INFO

25.000 bisitari baino gehiago, emazte laborarien lana argitara eraman duen Lurraman

Azokaren 18. edizioa arraskatatsua izan dela nabarmenduz bilana plazaratu dute, azaroaren 13 honetan, Lurrama azokaren antolatzaileek. Orotara 25.000 lagun baino gehiago bertaratu dira Biarritzeko Irati erakustazokan hiru egunez iragan den laborantza herrikoiaren saloira.

Ahutz tropelak artzain eta bisitarien zaintza ukan zuen Lurrama azokan. (Patxi BELTZAIZ)

Lurramako antolatzaileek joan zen asteburuan Biarritzen iragan zen azokaren 18. edizioaren bilana jakitera eman dute astelehen honetan. Laborantza herrikoiaren saloiak joan zen ostiralean zabaldu zituen ateak Irati erakustazokan eta igande iluntzean eman zioten amaiera emazte laborarien lana argitara eraman duen azokari.

Orotara, hiru egunez luzatu den topaketara ezagutzera, 25.000 lagunetik gora bertaratu direla adierazi dute astelehen honetan antolatzaileek. «Emazte laborarien gaiak publikoaren interesa piztu du, orotarat 850 bat jende mintzaldi eta mahain inguruak entzutera izan baitira», nabarmendu dute Lurramako kideek.

Emazte laborarien lana argitara eraman du aurtengo azokak. Hala, ostiralean, eskoletako ikasleei eskainitako eguna izanik, nabarmentzekoa da zazpi laborantza lizeoren bisita izan zutela Lurramako ordezkariek. Horietatik bik emaztearen lan garapenaren alde lan egiten duen Andere Nahia elkarteak eskainitako generoari buruzko tailerrean parte hartu zuten.

Orotara 24 lehen mailako ikastetxetako 700 bat ikaslek parte hartu zuten Lurrama kari antolaturiko tailer pedagogikoetan eta ehundik gora bisita librean ibili ziren Irati erakustazokan. 14 elkarte aritu ziren azokan animazioak bermatzeko.

Boluntarioen lana, ezinbestekoa

Mila inguru boluntariok egin dute lan merkatuaren harira antolatzen diren hamaika ekimen aurrera eramateko eta lagun guzti horien engaiamendua eskertu dute bilana egiteko orduan Lurramako antolatzaileek.

Horrekin batera, edizio batetik bestera lankidetza berriak sustatzen ditu azokak, horrek bere arrakastaren ezinbesteko osagaia izanik.

Hala, Garaziko ostalaritza lizeoarekin aspalditik garatutako partaidetzarekin jarraitzearekin batera aurten lehen aldiz Chambre des Metiers 64 (CMA64) egitura ondoan ukan du Lurramak, hala «afari oso bat proposatuz».

Gastronomiak toki handia badu, bistan dena, Lurrama azokan. Gasna eta ogiaren ekoizpena nabarmentzeko lehiaketa bana egin dute aurten ere. Berrikuntza, bestalde, eztigileen eskarmentua goraipatzeko antolaturiko norgehiagoka.

Altzurukuko Michel Jaragoyenek irabazi zuen 74 ekoizleen gasnak erakutsi zituen lehiaketa bortuan eginiko gasnari eskainitako modalitatean.

Bigarren saria Barkoxeko Paradis Gaec-ak ( ustiapen amankomuneko laborantza elkartea) eraman zuen eta hirugarrena Aintzileko Bi Herri Gaec-ak.

Etxeko gasnari dagokionez, Barkoxeko Etxebarneak eraman zuen lehen saria, Arnegiko Kattin Caminok bigarrena eta Sohutako Uhart Gaec-ak eskuratu zuen hirugarren saria.

Esnetegian eginiko gasnaren atalari dagokionez, Agour esnetegiak eraman zuen sari nagusia, Aramits-ek eta Onetik-ek, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren saria eskuratu zituzten bitartean.

Ogiari buruzko lehiaketan,  berriz, Ezpeletako Berterreixek eraman zuen Herrikoa izendapenarenpean jarduten duten okinen lana nabarmentzen duen saria.

Aurten, lehen aldiz, amateurrak eta profesionalak lehiatu dira Euskal Herriko lore ainitzeko ezti hoberena nabarmentzeko titula eskuratu nahian. Profesionalen atarian Mikela Untsainek eraman zuen sari nagusia. Battit Castillonek, alde batetik, eta Boland Sancosek eta Christian Bacardatzek poltsikoratu zuten, bestalde, bigarren eta hirugarren saria.

Finean, amateurren atalean, Maider eta Franck Dorratcaguek eskuratu zuten lehen saria. Bigarrena Christophe Etcheverria izan zen eta hirugarren postua Christian Muscarditzek hartu zuen.