INFO

Hendaia, Baiona eta Donibane Garaziko udaletxeen aurrean elkartu dira Palestinarekin sostenguz

‘Gazako sarraskia gelditu’ lelopean joan zen azaroaren 4an Baionan abian eman zuten mobilizazio dinamikari jarraipena emanez, Hendaia, Baiona eta Donibane Garaziko herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan.

Hendaiako Herriko Etxearen atarian elkarretaratzea egin dute 50 bat lagunek. (Guillaume FAUVEAU)

Palestinaren askatasunaren aldeko oihuz bete zituzten azaroaren 4an Baionako karriken gaindi igaro zen manifestazioa batu ziren 500 bat herritarrek.

Qatarreko Gobernuak adierazitakoa betetzen bada, ostiral honetan, goizeko 7.00etan hasiko da Hamas mugimenduak eta Israelgo Gobernuak negoziatu duten lau eguneko menia.

Urrats horren irismena zein izanen den jakiterik ez badago ere, ezinbestean, testuinguru berriari so eginez palestinarrekin elkartasun mezua berretsi dute, ‘Gazako sarraskia gelditu’ dinamikari segida emanez, ostegun iluntze honetan Hendaia, Baiona eta Donibane Garaziko herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeak egin dituzten herritarrek.

«Bahituak eta presoak askatzea eraginkorra izan dadila»

«Lehen urrats gisa, beharrezkotzat jotzen dugu datozen egunetarako aurrikusitako su-etena arrakasta izan dezan, Gazako biztanleek laguntza humanitariorako sarbidea izan dezaten eta bi aldeetako bahituak eta presoak askatzea eraginkorra izan dadila», adierazi dute 50 bat lagun bildu dituen Hendaiako mobilizazioaren amaieran dinamikaren sustatzaileetako bik, Itziar Varelak eta Barthelemy Mottayk.

Izan ere, «bake justu, egonkor eta iraunkorra» lortzeko bidean inoiz baino gehiago elkarrizketa prozesua bultzatzea beharrezkoa dela defendatu dute hitzartze horretan.

Hala, Gazaren setioarekin eta oro har Palestinako lurraldearen aurkako mehatxu ororekin bukatzea galdegin dute, preseski konponbide iraunkorra sortzeari begira Israelek burutzen duen kolonizazioaren prozesu azkarrak sortzen duen oztopoa agerian jarri dutela.

«Ez da gerra bat, genozidio bat baizik» eta «Israel hiltzaile. Frantzia konplizea» bezalako leloak erakutsi dituzte Hendaiako elkarretaratzera bertaratu diren hainbak lagunek.

Deialdi zabalari erantzunez

35 herritarrek izenpetu zuten hasiera batean ‘Gazako sarraskia gelditu’ manifestua. Deitzaile horien artean ziren, besteak beste, Marie Cosnay idazlea, Jurgi Ekizamusikaria, Panpi Sainte-Marie laboraria, Eñaut Etxeberria pilotaria, Manex Fuchs antzerkigilea,  Joana Halsouet arraunlaria, Mathieu Beloki bakegilea, Xebax Christy elkarte militantea edo Itziar Varela militante feminista.

Geroago, beste 30 lagun baino gehiagok egin zuten bat deialdi horrekin, tartean Euskal Herria Bai, Europe Ecologie-Berdeak, NPA eta Gauche EcoSocialiste alderdietako hainbat ordezkarik eta Peio Dufau, Eñaut Aramendi, Clement Pottier eta Argitxu Dufau sindikatuetako kideek ere izenpetu zutela manifestua.

Azaroaren 4an eginiko lehenengo mobilizazioari jarraipena emateko 'Gazako sarraskia gelditu' dinamikak herritarrak elkerrataratzera deitu ditu gaur iluntzean Baiona, Donibane Garazi eta Hendaiako herriko etxeen aitzinean.

Lapurdiko hiriburuan 50 lagun elkartu dira eta 20 bat Donibane Garazin.