Natura gizatiarrena eta politikaren B aldea, Irun Hiriko Kutxa literatura sarietan
Jon Gerediagaren ‘Zeru-lurren liburua’, poesian, eta Xabi Lasaren ‘Ura ez baita beti gardena’, narratiban, dira Irun Hiriko Kutxa literatura sarituak. Poesia lanak naturak gizakiaren minak arintzeko duen doaia du hizpide; Nafarroako politikaren alde ilunenera garamatzan thrillera da beste saritua.
Donostiako Tabakalerak hartu du Irun Hiriko Kutxa literatura sarien banaketa. Jon Gerediagaren ‘Zeru-lurren liburua’ eta Xabi Lasaren ‘Ura ez baita beti gardena’ dira lan sarituak, hurrenez hurren, poesian eta narratiban.
Lasaren lanaren aurkezpenak Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek egin ditu. Editorearen hitzetan, Berriozarrekoaren lehen fizkiozko lan literario hau –aurretik bi saiakera lan ditu idatziak– «misteriozko nobela on bat» da, bere osagai guztiekin: «Badako krimena, odola eta hilketak, interes ekonomikoengatik egiten diren delituak daude, badaude biktimak eta gaizkoak, baina ez dakigu nor den gaizto nagusia». Lasaren eleberriak ohikoak ez diren bi ezaugarri ere badituela nabarmendu du, batetik narrazioa Nafarroako Erriberan kokatu izana, «oso nobela gutxi baitaude han kokatuak; hango idiosinkrasia, ekonomia, hango jendea, baratzeak eta ura daude». Bigarrenik, politikak eleberrian hartzen duen pisua, kontakizunak «trikimailuak, partidoen arteko joko eta zikinkeriak» ere bai baititu.
Hitza hartuta, «zerbait idatzi duen irakurle» gisa deskribatu du bere burua Lasak, nobela beltzak «errealitatearen kontrapuntu gisa, ebaditzeko» balio diola nabarmenduz. Politikan izan duen ibilbideaz jardun da, hamasei urte eginak baititu instituzioetan, lehenik Beriozarreko alkate modura NaBai taldearekin, eta gero Nafarroako parlamentuan eta administrazioan, toki administrazioko zuzendari bezala, 1015-2019 aldian. Beretzat, idazteak «zentzu terapeutikoa» izan duela nabarmendu du: «Politikarekin nazkatuta, edo sobera asetuta, geratu naiz, aldendu beharra nuen. Baina politikaz zer pentsatzen dudan ere esan beharra neukan, eta hori ezin da saiakera batekin egin», iritzi du.
Fikzioa bada errealitatea azaleratzeko modu bat, eta hauspo horri eraginez Erriberako Lurribar herri fiktizioan uraren inguruan sortzen den gatazka baten bidez aireratzen ditu bere iritziak autoreak: «Asko kezkatzen nauen gaia da ura, nik uste etorkizuneko altxorra dela. Egun, munduan gerrak daude urarengatik eta Nafarroan ere inportantea izanen da etorkizunean», ziurtatu du. Sara da eleberriko protagonista, funtzionario postua eskuratu berri duen ingeniari gaztea, eta haren eskutik ezagutuko ditu irakurleak politikaren alde ilunenaren barrunbeak: «Nafarroako botere faktikoak agertzen dira. Alderdiak ez ditut jarri beren siglekin, baina berehala sumatzen da zein den alderdi bakoitza, baita agertzen diren egunkariak ere, eta nola jokatzen duten. Agertzen dira iruzur informatiboak eta alderdien arteko konponketak; nik halako esperientziak ezagutu ditut», berretsi du.
Erriberako nekazariek administrazioarekin duten gatazka da eleberriaren muina, eta bukaera «erabat irekia» dagoela aurreratu du, «asmoa bai baita segitzea».
Natura, sendagai gisa
Poesiaren alorrean Irun Hiria Kutxa literatura saria eskuratu duena Jon Gerediagaren ‘Zeru-lurren liburua’ da, Antxiñe Mendizabal Elkarreko ordezkariaren hitzetan, «naturaren behaketatik abiatzen den hausnarketa poetikoa». Epaimahaiaren hitzak bere eginda, irakurleak liburuan «naturaren irakaspenak jasotzen dituen poesia» aurkituko duela azaleratu du, baita «edertasun handiko liburua» dela eta, «edertasunari eskutik helduta, gizakia bere minari aurrez aurre jarrita» aurkezten digula ere. «Jonen begietan, gizakiaren zaindaria da natura; gizaki zaurituentzat, berak esaten duen bezala, aterpe bat da», argitu du.
Gerediagaren lanak organikotik asko duela ere nabamendu du, naturako elementuek leku berezia betetzen baitute liburuan.
Gerediaga poesiaren balioaz jardun da, bere iritzian, «eguneroko errekadoak egiteko eta norabidea zein den jakiteko vita contemplativa horren parte» izan behar duelako gizakiak, «burua altxatu eta ‘hori da bidea’ esateko gauza izan behar du». Eta poesiak eskaintzen duen aldarte eta abiadura hori garrantzizkotzat jotzen du bizitza kontenplatibo horretan parte hartu ahal izateko.
Liburua zaurituei eskainia dagoela ere aipatu du. «Poema bat idazten dudanean nire zauri eta minak ahaztu egiten ditut; izan daiteke poesia minak baretzeko modu bat, sendagaia», jarri du balioan, eta hitz poetikoak inguratzen gaituen munduari «izen egokiak» ematea lortzen duenean «anabasa ordenatu» eta mundua «etxekotu» egiten duela iritzi du. «Gauza, emozio, aldarte bakoitzari bere izena emateak ekartzen du munstroak etxekotzea; poesiak lortuko badu hitz egokiak bilatzea, munduan etxean bezala sentitzen gara», ziurtatu du.