107 herrik bat egin dute Gernika-Palestina herri deialdiarekin eta asteartean mobilizatuko dira
Alderdi politikoek bat egin dute astearterako Gernika-Palestina deialdi herritarrak deitutako mobilizazioekin. Orotara, jadanik 107 herrik bat egin dutela jakinarazi dute, eta goizean campusetan izango direla mobilizazioak.
Gernika-Palestina deialdi herritarrak astearte arratsaldean herritako udaletxe parean mobilizazioak deitu zituen. Gaur jakinarazi dute 107 herritan antolatu dituztela, 19.00etan. Goizean, unibertsitateetako campusetan mobilizatuko dira. Bestetik, alderdi politikoek ere bat egin dutela jakinarazi dute, «Euskal Herria bere elkartasuna adierazteko erne dagoela» nabarmenduz.
Pasa den ostiralean iragarritako babes sindikalei, babes politikoak gehitu zaizkie deialdi herritarrak ohar batean azaldu duenez: EH Bildu, Geroa Sozialberdeak, Podemos-Ahal Dugu, Contigo-Zurekin, Ezker Anitza-IU, Nafarroako Ezker Batua, PCE-EPK Nafarroa, Sortu, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba. PSE-k bere afiliatuei «parte hartzeko askatasuna» eman diela ohartarazi du Gernika-Palestinak. Ibaetako, Leioako, NUPeko, Gasteizeko eta Mondragon Unibertsitateko campusetan ere mobilizazioak egingo dituzte goizean.
Oharrean azaldu dute, urriaren 21ean Donostian egindako manifestazio «arrakastatsuaz» geroztik, euskal kaleetan batzen ari den «espektro politiko eta sindikala nabarmen zabaldu» dela. Gehitu dute, pasa den larunbatean, Baionan egin zen manifestazioak bildutako sinatzaileak eta jasotako babes sindikal, politiko eta sozial anitza nabarmentzekoa dela, hori baitzen ekimena sortzearen helburua: «Ahalik eta erantzun transbertsalena eta bateratuena antolatzea, eta harro esan dezakegu lortzen ari garela».
Urriaren 7az geroztik bildutako datuak plazaratu dituzte: 10.000 zibil inguru hil dira, tartean 4.000 haur baino gehiago, 24.000 zauritu baino gehiago eta 1,5 milioi desplazatu inguru daude. «Nazioarteko komunitatea gerraren eskalada logika batean oinarritzen den bitartean, eta Israelek su-etenerako deiak gutxiesten dituen bitartean, gizarte zibiletik elkartasuna zabaltzen ari da mundu osoan», gaineratu dute.
«Ezin da geratu eskuak gurutzatuta»
EH Bilduk salatu du ia 20 urteko blokeoaren ondoren, Gazan bizi diren pertsonak «zigor kolektibo baten biktima» izaten ari direla. «Nazioarteko zuzenbidearen urraketa onartezina da, nazioarteko komunitateak onartu behar ez duena», gaineratu du. Eta EH Bilduk eskatu du Gazako eremua helburutzat duen edozein operazio miitar gelditzeko: «Bai horiek eragiten dituen ondorio humanitarioengatik, bai politikoengatik, elkarrizketa bidezko edozein konponbide alferrik atzeratzen duelako eta ia ezinezkoa egiten duelako». Asteartean antolaturiko mobilizazioetan egongo direla aurreratu du.