INFO

Unai Lasok «laguntza handiagoa» espero zuen bere itzulerarako

Arangurenekin arituko den aurrelariak ez du bere ezinegona ezkutatu Binakakoaren aurkezpenean. Artola-Imaz, Jaka-Mariezkurrena eta Peña-Albisu dira Baikoko beste bikoteak. Aspek Altuna-Martija, Ezkurdia-Tolosa, Peio Etxeberria-Zabaleta eta Elordi-Rezusta kantxaratuko ditu.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurkeztu dute urteko txapelketarik luzeena. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Karta jokoan ariko balira bezala, enpresek azken-azken unera arte gorde dituzte urteko txapelketarik luzeenerako kantxaratuko dituzten bikoteak eta erabakiak ez ditu denak gustura utzi. Aho bizarrik gabe, sei hilabeteren ostean kantxetara itzuliko den Unai Laso oso kritiko agertu bai bere enpresak eta baita Aspek atondutako txapelketarekin.

Ziurra da Bizkarreta-Gerendaingoak ez duela lehen jardunaldian jokatuko eta astez-aste joango da ikusten bere burua noiz ikusten duen jokatzeko prest, baina gaur Bilbora etorri eta Arangurenekin bikotea osatuko duela jakiteak ez dio gorputz onik utzi 2022ko Buruz Buruko txapeldunari. Lasok argi utzi nahi izan du ez duela inolako arazorik aginagarrarekin jokatzeko, baina hainbeste denbora geldirik egon ostean, «laguntza gehiago» espero zuen. «Ez ditut bikoteak ulertzen, ez nago ados eta ez dut esaten Arangurenekin jokatzeagatik. Nik uste dut ez dutela txapelketa ondo atondu, nik enpresarekin hitz egin nuen eta aurten atzean laguntza handiagoa behar nuela esan nien, ez nintzelako %100ean irtengo eta ez dute kontuan hartu eta ez nago batere ados», azaldu du. Lehen aste honetan Iker Larrazabalek ordezkatuko du aurrelari nafarra.

Baina aurrelariaren kexa ez da bere enpresak egindakora mugatu. «Aspeko bikoteak ez ditut ongi ikusten, txapelduna bigarren atzelaririk onenarekin jarri dute, eta Altuna-Martija ere txapeldun izandakoak dira. Uste dut ez dutela ongi egin eta ez didate lagundu oraingo honetan», gaineratu du.

Jaka-Mariezkurenak dirudi, hasiera batean behintzat, azken urteotako Asperen nagusitasunari aurre egiteko apusturik sendoena eta elkarrekin finala jokatutako Peña-Albisuk eta Artola-Imazek borrokarako grina erakutsiko dute.

Aspen ere zalantzak egon dira azken unera arte eta izen berak arituko diren arren, ez dute iazko bikote bakarra ere errepikatuko. Altuna III.a-Martija, Ezkurdia-Tolosa, Peio Etxeberria-Zabaleta eta Elordi-Rezusta izango dira txapelaren lehian arituko direnak. Eibarko enpresatik baieztatu dute Jokin Altunak ez duela lehen bi jardunaldietan jokatuko, gero ere ikusi egin behar zein den amezketarraren bilakaera, eta kasu honetan Danel Elezkanok beteko du bere hutsunea.

Finala, Iruñean Aberri Egunean

Gainontzean, txapelketak iazko lehiaketa sistema bera izango du, hau da, ligaxkan hirugarren eta laugarren geratzen diren bikoteek aukera bikoitza izango dute play-offean eta finala Nafarroa Arenan jokatuko da, martxoaren 31an, hau da, Aberri Egunean.

Abenduaren 9an itzuliko dira txapelketako partidak azken hilabeteotan itxita egon den Labritera eta Binakako honetan Donostiak protagonismo handiagoa izango du. Paretak margotu berriak dituen Atano III.ean lau partida jokatuko dira; abenduaren 8 eta 22an eta otsailaren 4an eta 18an.