INFO

Singapur, Polonia, Iran eta Euskal Herria, Zinebiren palmares zabalean

Singapurko film labur batek eta Ukrainako gerrari buruzko lehen film batek irabazi dute Zinebiren 65. edizioko sari nagusiak. Palmaresean ere nabarmendu dira bi emakume: Donibane Lohizuneko Itziar Leeman, ‘Ximinoa’-rekin, eta Shadi Karamroudi irandarra ‘In the Rearvies’ film laburrarekin.

Irabazleak eta epaimahaikideak, Arriagan. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Oso aste intentsoa izan da eta plazer handia izan da, oso maila handia egon delako. Zaila izan delako kasu askotan erabakia hartzea. Oso desberdinak eta oso anitzak izan dira ikusi ditugun lanak, hori albiste ona da, ahotsen anistazuna eta lengoaien aniztasuna oso eskertzekoak direlako. Laburmetraiak bere horretan badela lengoaia eta formatu bat adierazten dute», aitortu digu Esti Urresola zinemagileak Zinebi jaialdiaren 65. edizioaren palmaresa ezagutarazi ostean.

‘20.000 especies de abejas’ film apartaren egileak epaimahaikide lanak egin ditu Bilboko jaialdian laburmetraien atal desberdinetan. «Pixka bat nire bizitzako mementu oso inportanteekin lotuta dago Zinebi –aitortu digu–. Eta hemen epaimahaikide egoteak dena oso azkar joan dela ikustarazten dit, azkenean ‘Polvo Somos’ laburmetraia Zinebin aurkeztu genuen eta ematen du aspaldi izan zela, baina berez hiru urte besterik ez dira pasa. Eta ordutik zenbat gauza pasa diren ikusteak pixkat bertigoa ematen du».

Laburmetraien sari nagusia ‘Beyond the Other Shore’ (Singapur) lanak jaso du. Epaimahaikideen arabera, «zinematografia oso zainduaren bidez, poesiaz beteriko film labur honek doluaren bidean barrena garamatza. Sentikortasun handiz, ikusleari aukera ematen dio noraez fisikoaren eta protagonista nagusiaren barne-sentimenduen artean nabigatzeko. Protagonistak bezala, eta bidaia honetan zehar, hilkortasunari, sinesmenei eta denboraren joanari buruz dugun pertzepzioari aurre egin beharko diogu. Filmak begirada sotilez sakontzen du gai oso astunetan; egunerokotasunean errotutako film hau samurtasunerako eta autoinduljentziarako dei bat da».

Pek Jia Hao eta Ang Jia Jun, pozarren. (Oskar MATXIN / FOKU)

Pek Jia Hao eta Ang Jia Jun, film labur honen egileak, Arriaga antzokian bertan zeuden, hunkituta erabat. «Ez dugu guztiz prozesatu oraindik, gure lehen filma delako. Hemen egote hutsak pila bat pozten gaitu», aitortu digute. Laburmetraiaren gaia nola bururatu zitzaien galdetuta, «behin, kalean behera gindoazen eta zoritxarrez ikusi genuen hildako bat. Ez genuen horren inguruan batere hitz egin, baina aste batzuk geroago konturatu ginen biok oraindik ezbeharrari bueltak ematen ari ginela. Horren inguruan film bat egitea erabaki genuen. Sua edo erretzea kultura txinatarrean lotuta dago heriotzarekin. Ohitura da dirua edo etxeak erretzea, hildakoak beste aldean jasotzeko esperantzaz. Ura lasaitasunaren elementua da, bakearena».

Laburmetrai hau eskolako lan bat da, zertan ari dira orain? «Badaukagu film labur bat postprodukzioan dagoena eta espero dugu urte bukaerarako amaituta izatea. Noski, sari honek asko lagundu digu beste pauso bat ematen. Errepikatu besterik ez dut egiten, baina benetan oso pozik gaudela. Oraindik ez dut prozesatu hau guztia».

Jaialdiko beste sari nagusia First Film Nazioarteko Lehiaketakoa da. Aurten Maciek Hamela poloniarraren ‘In the Rearview (Skąd dokąd)’ lanak jaso du. Epaimahaiak aho batez erabaki du, «nazioarteko gatazka baterako hurbilketa minimalistaren aparteko indarragatik, eta izugarrikeria ikuspegi humanistatik aztertzeko moduagatik. Edizioaren eraikuntza sendoa azpimarratzen dugu, gerraren erretratu poetiko eta hunkigarria sortzen baitu, irudi esplotatzailerik gabe eta hausnarketa sakona egitera gonbidatuz. Pertsonaiak eta zinemagilea gerratik aldentzen ari badira ere, ikusleak gerraren bihotzera joaten dira». 

