INFO

Euskal armamentu enpresek palestinarren «genozidioan» duten «inplikazioa» salatu dute

Kakitzat talde antimilitaristako kideek elkarretaratzea egin dute ITP Aerok Barakaldon duen lantegiaren aurrean, «euskal arma-enpresek Palestinako herriaren genozidioan duten inplikazioa» salatzeko.

ITP Aero enpresaren Barakaldoko lantegi atarian egin duten elkarretaratzea. (KAKITZAT)

Ohar baten bitartez, ITP Aeroren Barakaldoko lantegiaren atarian egin duen elkarretaratzearen berri eman du. Portesta horrekin «euskal armamentu enpresek Palestinako herriaren genozidioan duten inplikazioa» salatu nahi izan dute.

«Kontuan izan behar da ITP Aerok Gazako zerrenda modu basatian eta bereizi gabe bonbardatzen duten Israelgo Armadako hegazkinak mantentzen launtzen duela eta jarduera militarra bere negozio osoaren %29 dela», azpimarratu du taldeak.

Kakitzat-en gaitzetsi du «gero eta inplikazio instituzional handiagoa dagoela EAEko armamentu-enpresekin, osasunean, pentsioetan, berdintasun-politiketan, gizarte-prestazioetan edo etxebizitza duina lortzeko laguntzetan egindako murrizketen aurrean».

«Instituzioek –gaineratu dute– gero eta babes handiagoa ematen diote industria militarrari, eta horren erakusgarri da Eusko Jaurlaritzak, aurrekontuen bidez, 100 milioiko dirulaguntza ematen diola euskal gerraren industriari».

Koordinadora antimilitaristak aipatu dituen Defentsa Ministerio espainiarraren datuen arabera, ehun bat euskal enpresek egiten dutela lan armagintzan: «Zehazki, Euskadin 750 milioi euro fakturatzen dira urtero, eta horrek Estatuko hirugarren autonomia-erkidegoa bihurtzen du, Madrilen eta Andaluziaren atzetik soilik».

Hori guztia dela-eta, «industria militarra industria zibil bihurtzeko eta heriotza, mina eta sufrimendua sortuko dituen arma-industria aurrekontu publikoaren bidez finantzatzeari uzteko beharra» planteatu du taldeak. 

«Palestinar herriari elkartasuna adierazteko, geldi dezagun euskal ekoizpen militarra!», aldarrikatuz amaitu dute irakurketa.