nahi eta gorantz jarraitzeko borondatea erakutsi behar dugu. Ondorioz, partidari behar bezalako intentsitatez ekin beharko diogu. Kontzentratuta eta aurkariak eskatuko digun adinako gogortasuna ezarriz kantxa gainean», azpimarratu du Tarregako entrenatzaileak.
Gauza jakina da Ponsarnauk ez zuela lan onegirik egin Zaragozan. 2020/21 denboraldiari bikain ekin zion talde mañoak eta, esaterako, Miribillan 76-100 nagusitzea lortu zuen Ponsarnauren eskutik- Baina ez zuen jarraitutasunik izan eta 23 jardunaldiren ostean, kalera bota zuten entrenatzaile katalana maila galduko ez bazuten.
«Ez nau inolako ‘errebantxa’ gogoak hauspotzen. Benetan hauspotzen nauena etxetik kanpo ere irabazteko gai bagarela erakutsi ahal izatea da. Partida guztiak dira zailak eta garrantzitsuak eta denboraldiko zeinahi une giltzarri izan liteke halako kasuetan. Hiri da nik nahi dudana: gorantz eta hoberantz doan talde baten aurka bere etxean lehiakor izatea», adierazi du Ponsarnauk.