INFO

Xabi Tolosa: «Konfiantza berreskuratzea uste genuena baino askoz gehiago kosta zait»

Ezkurdia lagun, Peio Etxeberria-Zabaletaren aurka ekingo dio anoetarrak ostiral honetan Azkoitian iaz hainbeste eman eta kendu zion Binakakoa.

Xabi Tolosa, astearteko Bilboko aurkezpeneko irudi batean. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Asko eman eta beste hainbeste kendu zion Binakako txapelketak iaz Xabi Tolosari. Onenekin lehiatzeko gai zela ikusi zuen anoetarrak Jokin Altunaren laguntzarekin, baina finaletik hiru tantora baino ez zela, lesio batek bere unerik gozoena suntsitu zuen. 100 egun baino gehiago behar izan zituen zuntz hausturaz erabat osatzeko, baina oraindik ez du lortu orduko joko maila berreskuratzerik, baina ostiral honetan Azkoitiko Gurea pilotalekuan hasiko den lehiaketan gorantz egitea espero du Joseba Ezkurdia lagun duela.

«Izan nuen lesioa nahiko potoloa izan zen eta, egia esan, konfiantza hartzea izugarri kosta zait, hasiera batean uste genuena baino askoz gehiago. Baina halako lesioekin halako gauzak geratzen dira eta garrantzitsuena orain ongi nagoela da, ondo iristen naiz eta ea egiten duguna, goraka egiten dugun», azaldu du Aspeko atzelariak.

Elordirekin bikotea osatuz, maila ona eman zuen Tolosak Zubirin –22-14 irabazi zieten De la Fuente eta Martijari– eta horrek txapelketa itxaropenez hartzera darama atzelaria. «Egia esan azken partidetan gustura ari naiz eta hori positiboa da txapelketa hasi aurretik, emaitzak lagun izatea eta zure burua kantxan ondo ikustea beti da ona», gaineratu du.

Udan zehar zangoek ez diote berak nahi bezala erantzun, baina pixkanaka gorantz egiten ari da eta itxaropentsu begiratzen dio atzelarientzat urteko sasoirik garrantzitsuenari. «Binakakoa garai polita eta garrantzitsua da atzelariontzat, eta gustura nago aurten ere parte hartuko dudalako. Ea pixkanaka maila ona hartzen dugun, bikote bezala ondo funtzionatzen dugun eta emaitza onak lortzen ditugun».

Ezkurdiarekin oso gustura

Ondo ezagutzen duen aurrelari bat izango du ondoan, duela bi urte ere bikotea osatu zuen Joseba Ezkurdiarekin eta, alde horretatik ez du inolako kexarik, nahiz eta orduko hartan kosta egin zitzaien jokoa eskuratzea. Lehen itzuli txarra osatu ostean, seigarren amaitu zuten ligaxka, aurten play offa jokatzeko aukera emango liekeen postua. «Josebarekin oso gustura, duela bi urte berarekin jokatzeko aukera izan nuen baita ere eta biok harreman oso ona daukagu. Hori, halako txapelketa luze batean, nik uste oso garrantzitsua dela eta, egia esan, ikaragarri pozik nago berarekin».

Ez dirudi ez bata ez bestea euren sasoirik onenean heltzen direnik Binakakora eta, momentuz, Xabi Tolosak nahiago du helbururik ez jarri eta astez aste joatea. «Ikusi beharko da txapelketa nola doan, aurrena puntuak biltzen saiatu eta gero, bigarren itzulian edo, ikusiko dugu nolakoa den egoera eta ondoren aterako ditugu ondorioak», azaldu du.

Txapelketaren osaerari buruz, Azkoitian aurrean izango duen Jose Javier Zabaleta bezalako atzelari jotzaileak jotzen ditu faboritotzat. «Maila bertsuko bikoteak daude, baina egia da bikote batzuk besteon gainetik daudela eta, batez ere, esango nuke, atzelaririk jotzaileenek alde handiak egiten dituztela eta uste dut Zabaleta eta Mariezkurrena goran egongo direla. Rezusta eta Albisuk ere, iruditzen zait puntan ibiltzeko aukera dutela».