INFO

Energia berriztagarrien tramitazioa arinagoa egiteko hamar urrats aurkeztu ditu Greenpeacek

Greenpeace erakundeak ostegun honetan hasi diren Gipuzkoako trantsizio energetikoari buruzko jardunaldietan energia berriztagarrien tramitazio arinagoa sustatzeko hamar urrats aurkeztu ditu. Gainera, EAEko berriztagarrien planifikazioa trantsizio «arina» lortzeko ez dela nahikoa diote.

Greenpeacen energia berriztagarriei buruzko jardunaldien lehenengo eguna izan da Donostian. (Greenpeace)

Energia berriztagarrien tramitazioa arinagoa izateko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta biodibertsitatea babestea sustatzeko hamar urrats aurkeztu ditu Greenpeacek ostegun honetan Donostian hasi diren Gipzukoako trantsizio energetikoari buruzko jardunaldietan.

Igandera arte luzatuko den hitzaldi eta mahai-inguru sorta honen irekieran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako energia berriztagarrien planifikazioa «pertsonak eta biodibertsitatea errespetatuko dituen trantsizio arin bat lortzeko ez dela nahikoa» ohartarazi dute ere.

Hortaz, Greenpeacek eskatu du 2022an Gobernu espainolak onartutako «ingurumen-izapide expressak» kentzeko, eta, horren ordez, Donostian aurkeztutako txosteneko gomendioak jasotzen dituzten prozedurak erabil daitezela.

‘Europan energia berriztagarrietarako trantsizioa arinagoa eta bidezkoagoa izateko jarraibideak’ izeneko txostenean jaso dituzte hamar urratsak. Amigos de la Tierra, Ecodes, Ecounion, Fundacion Renovables eta SEO/Birdlife erakundeekin batera egin dute.

Greenpeacetik diotenez, «Europar Batasuneko hainbat herrialdetan energia berriztagarriak izapidetzearekin zerikusia duten politiken ikuspegi orokorra ematen du txostenak, eta jarraipen egokia eta ezarpen egokia egiteko beharra nabarmentzen du».

Bete beharreko ezaugarriak

Batetik, komunitateak energia berriztagarrietarako «trantsizioaren erdian egon behar dutela» azaldu dute, tokiko biztanleen kezkak eta iritziak errespetatzea «ezinbestekoa» uste dutelako «Europa osoan energia berriztagarriak bizkortzeko».

Bestalde, tokiko energia-komunitateen alde egin dute, hedapena bizkortzeko eta datozen hamarkadetako energia-, gizarte- eta pobrezia arazoei aurre egiteko.

Honekin batera, tokiko bioaniztasuna babestea «ezinbestekoa» dela uste dute eta, hori dela eta, berriztagarrien sustatzaileek «jarraibideak eta pizgarriak» izan beharko lituzketela defendatzen dute.

Tokia optimizatzearen alde egiten dute ere bai. Horrela, hiri, industria, azpiegitura eta eremu degradatuei lehentasuna eman behar zaiela aldarrikatzen dute, besteak beste, alde batera utzitako industriaguneekin eta aparkalekuetako eguzki-teilatuekin.

Horren harira, lurralde-plangintza eta kartografia kontuan hartu behar dela uste dute, «garapenak pertsonengan eta naturan ahalik eta eragin txikiena» izan dezan.

Gainera, prozesu administratiboen moteltasunari eta atzerapenei aurre egiteko, langile gehiago kontratatzeak eta digitalizazioak «prozesua bizkortu» dezakeela azaltzen dute.