INFO

‘Aire!’, Maurizia Aldeiturriaga panderojolean inspiratutako dokumentala

Gentzane Martinez de Osabaren ‘Aire!’ dokumentalaren mundu mailako estreinaldia egingo da igandean, azaroak 12an, Zinebin. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolearen bizitzan oinarrituta, hau da, XX. mendeko euskal musika herrikoiaren erreferente izan den emakumean, bidaia musikal kitzikagarria da.


‘Aire!’ dokumentalaren mundu mailako estreinaldia izango da Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren barnean azaroaren 12an, 18.00etan, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan, ‘Bertoko begiradak’ atalaren barruan.

Hiru urtez buru-belarri aritu dira lanean Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeak, eta azkenean 95 minutuko luzemetrai ahau osatzeko. Zuzendaritzaz Gentzane Martinez de Osaba arduratu da; hauxe da bere bigarren lan luzea. Eukeni Arriortua da argazki zuzendaria, eta musikaz, Carlos Sagir, Iraide Ansorena eta Naroa Gaintza arduratu dira.

Katalunia eta Euskal Herriko hamahiru gazte elkartu ditu proiektu honek. (AIRE! DOKUMENTALA)

 

XX. mendeko panderojole ikoniko Maurizia Aldeiturriagarengan inspiratuta, Euskal Herriko eta Kataluniako hamahiru gaztek parte hartu dute lan honetan. Katalunian, Igorre, Zeberio eta Artean errodatu dute, besteak beste.

Hauxe laburpena: Arratiako bailararen bihotzean, Maurizia Aldeiturriaga, XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia goitik behera aldatu zuen panderojole ikonikoaren figuran oinarrituta, hamahiru gaztek musika-pieza bat sortuko dute. Musika tradizionalean adituak diren hiru musikarien gidaritzapean (eta Maurizia beraren eraginpean), gazteak musika ulertzeko modua aldatuko duen sortze-prozesu batean murgilduko dira.

Egileen arabera, ‘Aire!’ bidaia musikal bat da, musikaren ahalmen eraldatzailea, naturaren edertasuna eta tradizioa ardatz dituena.

Igandean ere, emakume zinemagileak

Hauxe ez da Zinebi jaialdiko Bertoko Begiradak sailean eskainiko den lan bakarra. Igandean ere, azaroak 12an, 20.00etan eta toki berean (kale nagusiko BBK aretoan), Donostiako Zinemaldian estreinatu zen ’Arnasa betean, emakume zinegileak’ dokumentala eskatiniko da Bilboko jaialdiaren barnean.

Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiaren lan honek kritika ezin hobeak jaso ditu. Koldo Landaluzek NAIZen bertan zienez, «filme ha ezin une egokian agertu da pantailan, emakume zinemagileek gure filmografian garrantzi erabakigarria hartu duten garai hauetan».