Euskal zinemaren une ona

Euskal Zinemaren Sari Nagusiari dagokionez, Itziar Leemansen ‘Ximinoa’ laburmetraiarentzat izan da. Esti Urresolak aitortu digu euskal saria erabakitzean zailtasunak izan dituztela, baina berari, pertsonalki, «ilusio handia» egiten dio Ipar Euskal Herriko laburmetrai batek euskal zinemaren saria irabazteak. «Puntu interesgarri asko ditu lan honek, esaterako hizkuntzen arrakala nola plazaratzen den da interesgarria, modu narratibo batean egiten duelako, ez bakarrik deskribatzeko baliabide bezala, baizik eta benetan konflikto narratiboa bihurtzen duelako hizkuntzen kontua eta baita ere lagunarekin daukana», ohartarazi du.

Donibane Lohizunen eta Saran errodatuta, ‘Ximinoa’ lana interesgarria da oso. Epaimahaikidearen iritziz, «itxuraz lasaia den garapen-narratiba baten bidez, film laburrak errealitate isilki bortitz bat jartzen digu aurrez aurre. Aktore gazte batek, irrikaz eta naturaltasunez beteak, geografia mugakide batean barrena garamatza, non helduarora esnatzea nahitaez latza den igarobide bihurtzen baita, belaunaldien, kulturaren eta bizitzaren mugetan zehar, baina, batez ere, klaseen arteko talkan zehar. Bere apustu formal eta estetikoaren argitasuna alde batera utzi gabe, film laburrak giro klaustrofobiko batean murgiltzen gaitu pixkanaka; giro horretan, protagonista nahitaez esnatzen da klaseaz jabetzen denean». 

Hemengo lanek jasotako beste sari batzuk ere izan dira edizio honetan. ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria Tamara Garcia Iglesiasen ‘Zarata’ lanak jaso du –«bere originaltasunagatik eta kanon narratiboa hausteagatik,interpretazio eta gidoigintza lanagatik, eta ikus-entzunezkoen egungo ekoizpen-sistemari buruz modu kritikoan hausnartzera gonbidatzeagatik»– eta Cineclub FASen saria Aitor Irulegiren ‘Kusikozu’ lanak «bere baliabide musikal eta bisualekin giro limurtzailea sortzeagatik, minimalismoan duen sakontasunagatik, eta zikloetan, bai natura jatorrizkoenera, bai gure existentziaren gehien definitzen duen horretara eramateagatik».

Irango ezohiko ikuspegia 

Bestalde, sari gehien jaso duen lana film iraniar bat izan da: ‘It Turns Blue (Abi mishavad)’ , Shadi Karamroudi zinemagilearena, Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia, Publikoaren EITB saria eta Unicef saria eskuratu dituelako.

Epaimahiak aipatu duenez, «garrantzi eta unibertsaltasun handiko gai bati adimenez eta ezohiko ikuspegi batetik heltzeagatik» saritu da. «Film laburrak erakutsi egiten dizkigu indarkeriaren begien bistako aztarnak ikusezin bihurtzeko erabiltzen ditugun mekanismo psikologikoak, haurtzarotik bertatik zapalkuntza-sistemak betikotzea ahalbidetzen dutenak. Gidoiak, aldez aurretik ohartarazi gabe, beldur psikologikoaren kodean barneratzen gaitu, non emakume bat etsi-etsian saiatzen den mundu bat babesten, berak handik atera nahi duen arren. Zailtasun handiko gai bati heltzeko hurbilketa ausart eta trebeagatik, fikziozko film labur onenaren saria film honentzat da».

Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia ‘The Veiled City’ lanak (Ingalaterra) jaso du, Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia ‘La perra’ kolonbiarrak eta estatuko Zinemaren Sari Nagusia Alejandro Cabreraren ‘El soldao’ lana.

Eta European Film Awards 2024ko Hautagai Film Laburra Sara Jurinčič kroaziarraren ‘Valerija’ izango da.

Zinebin banatzen diren beste sari anitz daude. Networking 2023 Saria ‘Jo Sóc’ lanak jaso du, Patricia M. Felix katalanarrare lana izan da. Dokumentalen Sorgunea, ‘La isla sumergida’ proiektua bultzatzeko izan da, eta Aukera-Sortzaileak Saria eta Aukera Nazioartekotze Zineuskadi Saria ‘Ezagutzen ditugun bekain guztiak’ laburmetraiarentzat izan da, Marta Codesidorentzat.  Irene Royoren ‘Mi reina’ proiektua ere bultzatuko da, baita Amaia Chocarroren ‘Gure gozamena’.