Bizilagunekin: «Mirakontxako hotelari ehunka milaka euro irabazten utzi dio Donostiako Udalak»
Bizilagunekin plataformak salatu duenez, Mirakontxako Nobu hotelari «ehunka milaka euro irabazten utzi dio Donostiako Udalak udako denboraldian, arauak betearazi gabe».
«Mirakontxako hotelari ehunka milaka euro irabazten utzi dio Udalak udako denboraldian, arauak betearazi gabe». Hala salatu du astearte honetan Bizilagunekin plataformak.
Ohar batean azaldu duenez, «2023ko urtarrilean, maiatzean, abuztuan eta irailean jaso ditu Udalak Nobu hotelaren eraikuntzan ematen ari ziren arau hausteak agerian jartzen zituzten salaketak».
«Besteak beste, hotela 2023ko Aste Nagusian zabaldu aurretik, eraikina altuera handiagoan berreraikitzen ari zirela eta baimenik gabeko tximiniak ezarri zituztela salatua izan zen, beharrezko froga grafikoz hornituta», gaineratu du.
Eta, nabarmendu duenez, «azaroan hiriko ondare arkitektonikoaren zaintzan eta defentsan diharduen Ancora elkarteak egoera salatzen duen idatzia erroldatu du Udalean eta publikoki aireratu du auzia».
«Agerian geratu ostean, Udalak hotelaren itxiera agindu du. Ancoraren idatziak oso ondo azaltzen eta dokumentatzen ditu urraketa guztiak. Baina ondare arkitektonikoaren ikuspegitik egindako txikizioez gain, araudiarekiko jokaera da nabarmentzekoa», adierazi du.
Izan ere, «jarduera baimenik gabe hotela irekita zegoela begibistakoa zen. Hirigintza Sailaren esku zeuden salaketa guztiak eta Hirigintza zinegotzia hotela ireki zuen momentutik jakitun zen baimenik gabe ari zirela. Alkateak berak eta beste hainbat zinegotzik hotelean egindako ekitaldietan
parte hartu dute, baimenik gabe zabalik eta negozio egiten ari zen hotelean. Eta jokaera lotsagarri hori ilustratzen duten argazkiak denok ikusi ditzakegu».
Plataformaren esanetan, «oso larria da gertatutakoa. Izan ere, itxiera agindua abuztuan bertan sinatu zezaketen arren, turismo denboraldiaren garai emankorrenean negozioarekin jarraitzea baimendu diote hotel ilegalari. Kontuan izanda gauek 800 eta 1.800 euro artean balio duten 20 gelarekin lan egiten duela hotelak, ehunka milaka euroko diru-sarrerak eskuratu ahal izan dituzte hiru bat hilabetean zehar».
Egoera honen aurrean, plataformak salatu du «Udalak utzi egin duela arau hauste hau gertatzen. Informazio guztia eskura izan arren, Nobu hotelaren delituekin konplizitatez jokatu duela»: «Eskatzen dugu Udalak hotelaren sustatzaileei egindako arau hauste guztiekiko neurriko zigor ekonomikoa ezartzea: hilabete hauetan ilegalki eskuratutako diru-sarreren kopuruaz gain, ondareari egindako kaltea eta balizko lehengoratzea estaliko dituena, gutxienez».
Amaitzeko, dei egin die «donostiarrei gure hiria eta gure bizitzak kaltetzen dituen turistifikazioaren aurka aktibatzeko eta antolatzeko, denetariko elkarte eta ekimenetan parte hartuz. Donostia berreskuratu behar dugu turismo jarduerarekin aberasten ari direnen eskuetatik eta beren mesedetan gobernatzen dutenengandik. Donostia desazkunde turistikorantz bideratzea premiazkoa da».