INFO

«Sistema hau zainduko» ez dutelako, Neska* Gazteek A30eko greba feministarekin bat egingo dute

Euskal Herriko Neska* Gazteek datorren azaroaren 30eko greba feminsita orokorrera deitu dute, «gure bizitzen aurka antolatzen den» egungo zaintza sistema ez dutela «zainduko» eta «erreproduzituko». «Zaintza eskubidea erdiesteko modu bakarra mobilizatzea, antolatzea eta borrokatzea» dela uste dute.

Astearte honetan A30eko grebara deitzeko EHN*G-ek Gasteizen egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Neskek zaintza lanak egiterakoan «12 euro ordua? Ez al da nahikoa 10 eurorekin?», «zure kapritxoak ordaintzeko besterik ez duzu behar» eta «haurrak asko maite zaitu, ez utzi lana» bezalako esaldiak jasotzen dituztela salatu dute Euskal Herriko Neska* Gazteek azaroaren 30eko grebara deitzeko egin duten agerraldian.

Zaintza lanak «baldintza prekarioetan» eta «emakumeen esku» uzten dituen sistema zisheteropatriarkala ez dutela «zainduko» eta «erreproduzutuko» argi utzi dute astearte honetan Gasteizen. Horregatik eta «zaintza eskubidea erdiesteko modu bakarra mobilizatzea, antolatzea eta borrokatzea delako», greba feminista orokorrarekin bat egitera dei egin dute.

Sektore osoan «prekarizazio joera orokorra» salatu dute, «baldintza duinen aldeko borrokan» garbitzaileak, egoitzetako langileak eta etxeko langileak «eredu» dituztela esan dute, «bide horretan» jarraitzeko asmoa erakutsiz.

Merkatutik kanpoko zaintza lanak ere aintzatetsi dituzte, neskak umeak zaintzera eta eskolak ematera «behartzen» dituen sistemak emakumeak «ordaindu gabeko lanaren zatirik handiena» egitera ere bideratzen ditu eta. «Zaintzari lan izaera kentzen diote eta inposatutako orduei maitasuna deitzen diete», azaldu dute.

«Horregatik emakumeek egiten dute lan familiaren barnean eta horregatik gure aitonak jubilatu egiten dira eta gure amonaek inoiz ez», gaineratu dute.

Gizonen ardura ere bai

Neska gazteak «lagun mutilen eta mutil-lagunen sostengu emozionala» izateaz gain, azaldu dutenez, militantzia espazioetan «batzuek erabaki politikoak hartzen dituzten bitartean, guk zaintza lanak egiten ditugu». Gainera, erasoak jasaten dituztela deitoratu dute.

Horren aurrean, protokoloen, prozesuen eta autodefentsa antolatuaren beharra ikusten dute «mutilekin konpartitzen dugun espazio bakoitzean».

Hori dela eta, «greba orokorrari begira egiten ari garen bezala, gizonekin aliantza politikoen nahiz antolakuntzaren zilegitasun eta garrantziaren alde» agertu dira, «feminismoa konfrontaziorik gabeko borroka izan behar den ideia patriarkala dela» ohartaraziz.

Beraz, «zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko borroka denon ardura» dela azpimarratu dute Euskal Herriko Neska* Gazteek, eta gizonei «ardura har dezaten», «ez dezaten zaintzaren gatazkan duten erantzukizuna alde batera uzten jarraitu» eta «gizonen posizio sozialetik egin dezaten lan» dei egin diete, greba «gurekin batera» egitera.