INFO

EH Bilduk Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du, oinarriek Mahaiaren proposamena berretsita

EH Bilduren oinarriek berretsi egin dute Mahai Politikoak EAEko Hezkuntza Legearen aurka bozkatzeko eginiko proposamena: %95,74ak babestu du zuzendaritzaren proposamena.

Ikoitz Arrese, EH Bilduko Hezkuntza idazkaria. (Endika PORTILLO | FOKU)

EAJk eta PSEk adostutako Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, azken ezustekorik ezean, bere oinarriek Mahai Politikoaren proposamena babestu ondoren. 

Astelehen arratsaldean egin zuen koalizioak batzarra bere oinarriekin, eta bertan azaldu zizkien ezezko botoa emateko arrazoiak eta Legebiltzarrean legearen tramitazioa nolakoa izan den. Horren ondoren, bilkideek bozkatu ahal izan zuten, astelehenean hasi eta astearte honetako 19.00ak arte. 

Koalizioak ohar batean jakinarazi duenez, Mahai Politikoaren proposamena bilkideen %95,74k babestu du eta %3,01ek aurka egin du. %1,24k boto zuria eman du. Botoa emateko eskubidea zeukaten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bilkideen %41,2k hartu du parte bozketan.

Horrenbestez, eta oinarriek zuzendaritzaren proposamena babestuta, EH Bilduk Lakuako Gobernuko bi kideek adostutako Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du.

 

 

Koalizio subiranistak legearen aurka bozkatzeko eman zuen arrazoietako bat izan da legea tramitatu bitartean «bertan behera» utzi direla «Hezkuntza Akordioan gehiengo parlamentario zabalak adostutako oinarrizko printzipioak». 

Arnaldo Otegi koordinatzaile orokorrak gaur goizean bertan kritikatu egin du Hezkuntza Legea «korrika eta presaka» onartuko dela EAJ eta PSEren botoekin soilik, «jardunean dagoen Gobernu batekin» eta «datozen hauteskundeetan egongo ez den lehendakari batekin». Jeltzaleei leporatu die PSEren aurrean «makurtzea» eta ohartarazi du legeak aldatu egin daitezkeela, eta «aldatu egingo direla».

Asteazken honetan, Hezkuntza Batzordean

Legea onartzeko lehen urratsa atzo egin zuten Gasteizko Legebiltzarrean, Hezkuntza Legearen lantalderen txostena onetsita. Testuan ez zen aldaketarik egin, egun indarrean dauden hizkuntza ereduei eutsita. 

Asteazken honetan, berriz, Parlamentuko Hezkuntza Batzordean lege-proiektuaren irizpena eztabaidatu eta onartukoa da, 15.30etik aurrera. 

Horren ondoren, osoko bilkuran bozkatu beharko da legea, abenduaren 21ean.