INFO

Williams, Omorodion, Chimy eta Traore dira euskal talde bakoitzeko jokalari azkarrenak

Iñaki Williams, Samu Omorodion, Chimy Avila eta Hamari Traore dira Lehen Mailako lau euskal talde bakotzeko jokalari azkarrenak. Bizkaitarra da hauetatik azkarrena, 35,4 km/h-ko punta abiadura erregistratuta. Talde bakoitzeko jokalari azkarrenaren sailkapenean, bestalde, Reala azkenaurrekoa da.

Iñaki Williams, baloiaren atzetik, San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jende aunitzen buruan egon zitekeen zalantza argituta geratu da. Nor da Lehen Mailako talde bakoitzeko jokalari azkarrena? Txunditzeko abiadura hartzen dute zenbaitek eta horiek zerrenda honetan egotea ez litzateke harritzekoa; beste batzuen kasuan, bai, ordea; eta baita beste batzuen hutsunea ere.

Euskaldunen artean, Iñaki Williams Athleticeko aurrelari da azkarrena. Talde zuri-gorriko jokalari azkarrena izateaz gain, euskal futbolaririk azkarrena ere badela berretsi da. Bere punta-puntako abiadura 35,4 km/h-koa da, Vinicius baino zertxobait gutxiago (36 km/h-ko abiadurarekin, Lehen Mailako jokalari azkarrena).

Williams zaharrena zerrenda honetan egotea ez da harritzekoa baina bai balio du argitzeko Williams anaietatik azkarrena zein den, edo behintzat punta-puntako abiadura gorena nork hartzen duen. Eta kasu honetan, aipatu legez, zaharrena irabazten du lehia partikular hau.

Alavesen, Samu Omorodionek nabarmentzen du, 53 km/h-ko puntako abiadurarekin, Williamsetik oso gertu. Atletico Madriletik utzita iritsi den aurrelaria, gainera, hasi da atea zulatzen eta une goxoan dagoela esan daiteke. Hiru gol egin ditu elastiko urdin-zuriarekin eta Gasteizen lur hartu aurretik, madrildarrekin beste gol bat egin zuen, Granadaren aurka, hain zuzen ere ostiral honetan Alavesen aurkaria izango dena. Melillako aurrelariak bolada onarekin jarraitu nahiko du, abiadura eta potentzia baliatuta.

Zerrenda honetan hurrengo, euskal taldeei dagokionez, Chimy Avila da. Aurrelari argentinarra da Osasunako jokalaririk azkarrena, 34,6 km/h-ko puntako abiadurarekin. Rosarioko goleatzailearen ezaugarri nabarmenetakoa da potentzia eta horri esker, punta abiadura itzela hartzen du. 2019an iritsi zen Iruñeara eta zenbait denboralditan taldeko giltzarri izan den arren, azken urteetan protagonismoa galtzen joan da, Budimirren momentu onaren ondotik. Aurten, gol bakarra egin du, Bartzelonaren aurka, irail hasieran.

Badirudi abiaduraren kontua aurrelarietan dagoela baina Realeko jokalari azkarrena ez da erasoko futbolari bat, baizik eta Hamari Traore hegaleko atzelaria. 34,3 km/h-ko da bere puntako abiadura eta hala, talde bakoitzeko jokalari azkarrenaren zerrenda honetan, talde txuri-urdina azkenaurreko sailkatua da, soilik Cadizen aurretik.