INFO

Emakume migratu eta arrazializatuen hogei taldek ez dute grebarekin bat egingo azaroaren 30ean

Euskal Herriko hogei kolektibotako kideek adierazi dute ez dutela A30eko grebarekin bat egingo, emakume arrazializatu, migratu eta ijitoek ez dutelako grebarako eskubiderik. Kritikatu dute, halaber, mugimendu feminisak «baztertu» egin dituela.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Hogei kolektibotako hainbat ordezkari Zumaian elkartu da larunbat eguerdian, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorrera ez doazela esatera, bi arrazoiengatik: zaintza sistemak gehien zapaltzen dituen pertsonak, emakume arrazializatu, migratu eta ijitoak, ez dutelako grebarako eskubiderik, eta «nagusiki zuria» den mugimendu feministak «baztertu» egin dituelako.

«Mingarria» egiten zaien arren, erabaki irmoa hartu dute Euskal Herriko hogei kolektibotan militatzen duten andrazko migratu, arrazializatu eta ijitoek. Zaintzarako eskubide kolektiboaren diskurtsoarekin ados badaude ere, uste dute greba ez dela honen alde egiteko tresna aproposa. «Greba, patronalari presio egiteko langileek duten tresna bezala ulertuta, arautu gabeko espazioetan eta babes sindikalik gabe lan egiten dugun pertsona arrazializatu, migratu eta ijitoak kanpoan uzten gaituen estrategia da», esplikatu dute.

«Subjektu politiko» gisa parte hartu ezin dezaketen tresna honen alde egiteak, esan dute, «menpeko» posizio batera azpiratzen ditu. «Soldatapeko feministek greba egingo dute ‘besteen’ eskubideak defendatzeko, gureak, greba egiteko eskubiderik ez dugunonak», zehaztu dute.

Euskal Herriko mugimendu feministak, «nagusiki zuria» denak, «baztertu» egin dituela kritikatu dute, esanez «beste behin ere» gonbidatu dituela planteamendu «itxi» batera batzera, eta zenbait espaziotan ez dituela haien aldarrikapenak entzun. Bazterketa «deigarria» egin zaie, interna erregimenean zaintza lanak egiten dituzten emakumeen %95 emakume migratuak eta arrazializatuak direlako.

Horregatik guztiagatik, mezu argia zabaldu dute: «Arrazakeriaren aurkako feminista deskolonialak garen aldetik, gure kolektiboen aitortza eskatzen dugu, baita guk geuk gure borrokei buruz hitz egiteko dugun gaitasuna aitortzea ere. Ez da nahikoa egun bateko ekintza sinbolikoekin edo gure aldarriak zuen manifestuetan idaztearekin. Entzun behar gaituzue, zuen agendak eta estrategiak berrikusi ikuspegi antiarrazistarekin. Ezinbestekoa da arrazakeria kolonialaren aurkako erreparazio historikoan aurrera egiteko».

Grebarako eskubiderik ez dutela agertu dute Zumaian elkartu diren andreek. (Gorka RUBIO/FOKU)
Grebarako eskubiderik ez dutela agertu dute Zumaian elkartu diren andreek. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aldaketarako agente politikoak

«Feminismoa deskolonizatzeko» beharra azpimarratu dute, gogoraraziz egungo zaintza sisteman, generoaren logikak bezain besteko indarkeria dakartela logika «arrazista eta kolonialek».

Hainbeste, ezen, Euskal Herrian, «arrazakeriak eta xenofobiak determinatzen baitituzte formaziorako, lanerako, parte hartzerako, borroka sozialerako eta herritarren eskubideen bermerako aukerak, zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea barne», agertu dute.

Zentzu horretan, Amuge erakundeko ordezkariek nabarmendu dute emakume ijitoak lan merkatutik kanporatuta daudela, «baita sektore prekarioenetatik ere». «Autogestionatutako lan jarduerak, salmenta ibiltaria edo txatarra biltzea, adibidez, ez dituzte aintzat hartzen instituzio eta sindikatuek», gaineratu dute.

Alta, emakume migratu, arrazializatu eta ijitoak «aldaketarako agente politiko» direla azpimarratu dute eta, hala, dozena bat aldarrikapen baino gehiago luzatu zituzte Zumaiako saregileen plazatik. Hasteko, Estatu espainiarreko pertsona migranteak erregularizatzea galdegin dute, eta helburu hau lortzeko martxan den Legegintzako Herri Ekimena (LHE) babestu. Bestalde, etxeko lan internoa deuseztatu behar dela ozendu dute, etxeetako zaintza lanak hiru lanaldietan zatitu behar direla eta zaintzaileen soldatak orduko hamairu eurotara altxatu, besteak beste.