INFO

3.200 pertsona «Konponbiderako giltzak» zabaltzeko azken ostiralean

Urrian 'Giltza' izeneko manifestua aurkeztu ostean, Sarek eta Etxeratek azken ostiraleko elkarretaratzeak egin zituzten «herriz-herri, auzoz-auzo konponbiderako giltzak konpartitzen, manifestua hedatuz, konpromiso aktiboen bila». Hurrengo asteotan deialdiak biderkatuko direla gogoratu zuten.

Sarek eta Etxeratek ostiralean Bilbon egnidako mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU)

3.200 pertsona mobilizatu ziren herenegun ospatu zen azken ostiralean 'Konponbiderako Giltzak' lelopean. Parte hartze datua 71 herri eta hiritan Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak batera egindako mobilizazioetan jasoa da.

Etxeratek eta Sarek jasotako datuak hauek dira: Zegaman 15 lagun; Astigarragan, 20; Gernikan, 35; Bilbon, 130; Legorretan, 23; Elgoibarren, 35; Lezon, 36; Ibarran, 32; Zeberion, 33; Lizartzan, 37; Durangon, 68; Muxikan, 15; Gasteizen, 285; Algortan, 71; Orozkon, 18; Ordizian, 55; Romo-Itzubaltzetan, 24; Sopelan, 13; Larrabetzun, 46; Oiartzunen, 30; Otxandion, 38; Zaldibarren, 12; Erandion, 29; Lekunberrin, 8; Laudion, 24; Areson, 15; Ermuan, 38; Etxarrin, 75; Galdakaon, 87; Leioan, 53; Basaurin, 25; Usurbilen, 44; Zuian, 18; Ikaztegietan, 20; Bergaran, 53; Irurtzunen, 20; Beran, 19; Berriozarren, 34; Aulestian, 76; Gorlizen, 6; Plentzian, 11; Lazkaon, 63; Tolosan, 60; Aretxabaletan, 47; Villabonan, 66; Ugaon, 35; Iurretan, 42; Igorren, 46; Deban, 42; Ibarran, 26; Bakion, 25; Ean, 35; Eskoriatzan, 33; Berastegin, 28; Andoainen, 33; Santurtzi-Portugaleten, 106; Hernanin, 110; Zestoan, 22; Oñatin, 71; Arrigorriagan, 40; Hendaian, 25; Baionan, 15; Itxasun, 15; Miarritzen, 15; Eibarren, 46; Donostian, 125; Elorrion, 55; Muskizen, 14; Iruñean, 75; Agurainen, 28 eta Busturian, 17.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, «salbuespen espetxe-politika, eskubideak urratzen dituen alde zigortzailea soilik duena», salatu du urtero Etxerat Elkarteak bai Gasteizen zein Iruñeko kaleetan, eta Durangoko azokara eramango dute giza eskubideen defentsa 'Kultur Giltzak' ekimen partehartzailea burutuz, goizean zehar luzatuko dena eta Landako ondoko tximiniaren ondoan argazki herritar bat eginez bukatuko dena.

Era berean, hurrengo asteotan presoen alde 'Konponbiderako Giltzak' ekimenaren baitako ekimenak biderkatuko direla gogoratu zuten. Horrekin batera, Etxeratek eta Sarek Sara Gogoan eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek Sara Fernandez eta sakabanaketaren eraginez hildako gainontzeko 15 biktimak modu ofizialean aitortuak izan daitezen urratsak ematera deitu dutela azpimarratu zuten, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin bat egin zuten, 21 euskal preso emakume daudela gogoratuz eta, «presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar» gelditzen direla adieraziz.

Amaitzeko, «salbuespen legeriari amaiera emateko eta euskal preso, iheslari eta deportatuei behingoz espetxe-politika arrunta aplikatzeko beharra» aldarrikatu zuten.