INFO

Erasoei erantzuteko bide alternatiboa Bilboko Alde Zaharrean

Bilboko Alde Zaharreko talde feminista da Kalamiak. Sei urtetan bere diskurtsoaren inguruan komunitate bat ehuntzea lortu du, eta hari esker aurrera daraman erasoen kudeaketak oihartzuna izan du. Ikuspegi barneratzaile eta pedagogiko batetik, erasotzailea zigortu beharrean, hura heztea du helburu.

Bilboko Alde Zaharrean gertatutako erasoen aurkako mobilizazio bat. (NAIZ)

Auzoko Zazpi Katu gaztetxearen 10. urteurrenaren harira osatu nahi izan zuten protokoloan du sorburua. Asmoa aurrera eramateko prozesu ireki bat abiatu zuten eta emakume asko batu zitzaion «oso maskulinizatua» zegoen asanbladari. Hala atzeman zuten emakumeek espazio propio bat izateko zuten beharra eta «emakumeen problematika lantzeko» xedez jaio zen Kalamiak 2017an.

Emakumeen ahalduntzeari edo komunitatea indartzeari begira zenbait arlo landu dituzte, baina erasoen kudeaketa izan dute ibilbideko gako nagusia, halabeharrez, Amaia Bosque kidearen esanetan. «Alde Zaharrean biltzen delako jende asko, taberna asko dago, jai giroa... ez da erabaki dugun zerbait, baina kudeatzea tokatu zaigu».

Eredu komunitario batetik, pedagogikoki erantzuten saiatzen dira, oro har, erasoen aurrean izan ohi den jarrera zigortzailetik aldenduz. Alegia, auzo feminista bat sortu nahi dutenez, erasotzailea zuzenean kanporatu beharrean, «hezten eta eraldatzen» ahalegintzen dira; izan ere, lanketarik gabe urrunarazteak arriskua baitu: «Erasotzaile bat Alde Zaharretik doa beste auzo edo herri batera, eta guk ez baditugu hango feministak ohartarazten, agian, bertan jarraituko du indarkeriaz jokatzen eta erasoak egiten». Kezka hori da aurrera daramaten esku hartzearen oinarria.

Berrintegratze helburu hori lotzeko zenbait pauso zehazten dituzte. Hasteko, erasoa jaso duenak hala behar badu, erasotzaileak aldendu egin beharko du espaziotik, «Alde Zaharrean edo X tokitan ez egotea errespetatu beharko du».

Mugak ezartzeaz gain, erasotzaileari esaten diote zer landu behar duen eta marko bat osatzen dute, egunerokoan horren jarraipena eta ikuskaritza egiteko. Horren parte dira belaunaldi desberdinetako auzoko emakume feministak, erasotuaren eta erasotzailearen ingurua. Azken hori faktore garrantzitsua dela dio gazteak, batetik, erasotzailearen barne prozesu bat ez izateko, inguruarena, baizik, eta bestetik, lagunek, kuadrillak, familiak... balora dezaketelako aldaketarik egon den ala ez. Irizpide nagusia da lidergoak feminista izan behar duela, hau da, eman beharreko pausoak emakume feministek erabakiko dituzte, beti ere, erasotuaren beharrak errespetatuta, eta helburu egingarriak ezarrita.

Erreferentziazko leku segurua
Beti ezin da burutu, ordea, erasotzaileek ez dutelako parte hartu nahi izaten eta haien jarrera ere ez da beti onena. Kideak gogoratu duenez, berriki, «prozesuetako batean erasotzaileak bere kanpaina propioa egin du, diskurtso hau eta gertatutakoaren gure errelatoa gezurra zela esanez. Horrelako kontra edo oztopoak izan ditzakegu batzuetan».

Ezezagunen kasuak direnean ere, lanketarik ez dago. Horren ordez, indarkeria salatzeko kanpaina bat egiten dute, kalean pankartak jarriz, agerraldiak eta mobilizazioak eginez. Komunitate barruan gertatu bada edo jarrera jakin batzuek protokoloa aktibarazten badute, auzoan kontzientzia izateak edo beraien diskurtsoa babesten duen jendea egoteak ez baitu bermatzen erasotzaile ez izatea; prozesua jarraitzeko prestutasun handiagoa dute.

Behin abiatuta, maiz prozesua Kalamiaketik kanpo aurrera eraman ohi dute, eta batzuetan ez dute beraiek martxan jartzen, nahiz eta «koordinazio informal» bat egin.

Sei urteko ibilbidean taldearen inguruko komunitate bat eratzea eta «erreferentzialtasuna» lortu dutela uste du Amaia Bosquek, indarkeria kasuren bat bada, beraiengana jotzen dutela. Eta ez auzoan bakarrik. Inoiz beste herriren batean gertatutako kasuren bat kudeatzeko laguntza eskatu diete. «Esan diegu irizpide nagusiak zeintzuk diren, baina herriaren errealitatearen araberakoa da. Batzuetan talde feministak ez dauka indar askorik eta diskurtsoa ez dago horren aktibatuta... egin daitekeen lana bestelakoa da».

Oztopoei aurre egiteko borroka gatazkatsua

Kalamiak taldearen ibilbideak erakusten du txikitik eragin daitekeela, nahiz eta bidean oztopoak ez diren falta. Proposatzen duten prozesua muga legaletatik ateratzen denez, isunak jaso dituzte eta bi kide feminista epaiketaren zain daude.

«Sistema kolokan jartzen duzunean edo, diskurtsiboki bada ere, salatzen ari zarenean, erantzuna beti da indartsuagoa», zehaztu du Amaia Bosque kideak. Halakoak kaltegarriak zaizkiela uste du, beraien jardunarekiko zalantza sor baitezakete. «Poliziarekin istilu bat badugu, kanpoko begirada alda dezake, gure proposamena desberdin ikus daiteke».

Barrura begira ere, bere ondorioak ditu. Halakoak etengabe jorratu behar izatea «emozionalki oso gogorra» dela aitortu du, eta «desmotibazioa» dakarrela, bereziki, denboran luzatzen badira, lan karga askotan beraien esku geratzen baita, mobilizatzeko indarra galtzen doa...

Era berean, beraien plangintzak aurrera eramatea zaila egiten zaie. Taldearen interesen arabera landu nahi dituzten gaiak dituzte, hausnartzeko edo kanpora begirako dinamika gisa. «Saiatzen gara ekintza batzuk egiten emakumeen ahalduntzeari edo gure komunitatea sendotzeari begira, zaintzari lotutako dinamikak... Urte bukaerako balorazioan askotan ‘hau ez dugu egin’, ‘hau ere ez’... izaten da».

Horregatik, Amaia Bosqueren iritziz inportantea da «dinamika propioak sortzea eta horiei plangintzetan garrantzia ematea, iparra ez galtzen laguntzen duelako. Asanblada guztietan puntu garrantzitsu bezala eduki eta hori ez galtzen saiatzea, nahiz eta indarkeria kasuak kudeatzen aritu».