INFO

Feminismoarekin «marketina» egitea kritikatu eta politika «eraginkorrak» eskatu ditu EH Bilduk

Oihana Etxebarrietak eta Maddalen Iriartek Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira larunbat honetan egindako mobilizazioen balantze positiboa egin dute, eta erakundeei «politika feminista erreal eta eraginkorrak abian jar ditzaten» eskatu diete.

EH Bilduko kideak larunbatean Donostian izandako manifestazioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

EH Bilduk dei egin die erakundeei «politika feminista erreal eta eraginkorrak» abian jar ditzaten, «feminismoa marketina egiteko erabili beharrean».

Mezu hori helarazi dute igande honetan Hernanin Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Maddalen Iriarte EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak.

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira larunbat honetan egindako mobilizazioen balantze positiboa egin dute.

«Atzo, berriz ere baliabideak eta lankidetza-guneak ezinbestekoak direla ikusarazi zen», nabarmendu du Etxebarrietak, feminismoaren bi «ereduez» hitz egin duenak.

Alde batetik, «azaroaren 25a edo martxoaren 8a marketin-kanpaina bat egitera eta adierazpen zuritzaileak egitera mugatzen dena» aipatu du, eta, bestetik, «lankidetzako espazioetatik baliabide eta politika publiko feministak lantzen dituena».

«Bigarren honetan EH Bildu aurkituko duzue, mugimendu feministaren eskaerak entzuten, politika publiko eraginkor eta abangoardista bihurtzeko. Erakunde guztiei dei egiten diegu arduraz joka dezaten, politika feminista erreal eta eraginkorrak abian jar ditzaten», azpimarratu du.

Hernaniko adibidea

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista jarri du adibide bezala. Bertan, «langile kualifikatuak, berdintasun-teknikariak eta gizarte-langileak, abokatuak, psikologoak eta koordinatzaile feministak daude».

«Eremu hori zabaltzean, indarkeria matxisten salaketak areagotu egin ziren. Horrek erakusten du bitartekoak egoteak eta laguntza egokia dagoela hautemateak urratsa ematen laguntzen dutela. Eta bereziki garrantzitsua dena: behin hori eginda, etengabeko laguntza izango dutela», adierazi du EH Bilduko ordezkariak.

«Une honetako erronkak»

Maddalen Iriarteren hitzetan, «kaleko pultsuak erakusten du zein diren une honetako erronkak».

«Entzuteko gaitasuna izan behar dugu. Herrialde gisa erantzun behar zaio zaintza-sistema publiko komunitarioaren eskaerari. Herri mailako itunen bideak guztiok behar gaitu, erakundeak, sindikatuak, zainduen senideen elkarteak, mugimendu feminista...», gaineratu du.

EH Bilduko batzarkideak zaintzaileen lan baldintzak duintzearen alde egin du, «ezin delako sektore horretako langileen lan prekarietatean oinarritutako eredu bat mantendu».