Dozenaka lagun amnistiaren aurka PSNren aurrean Iruñean, Espainiako banderak eskuetan
PSOEren egoitzen aurrean mobilizazioak egin dituzte, ultraeskuinak bultzatuta, astelehen honetan, indarra hartu nahi duen dinamika baten barruan, negoziatzen ari den amnistiaren legea salatzeko aitzakiarekin. Euskal Herrian protesta bakarra izan da eta oso apala: dozenaka lagun baino ez dira bildu PSNren aurrean Iruñean, Sarasate Pasealekuan.
Istilurik ez da izan aipatutako protestan. Bandera horigorriak eraman dituzte manifestariek.
Hurrengo igandean dozenaka elkarretaratze deitu ditu espainiar eskuinak. Voxeko presidente den Santiago Abascal kanpaina honen buruan da eta Madrilgo ekitaldian parte hartu du zuzenean. Baina PPko agintari ohiren bat edo beste ere badabil dinamika honetan: bolo-bolo ibili da Madrilgo presidentea izan zen Esperanza Agirreren bideo-irudia, pasa den asteburuan espainiar hiriburuan bildutako jendea trafikoa moztera animatuz.
PPk ez du argi utzi kanpaina honen aurreko iritzia. Baina heldulekua aurkitu du, atxekimendurik eman gabe protesta puzten saiatzeko: Madrilen Polizi espainolak astelehen honetan eginiko oldartzea, Ferraz kalean bildu ziren 4.000 lagun sakabanatzeko asmoz. Izan ere, besteak beste kazetarien aurka egin dute manifestariek protesta honetan, langileak irainduz eta mehatxatuz.
La Sexta katean zuzeneko konexioa sabotatzen ahalegindu dira, EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegiren kontra eginez:
Manifestación en Ferraz, directo en La Sexta:
— Almacén (@almacenses) November 7, 2023
"Muertos de ETA, Arnaldo Otegi asesino". pic.twitter.com/MDsNm6rHZC