St. Pauli Bilbao taldeak bere jarduera eten du Palestinari buruzko desadostasunarengatik
Alemaniako futbol taldeko zuzendaritzak eta bertako zaleek Israelen erasoaren aurrean Palestina ez babestea erabaki dute. Nazioartean dituzten hainbat jarraitzaile talde, aldiz, horren kontra agertu dira eta beren jarduera etetea erabaki dute, Bilboko taldeak iragarri duen bezala.
Sankt Pauli taldea punk mugimenduaren eta bestelako futbol eredu baten ikurra izan da azken urteetan. Munduan zehar hainbat jarraitzaile talde sortu dira sustatu nahi dituen baloreekin bat egin eta sostengua emateko, baina Israelen erasoaren aurrean Palestina ez babesteko erabakiak hautsak harrotu ditu.
Klubaren zuzendaritzak eta zaleen arduradunak Palestinaren aldeko ikurrak edo agerraldiak debekatzeko hautua egin dute. Alemaniako talde guztiek eta futbol jarraitzaileen gehiengoak ere bat egin du antisemitismoa bultzatzen duela ulertzen baitute. Bigarren Mundu Gerran egindako juduen sarraskiak gizartearen oroimenean iltzatuta dago.
Bilboko St. Pauli taldeak dioenez, nazioarteko beste jarraitzaile batzuek proposatutako «eztabaida sano eta kritiko bat» bultzatzeari uko egin diote St. Paulin. Egoera ikusita, orain dela sei urte martxan jarritako taldearen amaiera iragarri dute. Azaltzen dutenez, ezin dute Israelgo Estatuaren bortizkeria inolaz ere onartu.
«Atzean geratuko dira hainbat urtetako lana, bidean egindako lagunak eta hamaika bizipen eta oroitzapen», azpimarratzen dute komunikabideetara igorritako mezuan. Hala ere, futbolaren bidez herri zapalduen aldeko aldarria indartzen jarraituko dutela nabarmentzen dute «mundu justuagoa daramagulako gure bihotzetan».
«Ez ditugu futbolaren sustraiak ahazten, eta ez ditugu sekula ahaztuko, tresna askatzaile gisa ulertzen dugulako. Lurra, bakea eta autodeterminazioa herri palestinarentzat», aldarrikatuz amaitzen dute oharra.
Celticeko zaleek ere ika-mika izan dute St. Pauliren jarraitzaileekin Palestinari buruzko desadostasunarengatik. Talde alemaniarraren harmailetan «Gazatik Glasgowra, borrokatu antisemitismoa» eta «Palestina libre, Hamas gabe» zioen pankarta bat atera zuten. Eskoziarrek, berriz, «fuck St. Pauli, free Hamburg from hipsters» leloarekin erantzun zieten.
Free Hamburg from hipsters! Free Palestine from German Guilt!!
— Malcolm iXa (@ideiazabaldub) November 2, 2023
GORA CELTIC, FUCK ST PAULI!! pic.twitter.com/T7jUWq3d5E