INFO

Jangela-eredua aldatzeko eskatu dio LABek Lakuari, kalitatea eta segurtasuna lehenetsi dezaten

Duranako eta Hernaniko ikastoletako jangeletan gertatutakoari erantzunez, LABek eredua aldatzeko prozesuari ekiteko eskatu dio Lakuari. Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak «berriro gerta ez dadin» beharrezko neurriak hartzen ari direla ziurtatu du.

Duranako Ikasbidearen jangelaren egoera salatzeko mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

LAB sindikatuak «janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak» nahi ditu, eta Lakuako Hezkuntza Sailari eskatu dio jangela-eredua aldatzeko prozesuari ekin diezaiola eragile sindikalekin eta sozialekin.

Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu du jantokietan izan diren kasu «larrienak» aztertzen ari direla eta «horrelakorik berriro ez gertatzeko» neurriak hartzen ari direla ziurtatu du.

Adierazpen hauek Serunion enpresak Hernaniko Langile Ikastolako eta Duranako Ikasbidea ikastolako jantokietan eskaintzen dituen menuetan hautemandako «kalitate» arazoen harira datoz. Asteartean Lakuak jakinarazi zuen bi eskola hauetan enpresa horrekin kontratua etengo duela.

LABen ustez, azken asteotan salatutako «gorabeherak» ez dira «gertakari bakan batzuk» aurreko ikasturteetan beste enpresa batekin arazoak izan zirelako, «familiek jendaurrean horien berri eman zutelarik».

Hortaz, erantzukizuna Lakuarena dela adierazi du sindikatuak, kudeaketa «eskaintza ekonomikorik merkeena aurkeztu duen enpresak» lortzen duela salatuz. «LAB sindikatuak janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak nahi ditu, langileek lan-baldintza duinak izango dituztena, ikasleen beharrak zentroan jartzen dituena», aldarrikatu du.

17 ikastetxetan

Hezkuntza sailburuak, bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jantokia duten 417 ikastetxe daudela zehaztu du, eta Serunionek hauetako 17 zentroei ematen diela zerbitzua.

Ildo horretan, gogorarazi du enpresari «ohartarazpen batzuk» egin zaizkiola, eta adierazi du Hezkuntza Sailaren nahia dela «gutxienez ikastetxeren batean jada suntsiaraztea enpresa honekin lotzen gaituen kontratua, kalitate txarreko kasuetan edo jantokiko zerbitzuaren kalitatean izandako arazoengatik».