INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Aitor Zabaletaren heriotzaren 25. urteurrena: ‘Memoria dugulako, memoria garelako’

Abenduaren 8an 25 urte beteko dira ‘Bastion 1903’ talde faxistak Aitor Zabaleta hil zuenetik. Bultzada taldeak bideo bat egin du Realeko zalearen erailketa gogoraratzeko, 'Memoria dugulako, memoria garelako' lelopean.


Abenduaren 8an 25 urte beteko dira ‘Bastion 1903’ talde faxistak Aitor Zabaleta Realeko zalea erail zutenetik. Hilketa hark euskal gizartea astindu zuen kolpea izan zen. Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean sastakatu zuten Aitor, eta handik gutxira, goizaldeko hiruretan, Madrilgo La Paz ospitalean hil zen, 28 urterekin.

‘Bultzada’ taldeak, Aitorren hilketaren 25. urteurrena gogoratzeko asmoz, bideo bat kaleratu du, ‘Memoria dugulako, memoria garelako’. Horrez gain, datozen asteetan albiste gehiago emango dituztela aurreratu dute.

Bultzada taldearen esanetan, «faxismoaren inpunitateak bere baita jarraitzen duela» ikus daiteke, «kale, harmaila zein gizartearen espektro guztietan ikus daitekeen moduan».

«Faxismoaren zurikeria hedabide eta zirkulu politiko profesionaletara zuzen-zuzenean iritsi da, eta honek, sistemak berak dituen mugak argi uzten ditu agerian. Hortaz, beharrekoa zaigu faxismoa babesten duten mekanismoak borrokan jarraitzea», adierazi dute Bultzadakoek atzo ateratako ohar batean.

«Faxismoak langile klaseko sektore zapalduenak kolpatzen» dituela nabarmendu dute, eta Aitorren kasua dela horren adibide, «euskaldun izate hutsagatik erail zutelako», «beste hainbat» adibideren artean. Aldi berean, Bultzadakoek adierazi dute gaur egun futbol zelaietan «oraindik ere ikusi eta entzuten» direla «hainbat lelo eta abesti faxista eta arrazistak».

Horregatik guztiagatik, «faxismoaren aurka antolatzen eta borrokatzen jarraitu» behar dela azpimarratu dute, eta haien harmailan eta kaleetan «faxistak» ez direla «inoiz ongi etorriak izango»; «memoria dugulako eta memoria garelako».