INFO
Elkarrizketa
Miren Aranguren eta Ainara Santamaria
‘Ez dadin bizitza eten’ liburuaren egileak

«Denok mendeko garela onartuko bagenu fikzio handi batzuk eroriko lirateke»

Emagineko ikertzaileak dira, eta Txalaparta argitaletxearen eta Iratzar Fundazioaren enkarguz, ‘Ez dadin bizitza’ eten liburua ondu dute Monika Mendiberrirekin batera. Iparrorratza bildumara batu den ale berriak zaintza sistema du mintzagai, bere konplexutasunean.

Miren Aranguren eta Ainara Santamaria. (Jon URBE | FOKU)

Zaintzaren unibertsoa orbitatzen duten korapiloak jaso, xehatu, matazara bildu eta gerturatu dizkiote irakurleari Miren Aranguren, Ainara Santamaria eta Monika Mendiberrik ‘Ez dadin bizitza eten’ lanean. Lehen biak NAIZekin eseri dira, azaroaren 30eko grebari ere zeharka begira.

Zaintza sistema alda dadila eskatuko duen grebaren bezperatan, gaia auzia bolo-bolo dabilen honetan, eman duzue «Ez dadin bizitza eten». Zein da liburu honekin egin nahi izan duzuen ekarpena?

Miren ARANGUREN: Esango nuke era dibulgatibo eta oinarrizkoan planteatu dugula mugimendu feministarentzat oso konplexua den gai bat. Uste dut balio dezakeela mugimendu feministak dituen aldarrikapenetara, egiten dituen hausnarketa sakon horietara, pixka bat iristeko. Asko idatzi da zaintzaren inguruan, ekonomialari feminista askok urteak daramatzate honen inguruan idazten. Egin dugun ariketa, beraz, izan da hau guztia murtxikatzea, ea hobeto ulertarazteko gai garen.

Ainara SANTAMARIA: Eta euskaraz. Zeren, egia da honen inguruko erreferentzia gehienak erdaraz direla eta guretzako garrantzitsua da zaintzaren inguruan euskaraz aritzea.

Logika kapitalistak erabateko autonomiaren ideia txertatu du indibiduoengan, eta zuek ideia hori desagerrarazi behar dela diozue. Mendekotasuna unibertsala dela onartzea da zaintza sistema aldatzeko abiapuntua?

A.S.: Abiapuntua? Helburua! Hori lortuko bagenu asko litzateke [barrez]. Argi geneukan zaintzari buruz hitz egiteko zaurgarritasunaren ideiatik abiatu nahi genuela, zeren, gure ustez, horrek ezartzen du markoa: denok gara zaurgarri eta autonomiaren ideia hori falazia bat da. Mendekotasuna geure egingo bagenu, fikzio batzuk eroriko lirateke eta gure mundu ikuskera asko aldatuko litzateke, elkarrekiko mendekotasunetik hasiko ginatekeelako harremantzen. Lana eta enpleguaren arteko banaketa ezabatuko litzateke, genero sistema bera ere auzitan jarriko litzateke... halako fikzio handi batzuen eraistea ekarriko luke zaurgarritasuna gure ezinbesteko ezaugarri moduan onartzeak.

«Gailentzen da banaketa bat, zaintzak behar ez dituzten eta behar dituzten pertsonen artean, eta zaurgarritasuna onartzeak hori desmuntatzen du»

M.A.: Elkarrekiko mendekotasunaren eta eko-mendekotasunaren ideiak barneratzeko eta gorpuzteko bide luzea geratzen zaigu. Ez dugu batere barneratu askotariko izakien arteko komunitate edo kate baten parte garela eta bakoitzari gertatzen zaigun horrek eragina duela besteengan eta gure lurraldeetan. Hau gorpuzteko bidea gelditzen zaigula uste dut, baina indartsua iruditzen zait mendekotasunaren ideia ez lotzea istripu batekin edo hemendik urte batzuetara gertatuko zaigun zerbaitekin. Zeren, bestela, gailentzen da banaketa bat, zaintzak behar ez dituzten eta behar dituzten pertsonen artean, eta zaurgarritasuna onartzeak hori desmuntatzen du. Eta desmuntatzen du bizitza batzuek besteek baino gehiago balio dutela dioen ideia.

Pentsaera aldaketa horrek, aldi berean, kolektibotasunaren beharra azaleratzen du.

