INFO

Bilbao Basketek «ez du dinamika txarrik», baina bai «eten beharreko bolada txarra»

Ibon Navarroren Unicaja dator Miribillara zapatuan 20.45ean. Bizkaitarrek ACB Ligako azken bost neurketak galdu dituzte, baina FIBA Eurocupean irabazteak «nola irabazten den ez ahaztera» eraman ditu. Badalonako porrota pasatuta, Unicajaren «gaitasun fisikoa» gainditzea du helburu Jaume Ponsarnauk.

Hlinason erasoan eraginkorrago nola izan bilatzen lanean ari da Bilbao Basket. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Borondate eta aldarte onik ez duenik ezin zaio leporatu Jaume Ponsarnauri. Segidan ACB Ligako bost galduta eta kazetarien galdera errepikakorrei irribarrea galdu gabe erantzuten asmatzea ez da gutxi: «Nola hautsi liteke bolada txar hau?» «Nola irabazi daiteke hurrengo partida?» «Ez zaituzte erasaten emaitza bolada txarrak?», «Taldea dinamika txar honetatik nola atera liteke?».

Beste hainbatek honezkero zaunka ere egingo luke erantzunik eman beharrean, baina momentuz behintzat Jaume Ponsarnauk ez du aldarte onik galtzen eta larunbat gauean 20.45etatik aurrera Unicajaren aurkako partidara begira baikor eta itxaropentsu azaldu da. Baina kontzeptu argi batekin, baita ere: «taldea ez dago dinamika txarrean, emaitza bolada txarrean baino», azpimarratu du.

«Azken hiru porrotek frustrazio handia eragin digute. Tamalgarriena Zaragozaren aurkako porrota izan zen; Real Madrilen aurka azken orduan talentuari esker sartu zituzten bi hirukok erabaki zuen partida, baian azkenera arte aukerak izan genituen; Joventuten aurka Badalonan, azken minutura zazpi puntu aurretik iristeko gauza on asko egin genituen, baina azken minutu horretan hainbat hankasartze elkar lotu ziren. Adibidez, larregi lagundu genuen Andres Felizen defentsan eta Ribas bakarrik utzi genuen 78nakoa sartzeko, eta aurrez, DeShaun Thomasi erasoan hiru errebote hartzen utzi genion. Azkeneko jokaldia, ba tira. Errespetu osoz, Andres Felizek 21 metrotatik hirukoa bota eta 8 edo 9 bider kale egingo lukeela uste dut. Aldiz, Kullamaek bost metrotik bakarrik bota eta 8 edo 9 aldiz sartuko lukeela. Baina hori ere pasa egin behar», onartu du Jaume Ponsarnauk.

Tarregako entrenatzailearen aurretik Xavi Rabaseda kapitainak ere hitzegin du, eta hegaleko katalanak aitortu duenez, «halako porrot gogorrek motxila pisutsuago egiten dute, bai, baina motxila hori aldean jokatzeak garaipena are eta zailago bihurtzen du, batez ere Unicaja bezalako talde handi baten kontra».

Unicaja izan da denboraldi honetan Real Madrili partida bat irabazi dion aurreneko taldea. Joan zen igandean 62-41 galtzen ari ziren Ibon Navarro eta bere jokalariak eta azkenerako 93-99 nagusitu ziren. Alabaina, asteon FIBA BCLko neurketan Le Mans talde frantsesaren aurka kale egin dute eta ACB Ligako sailkapen nagusian bigarren postuan badaude ere 7-3 balantzearekin, ez dira gaindiezinak.

Bai gogorrak, ordea. «Unicajak hamabi jokalari on ditu; Ibonek hamabiak erabiltzen ditu eta hamabiek dute gaintasun fisiko handia. Horrez gain, Unicaja talde handia dela erakusten du iaz hain denboraldi ona egin eta gero –Kopa irabazi zuen bere historian bigarren aldiz– ia lehengo multzo berbera dutela ikusteak», ohartarazi du Jaume Ponsarnauk.

Erasoa, gako

Nolanahi, ACB Ligako bolada txarraren aurka FIBA Eurocupeko aurreneko fasea erabili nahi izan du ezkututzat Bilbao Basketek. «Europan lorturiko garaipenek nola irabazten den ez ahaztea ahalbidetu digute», azaldu du Ponsarnauk eta, urrunagora jo gabe, Caledonia Gladiators taldearen aurka defentsan egindako lanarekin konforme azaldu da; ez horrenbeste erasoarekin.

«Erasoan tarteka gure helburua lortu genuen, baina tarteka galdu xamar aritu ginen. Atzean bai, atzean sendo jokatu genuen neurketa osoan zehar eta horrekin pozik nago, baina Unicajaren aurka erasoan ere sendotasun hori izan beharko dugu», azaldu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.

«Unicajak bikain baliatzen ditu arerioaren akatsak», ohartarazi du ere Xavi Rabasedak. Zentzu horretan, Jaume Ponsarnauk berak taldearen erantzun fisikoari garrantzia handia eman dio. «Sendotasun osoa 40 minutuetara luzatzeko bidean jarri dugu fokua, baina oraindik apur bat falta zaigu», eta zehazten hasita, Sacha Killeya-Jones eta Hlinason pibot bien puntuak faltan bota ditu.

Hasteko, Killeya-Jonesek Real Madrilen aurka hartu zuen kolpe handi hark –lepo gainean erori zen eta ezer larririk gabe zutitu bazen ere, Miribilla mutu geratu zen une batez– «sentsazio onak eta eraginkortasuna galtzea suposatu dio, eta horiek berreskuratzen egin behar du lan», azaldu du Ponsarnauk.

Hlinasoni buruz, berriz, «epaileek gaizki pitatzen» diotela kexatu da. «Ez dago gure esku epaileen lana, baina bai erasoan berarengandik lortu nahi dugun hori lortzeko lana, bestalde defentsan sendotasun handia ematen digulako», gaineratu du.

«Unicajaren aurka fisikoki eta buruz sendo jokatu beharko dugu, ea horrela bolada txar hau eteten dugun eta, hala, ez didazue berriz ere bolada txarrari buruz galdetuko», erantzun du azken puntua Bilbao Basketeko kirol prestatzaileak.