INFO

Ibarzabal gailendu da Lemoan, eta erabakita geratu da finala: lehen aldiz bost emakume kantuan

Nerea Ibarzabalek irabazi du azken finalaurrekoa 638 punturekin. Lemoako Udal Kiroldegian abestu dute sei bertsolariek, eta bertan 700 bertsozale egon dira kiroldegia berotzen, baina zuzenean bertso.eus-en bidez jarraitzeko aukera ere eman dute antolatzaileek eta 300 ikusletik gora izan dira.

Nerea Ibarzabal, Lemoako finalaurrekoko irabazlea kantuan. (Oskar Matxin | FOKU)

Finalaurrekoek tentsio, urduritasun eta poza nahasian izan ohi dituzte, baina larunbat arratsalde honetan Lemoan egindako Bizkaiko azken finalaurrekoan poza gailendu da azkenerako. Nerea Ibarzabalek irabazi du saioa (638 punturekin), eta saioan berarekin batera kantuan izandako beste hiru bertsolari ere pasatu dira finalera: Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Aissa Intxausti. Lehen aldiz bost emakumek kantatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean.

Bilbao Arenan zortzi eserlekuak beteko dituzten zortzi bertsolariak beraz, finkatuta geratu dira: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti.

Gogotsu zegoen entzulea, hasierako txaloetatik antzeman da hori, baita pankartetan ere, beste saioetan baino dexente gehiago zeuden, zortzi bat guztira. Zortziko nagusia zorrotz hasi dute Bartra eta Ibarzabalek; alaba eta ama ziren, eta Ibarzabalek esan dio arduratuta dagoela etorkizunean ez duelako ingurukoentzat zama bat izan nahi. Bartrak zainduko diola erantzun dio, «nik zu zaintzeko utziko ditut/ arima eta gorputza/ baina bidean nahi dut sistema/ publiko baten laguntza». Zaintzarengatik «bizitzea geraraztea» zer den ongi dakiela erantzun dio amak.

Enbeita eta Amillategi pisukideen azalean jarri ditu Idoia Anzorandia gai jartzaileak, eta afalorduan telebista ikusten Palestinako irudiak ikusi, eta kentzeko eskatu dio Enbeitak lagunari. «...zuk dinoztazu gogorra dala/ ta aldatzeko katea/ ez ikusteak ez dau aldatzen/dauen errealitatea». Eta Enbeitak erantzun dio ezin badute ezer aldatu nahiago duela ez ikusi.

Bixi eta irudimentsu

Umoretik jo dute zortziko txikiko bertsoaldiek, eta oholtza gainekoen irudimena beste behin frogatuta geratu da. Tabernariaren eta zerbitzariaren arteko elkarrizketa Benito Lertxundiren kantuak ere gogoratuz, txapelketako ganbarazaina eta kantatu nahi ez duen bertsolaria, edota alkoholemia kontrola egiten ari den udaltzaina eta gidariaren lekua hutsik eta kopilotuarenean dagoen herritarraren gorputzetatik igaro da entzulea.

Intxaustik preso politikoaren ahotsetik kantatu du hamarreko txikian, kondena bete eta laster kalean izango zen, eta Bartra bere lagunarekin bere arduren inguruan ibili da hizketan. «Lehen gogoa neukan/ ta orain beldurra», aitortu dio eta baita galduta sentitzen denean bere laguntza eskatu ere. Bartrak, lagunaren paperetik itxi du ofizioa: «Kartzelan guztia da/ besten oihartzuna/ funtzionariak guau/ta zuk erantzuna/ ordutegi zehatza/ ta oso zurruna/ zuretzat ez al da/ azkenin summuma/ zuk erabakitzea/ egiten duzuna?».

Ezkutatu arren, egiten denaz

Ganbarako gaian ligatzea, antsietatea, elikadura nahasmendua zein norberaren itxura izan dute aipagai, baina amaierako agurrean Ibarzabalek esan bezala, «zeren seinale da hainbeste anorexi?». «Gero eta gehiagotan egiten duzu, inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara» zuten gaia.

Ibarzabalek ohi duen trebeziaz heldu dio gaiari, eta saioko ale bikainenak utzi ditu. Deskribapen finez amaitu du lehenengo bertsoa: «...oraintxe hasi berri dut/ neure kontrako partida/ zerbait irentsi orduko/ esaten baitut aski da/ estomagoa egin zait/ besteen begien neurrira/ eta nahi ez dudan arren/ beti alditik aldira/ nahigabe joaten zaizkit/ hatzamarrak eztarrira». Bigarrenean amari ezer ez zaiola gertatzen kontatu dio, eta hirugarrenarekin itxi du zirkulua: «...eskatu nahiko nioke/ salbazio posible bat/ arren sartu hatzamarrak/ ta ateraizkidazu berbak».

Enbeitak bere gorputzaren inguruan kantatu du, nola lodi egonagatik kanpora begira ez zaion ardura esaten duen, baina ispiluaren aurrean egunero bere kontra borrokan dabilen. Estreinakoz sartu da finalera Intxausti, eta ganbarakoan ere utzi du bere zigilua, parrandan ligatzea gustuko duen eta komunetan larrua jotzen amaitzen duen hogeitamar urteko gaztearen paperetik. Bere estilo propioz hasieratik, hona hirugarren bertsoa «Gazte garaian bueno ok/ baina orain trantzeko/ 30 urterekin/jada ez da baleko/ ta kostata ibiltzen naiz/ altuan onartzeko/ nahiz eta pasatzen dudan/ parrandaro ederto/ ingurukoak prest daude/ beti kritikatzeko/ ta kritikak jaso baino/ izkutatu hobeto».

Sailkapena:

1. Nerea Ibarazabal 638 puntu
2. Onintza Enbeita 635,5 pt.
3. Oihana Bartra 610,5 pt.
4. Aissa Intxausti 580 pt.
5. Ibai Amillategi  571 pt.
6. Josune Aramendi 567,5 pt