M.A.: Zalantzarik gabe. Gaur egun, pentsatzen dugu zaintzak era pribatuan konpondu behar ditugula; hala pentsatzen dugu eta hala jarduten dugu. Hala jarduten dute, baita, gizarte zerbitzuek eta administrazio publikoak, esanez: ‘zu bakarrik ez bazara moldatzen, jo dezakezu gizarte zerbitzuetara eta emango dizugu laguntza bat’. Horrela funtzionatzen dugu zaintza intentsiboekin edo iraupen luzeko zaintzekin. Etxean, familian, gertatzen den hori, badirudi bakoitzarena dela. Feminismoan urteak daramagu esaten hori eraikuntza bat dela, beste fikzio bat dela eta, hain justu, etxeetan eta familietan gertatzen den horrek guztiak politikotik asko duela. Kolektibizatzearen ideia, beraz, norabide horretan doa, salatzeko gaur zer konponbide proposatzen zaizkigun eta elkar zaintza aldarrikatzeko.

A.S.: Sarritan, zaintzea guk geuk erabakitzeak edo guk geuk erabaki dugula pentsatzeak badirudi hautua feminista bihurtzen duela, baina gure erabakiak zenbateraino dira gureak, eta ez bideratuak? Honen inguruan hausnartzeko asko daukagu.

Gizonen inplikazioan lortu da aurrerapenik?

A.S.: Egia da gaur egun ikusten direla erreferentziazko gizonak, zaintza lanak egiten dituztenak, baina salbuespena dira oraindik. Horregatik saritzen dira hainbeste guretzat hain ohikoak diren zaintza lanak egiteagatik, azpimarratzen da zaintza lanak egiten dituztela eta zer ondo egiten duten. Baina, guretzat, eguneroko ogia da. Absentzia handia dago gizonezkoen eta erakunde publikoen aldetik, zaintza lanak emakumeen gain daude. Badator zaintza beharrei erantzuteko erronka handi bat, eta emakumeak bakarrik ez gara iritsiko, orain antolatuta gauden moduan jarraitzen badugu ez dugu lortuko.

M.A.: Zaintzak gure gain egoteak ez du soilik esan nahi lan batzuetaz arduratzen garela. Harreman asimetrikoak eta emakumeok desjabetzen gaituen mekanismo pila bat daude. Hori mantentzen da, ez da aldatu. Aldatu dena da batzuk aurrerapauso batzuk egin dituztela eta beste batzuk, borroka asko egin ostean, atzera egiten ari garela edo gure espektatibak aldatu direla. Baina harreman hori, gizon eta emakumeen arteko esplotazio harremana, ez da errotik aldatu. Horregatik esaten dugu hori aldatu bitartean ezin dugula hitz egin beste zaintza eredu bati buruz.

«Absentzia handia dago gizonezkoen eta erakunde publikoen aldetik, zaintza lanak emakumeen gain daude»

A.S.: Zaintza lan batzuei dagokienez, oraindik genero banaketa handiak daude. Adibidez, karga mentalarena, guztiz feminizatuta dagoen kontua da. Edo, haurren hezieran, eta hau asko landu da aitatasun feministetatik, ikusten da zaintza lan ‘atseginetaz’ arduratzen direla, baina pardelak aldatzen dituzten gizonak ez dira hainbeste.

M.A.: Oso kuriosoa da, zeren badirudi denok daukagula egoera aldatzen ari denaren pertzepzioa, baina datuetara jotzen badugu, begiratzen baditugu eszedentziak, baimenak, soldatapeko laneko orduak, soldaten ordainak, zaintzetan pasatzen dugun denbora... absentzia oso agerikoa da.

Miren Aranguren eta Ainara Santamaria, ‘Ez dadin bizitza eten’ lanare egileak Monika Mendiberrirekin batera. (Jon URBE/FOKU)
Miren Aranguren eta Ainara Santamaria, ‘Ez dadin bizitza eten’ lanare egileak Monika Mendiberrirekin batera. (Jon URBE/FOKU)

Euskal Herrian, zaintzak salbuespen logikaz banatzen direla esaten duzue, eta eredu asistentziala dugula. Zer esan nahi du honek?

M.A.: Logika honakoa da: gutxi batzuek izango dute premia zaintza intentsiboei aurre egiteko zerbitzu batzuk jasotzeko eta, orduan, jarriko ditugu laguntza batzuk salbuespen horiek betetzeko. Gainontzean, logika horrek ulertzen du zaintza intentsiboetaz arduratuko direla emakumeak eta familiak. Zer gertatzen da? Gero eta jende gehiago gara edo urte gehiago bizi gara, eta emakume batzuk ‘armada’ horretatik kanpo gelditzeko hautua egiten dugu, beraz, beharrak asko areagotzen ari dira. Baina gizarte zerbitzuek logika asistentzial berdinean jarraitzen dute; alegia, zaintza beharrak salbuespen gisa artatzen. Hau guztia oso desberdina izango litzateke zaintza eskubide gisa aitortuko balitz. Onartuko litzateke zaintza beharrak ez direla salbuespena, baizik denoi geratu dakigukeen zerbait. Eta, ondorioz, inbertsio publikoa maila horretara egokitu beharko litzateke.

