INFO

Esperimentu soziala egin dute Zumaian, zaintzaren aferari heltzeko

Zumaiako Emakumeen* Etxeak antolatuta esperimentu soziala egin dute Zumaian, zaintzaren aferari heltzeko. Hainbat herritarrek hartu dute parte, Maitane Subijana kazetaria gidari zutela.


Zumaian esperimentu soziala egin dute, zaintzaren gaiaren inguruan. Zumaiako Emakumeen* Etxeak antolatu du eta Maitane Subijana kazetariak egin ditu aurkezle lanak. Askotariko herritarrek hartu dute parte.

Subijanak parte-hartzaileei azaldu die galdera batzuk planteatu behar zizkiela eta bakoitzaren erantzuna baiezkoa zenetan, pauso bat eman behar zutela aurrera. Besteak beste, inoiz zainduak izan ote diren, zaintzaren aferak kezka sortzen ote dien edo zaintza eskatzea deserosoa ote zaien galdetu diete.

Ondoren, parte-hartzaileei eskatu die aipatzera zihoan lanak egiten badituzte pauso bat aurrera egiteko eta, bestela, tokian geratzeko. Honakoak izan dira aipatu dituen zaintza lanak: beste norbaitentzako sukaldatu eta hari jaten ematea, beste pertsona bat garbitu edo janztea, norbaiten bakardadea saihesteko harekin denbora pasatzea.

Ostean, aurreko atalaren funtzionamendu berera itzuli eta galdetu die ea zaindu dituen pertsona emakumea ote zen eta ea etxean zaintza lanaren gehiengoa egiten duten, besteak beste. Halaber, zaintza lanak nor bere gain hartu izanaren ondorioen inguruan ere galdetu die Subijanak parte hartzaileei, baita lanerako dituzten baliabideei buruz ere.

Esperimentua bukatutakoan, emakumezkoak ziren aurrera pauso gehien emandakoak, zaintza lanen banaketan dagoen desoreka azaleraziz. Irailean egin zuten esperimentua eta ostegun honetan plazaratu dute hura jasotzen duen bideoa, ‘Zaintzen duen Zumaia irudikatzen ari gara’ prozesuaren baitan.