Valverde: «Sari handia dugu hiru puntuak lortzen baditugu; taldeak zaleekin bat egin behar du»
Ernesto Valverdek ostegun honetan emandako prentsaurrekoan adierazi du taldearentzat «aukera handia» dela biharko partida irabaztea, sailkapenari begira, bosgarren postuan sendotzeko. Celtaren aurka jokatuko du San Mamesen, 21.00etan.
Apaingarriak ez zaizkio gustatzen Ernesto Valverderi, eta gaurko prentsaurrekoan, berriz ere, hori erakutsi du: galdera guztiak motz eta zuzen erantzun ditu. Bihar jokatuko dute zuri-gorriek Celtaren aurka San Mamesen (21.00etan). Azken jardunaldietan Galiziako taldea epaileen erabakien nahasmenekin zipriztindu da, nahiko kaltetua atera baita epaileek hartutako zenbait erabakirekin.
Valverderi horren inguruan galdetuta, prestatzaileak esan du epaileak ez duela zertan Celtaren alde ebatzi: «Talde guztiek pentsatzen dugu beti gauza batengatik edo bestearengatik epaileak kontran ditugula. Hala ere, Celtarena deigarria da, bereziki, Sevillaren aurkako azken partida, baina ez du zerikusirik gure partidarekin. Gurea beste neurketa bat izango da, eta ez dut zalantzan jartzen epaileak bere lana behar bezala egingo duela».
Galiziako taldea ez dabil bolada onean, jaitsiera postuetan da. Hala ere, Valverdek azpimarratu du oso markagailu estuak izan dituztela galiziarrek, Athletico de Madrilen aurkako partidakoan izan ezik.
«Ate aurrean ez dira asmatzen ari, aurkariaren areara ondo iristen den taldea da, hutsuneak ondo aprobetxatzen dituzte. Denboraldia astuna izaten ari da haientzat, ez dituztelako partidak aurrera ateratzen. Dena den, uste dut haien aurka aritzeko talde zaila dela; espazio gutxi uzten dituzte jokatzeko, eta kontraerasoan azkar jotzen dute. Iago Aspas, Jonathan Bamba... talde arriskutsua da».
Celtaz ez ezik, gidatzen duen taldeaz ere aritu da Athleticeko prestatzailea, eta adierazi du ezinbestekoa izango dela jokalariek joko ona egitea, taldeak zaleekin bat egiteko: «Aurkariak badaki San Mamesek izutu egiten duela. Jokalariek zaleak hauspotu behar dituzte».
«Aukera handia»
Zuri-gorrientzat biharko partida irabaztea «aukera handia» dela nabarmendu du prestatzaileak, sailkapenari begira, bosgarren postuan sendotzeko. «Dena oso orekatuta dago. Celtaren eta gure artean dagoen aldea handia da puntuetan, baina badakigu haien parekoak garela, eta puntuak ateratzeko sufritu egin beharko dugula. Sari handia dugu, eta dena eman beharko dugu irabazteko».
Athletic olatu aparretan dabil Vila-Reali irabazi ondotik. Lehen hamabi jardunaldietan 21 puntu lortu ditu, iazko kopuru berbera, baina txapelketako talde indartsuenen aurka jokatuta.
Hala ere, emaitzez harago, Ernesto Valverderen taldea pozik da zelaian erakusten ari den jokoagatik: ausarta, aurkariari estu hartzen diona haien zelaian presioa eginda, eta atearen aurrean azken denboraldietan baino eraginkortasun handiagoa dute.
Atzeko lerroa da kezka gehien eragiten dituena, are gehiago, Vila-Realen aurkako partida eta gero. Izan ere, bertan zuri-gorriek lehen zati gogoangarria egin zuten, 0-3 aurrera hartuta markagailuan; atsedenaldiaren ondotik, berriz, Valentziako taldeak estu hartu zuen Athletic, kasik partida iraultzeraino (2-3).
Neurri batean, ez da harritzekoa atzean bigun aritzea, kontuan hartzen bada, joan den denboraldian atzeko lerroa osatzen zuten lau jokalarietatik hiru, gaur gaurkoz, ez dutela jokatzen. Ondarrutarra Bartzelonara joan zen, eta Yerai Martinez eta Yuri Berchiche denbora luzez daramate min hartuta.
헖헢헡헩헢헖헔헧헢헥헜헔
— Athletic Club (@AthleticClub) November 9, 2023
Ernesto Valverde cita a 2️⃣2️⃣ jugadores para el partido frente al @RCCelta en San Mamés.#AthleticCelta #AthleticClub 女 pic.twitter.com/cj2KvyUowL
Paredes eta Raul Garciarekin; Ander Herrera kanpoan
Valverdek entrenamendu saioaren ostean erabaki du Aitor Paredes deialdian sartzea. Raul Garcia ere deialdian sartu da; ez, ordea, Ander Herrera. Zuri-gorrien entrenatzaileak jakinarazi du nafarrak ez duela arazorik izango biharko partida jokatzeko; Herrerarekin, ordea, patxadaz aritu nahi du, bakarka entrenatu delako aste osoan zehar, eta azkenean deildian ez sartzea erabaki du.