A.S.: Gainera, arreta eredua asistentzialismo horrekin lotuta dago. Gaur egun, laguntza behar duen pertsona guztiz infantilizatzen da eta agentzia ebazten zaio; bere iritzia, bere erabakia, bere hitza, non geratzen da? Zaintza beharrak dituzten pertsonen autonomia, erabakiak eta espazioak errespetatzeak ere garrantzia handia dauka proposatzen den eredu aldaketan.

Zaintzaren desfamiliarizazio prozesu bat bizitzen ari gara Euskal Herrian, diozuenez. Horrek egungo sistemari arrakalak sortzen dizkio?

M.A.: Bai, baina arrakala hori ari gara betetzen etxeko langileen kontratazioarekin. Larria da hori.

A.S.: Desfamiliarizazio prozesu horri azpikontratazioen bidez ari gara erantzuten. Ez gara ari, agian, erakunde publikoak hartu beharko lukeen pisu hori behar beste azpimarratzen, zeren erakunde publikoen ez egite hori azpikontratazioen bermea da, jendeak erantzun behar dielako dituen zaintza beharrei. Eta sortzen dira genero arrakalak, klase arrakalak, pribilegioen eskailerak asko nabarmentzen dira.

M.A.: Ari gara patata bero hori pasatzen oso zaurgarria den talde bati: migrazio prozesuetan murgildutan daudenei, arrazializatutako pertsonei. Atzerritartasun Legea daukagu, guztia katramilatzen duena, modu perbertsoan jokatzen duena. Lehen lerroan beraiek daude, gure etxeetan sekulako lanak egiten ari diren emakume horiek guztiak, eta ez dago aitortzarik, ez dago eskubiderik eta ez dago aldatzeko borondaterik.

Orain, EAJk dio zaintza eredu «publiko, eraldatzaile, feminista eta komunitarioa» defendatzen duela. Zer dago diskurtso hauen atzean?

M.A.: Batetik, hauteskunde kanpaina. Bestetik, apropiazioa. Ez da kasualitatea mugimendu feministak hitz egiten duenean sistema publiko-komunitario bati buruz eta greba feminista orokor bati buruz, hain justu, EAJk esatea eredu publiko, eraldatzaile, feminista eta komunitarioa sustatzen duela. Hori izan daiteke irakurketa bat, baina beste irakurketa izan daiteke ez zaiola beste aukerarik gelditzen, honi buruz ere hitz egin behar duela. Hori, nik uste, mugimendu feministaren borrokari esker izan da. Kontua da EAJren ‘eraldatzailearen’ ulerkerak ez duela zerikusirik mugimendu feministaren ulerkerarekin, berdin gertatzen da ‘feminista’-rekin, berdin ‘komunitarioa’-rekin, eta berdin ‘zaintza’-rekin. Norabide oso desberdinetan goaz, horregatik uste dut oso garrantzitsua dela pedagogia egitea eta hau guztia errotikako eraldaketa batean kokatzea.

Kolapsorako osagaiak lapikoan daude. Egoeraren urgentziak piztu du azaroaren 30eko greba deialdia?

A.S.: Mugimendu feministak greba prozesuaren hasieratik aipatu du ikuspegi bikoitza izan behar dela: epe luzeko ikuspegia eta urgentziei erantzuteko beharra. Zentzu horretan, greba pausu bat gehiago da, inondik inora azkena, ezta lehenengoa ere.

«Zaintza eskubide gisa aitortuko balitz, onartuko litzateke zaintza beharrak ez direla salbuespena, baizik denoi geratu dakigukeen zerbait»

Hortaz, grebaren ostean zer?

A.S.: Grebaren ostean eztabaida indartsuago egongo dela espero dut. Eta espero dut erakunde publikoek dagozkien ardurak hartuko dituztela. Egia da komunitate mailan eta mugimendu feministan badabilela honen inguruko kontzientzia zabaltzen, baina tokiko administrazioetan dago, nire ustez, honi erantzuteko aukera eta erronka.

M.A.: Indar metaketa bat egiten ari gara hau guztia borrokatzeko. Espero dut baldintza hobeak izango ditugula hainbat gauza negoziatzeko, aldatzeko eta desio dugun eredu horretara gerturatzeko.